Bota duenaren aurka itzuliko den harria

  • Angela Murillok  Bateragune auziko epaimahaiburu izango zela iragarri zenean, askok pentsatu zuten ez zela batere datu ona epaiketaren emaitzetarako. Ez, berez, Auzitegi Nazionalean konfiantzarik dagoelako, baizik eta Murillok dagoeneko askotan erakutsia zuelako bere jarrera hainbat epaiketetan. Horren erakuslerik argiena zen Auzitegi Gorenak berak ere Arnaldo Otegiren Gatza auziko zigorra baliogabetu zuela Murilloren inpartzialtasunagatik.

Angela Murillo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea

Baina Bateragune-ko ahozko auziak aurrera egin ahala Murillo eta epaimahaiarekiko beldur horiek biziki baretu ziren, behintzat iritzi publikoari dagokionez. Epaiketan gauza asko azaleratu ziren, nagusiki auziperatuen pentsamoldeaz eta baita hauek azken urteetan egindako lan politikoaz ere. Auzipetuek argiki azaldu zuten ezker abertzalearen baitan izandako lehia eta nola irabazi zuten lehia hori. Areago, bazirudien ezker abertzaleko sektore irabazle hori epaiketa bera erabiltzen ari zela bai zigorra saihesteko –normala den gisan–, bai barne eztabaida  erabat finikitatzeko eta lehia horren kontaketa molde bat sozializatzeko.

Horregatik guztiagatik, eta epaiketan zehar fiskaltzaren tesia eta frogak hain ahulak agertu zirelako, euskal gizartean bazen absoluziorako esperantzarik. Horretarako baziren arrazoi juridiko ugari, baina nagusiki bazen garai berri batekiko kontzientzia sakon eta indartsua, eta uste zen garai bateko “dena da ETA” baldar hark ezin zuela normalizazio politikoaren prozesua zangotrabatu. Gainera, nahiz eta jakin Auzitegi Nazionalean edozer gerta daitekeela, baziren absoluzioaren tesi hauek indartzen zituzten aurrekari sendoak, esate batera, Egunkaria auzia edo Udalbiltza auzia. Hori guztia, zelanbait bazegoen euskal gizartearen iritzi kolektiboaren zati handi batean.

Eta horrexegatik, Bateragune auziko harrizko epai honek aspaldi ez moduan kolpatu du euskal gizartearen kontzientzia kolektiboa. Patxi Lopez lehendakaria epai hau euskal gizartean ez dela ulertzen esatera behartzeraino. Datozen aste eta hilabeteetan eskua erreko dion epaia izango da hau lehendakariarentzat, epai hau bakearen aurkako neurri gisa eta, funtsean, Estatu inposaketaren agerle esanguratsu moduan ikusten delako. Espainiako Estatuaren botere banaketaren eta epaiak onartu beharraren diskurtsoa ahula da euskal gizartean, baina Murillok gidatutako epai honek txikitu egin du ikuspegi hori, Jose Yoldik El Paíseko bere blogean iradokitzen duen moduan, erabaki hau sumarioko frogetatik baino epaimahaiaren erraietatik ateratzen delako.

Autoa beldurgarria da. Esaten du ezin dela frogatu Bateragune izeneko talderik izan zela, baina bai ordea auziperatuak ETAren aginduetara ari zirela, batzuk ETAko buruzagi gisa –Otegi eta Diez– eta beste batzuk hauen aginduetara –Zabaleta, Jacinto eta  Rodriguez–. Eta frogak? Froga argirik ez dagoela dio epaimahaiak, baina adierazle ugari bai eta hauek nahiko indar dutela zigorra justifikatzeko. Zein adierazle? Iparraldean aritu zirela bilerak egiten eta jardun hori era gordean egiten zutela. ETAren agirietakoa betetzen zela, gero, ezker abertzaleko agirietan –funtsean metaketa soberanistarena–. ETAren hainbat agirietan eta auziperatuek jorratutako beste hainbatetan antzeko terminologia dagoela. ETA ez zutela gaitzesten eta bere desagerpena argi eta garbi eskatu ere ez...

Eta harrigarriena, auzipetuek borroka armatuaren aurka daudela publikoki adieraztea eta ETA sobran dagoela esatea zigorra saihesteko trikimailu bat besterik ez dela. Eta arriskutsuena (autoaren 37 eta 38. orrialdeetan), auzipetuek adierazpen askatasuna eta jarduera politikorako eskubideak gainditu zituztela beren jardunarekin, eta jardun horrekin beraiekin bat datozen eta antzeko ideiak dituzten beste erakunde batzuen jarduera biolentoa ahalbideratu eta babestu dutela.

Funtsean, datozen asteetan aktualitate politikoan egongo den gaia aurreratu du sententziak: ea Bildu azaroaren 20ko hauteskundeetan egon litekeen ala ez. Eta epaiaren muinak dio ezetz, Bildu, azken finean, ETAk metaketa soberanistarako asmatutako tresna bat dela. Ea zer dioen fiskaltzak Bildu-Aralarrek aurkeztuko duten hautagaitzaz, baina oso posible da maiatzean Bilduren legeztatzean bizi izandako kapitulu haiek guztiak orain berriz errepikatzea.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude