Beñat Fuentes mungiarrak eta Xujun txinatarrak jende askoren arreta berenganatu dute Txinan, pop-rock dantzagarria oinarri hartuta hainbat estilotara zabalduz. The Tree du izena taldeak eta ekainean argitaratu dute lehen diskoa. Irailean ekialderako bidea berriz hartu aurretik gitarra jotzaile gaztea Euskal Herrian dela probestuz, harengana hurbildu gara.
Historia entzun eta ezin saihestu Hertzainaken esaldi jada topiko samar hartaz akordatzea: “Euskadin rock and rollak ez du inoiz dirurik emanen”. Gehienei ez baitie sos handirik ematen; ez gutxienez musikari esker bizitzeko. Beñat Fuentesek hainbat taldetan jo du azken urteotan, Póg Mo Thón-en rock metalerotik Akustika-ren ildo esperimentalera; eta musika egin bitartean, Fisika ikasitakoa eta hiztegigintzan lan egindakoa da. Horraino, dena normal. Kontua da, momentu batean orientazio berri baten premia sentitzen duela, kanpora joateko beharra, apustu berriak egiteko grina. Eta Txinara abiatzen da, hizkuntza ikasteko asmoarekin, baina gitarra, badaezpada, beti aldean. Sos batzuk ateratzeko ezkontzetan-eta musika jotzen hasiko da; gero artista txinatar batek berarekin kolaboratzeko eskatuko dio eta –gauzak horrela pasatzen dira, ustekabean– jaialdi unibertsitario batean aritu ondoren Xujun hurbilduko zaio, zerbait elkarrekin egiteko proposamenarekin.
“Ez genuen talde moduan ikusi, hasieran proiektu bat zen. Soinu-bandak egiten genituen, kolaborazioak artista pila bategaz, galeria bateko musika… kontzertu budista bat ere idatzi genuen”. Sustrai horietatik joango da arbola garaiera hartzen: The Tree sortuko da, bi kideko talde euskal-txinatarra, aurtengo ekainean izen bereko CDa kaleratu duena. Disko eklektiko samarra da, lehenengo abestitik (Bye, bye, bye) iragartzen du etorriko dena: erritmo errepikakorrak pop-rock dantzagarriaren norabidean jartzen du entzulea, baina erdira iritsita, atmosfera dentsoagoetan sartzen da, mantsotu egiten da, erreflexiboago bihurtzen, amaieran ostera eztanda egiteko. Koktel osoa dago antzeko osagaiekin egina: gorputza mugitzera gonbidatzen duten abestiak, AEBetako folkaren eta post-rockaren aztarnekin, konbinazioa larregi behartu gabe. Ahots-melodia malenkoniatsuak kontrastea egiten du moldaketa argiagoekin eta horrek badu zerikusia taldekideen izaerarekin. “Han egin dizkiguten elkarrizketa guztietan Xujunek esan du bera dela baikorra eta neu ezkorra; eta kanta askotan igartzen dela hori”. Baina Fuentes ez dago erabat ados lagunaren definizioarekin: “Berak ‘ezkorra’ esaten du, beti nagoelako… zelan esan…” –segundo batzuk behar ditu hitz zehatzarekin jotzeko– “existentzialista, uste dut hori dela berba. Eta berak hori ezkortasunarekin lotzen du. Interpretatzeko era bat da”.
Halakoak gehiagotan ere pasako zaizkielakoan dator galdera: ea nola gobernatzen dituzten txinatarrak eta euskaldunak diferentzia kultural horiek. Erantzuna: ez dutela hainbesteko garrantzirik, batzen dituena handiagoa denean. Fuentesek azaldu duenez, taldea sortu baino lehen, aurretik bakoitzak egindako musika pasa zioten elkarri. Xujun muturreko metala jotakoa zen, baina azkenaldian Sigur Ros-en tankerako musikarekin ari zen. “Ikusi nuen hain gauza diferenteak egin zituela eta pentsatu nuen: ‘Neuk be berdin egin dut, gauza berri bat egin behar badut, aurrekoarekin zerikusirik ez edukitzen saiatzen naiz’. Eta akaso horrek eroan gaitu proiektu honetara, nahiz eta gure arteko ezberdintasunak handiak izan, bai kulturalak, bai bestelakoak”.
Kantetako hitz gehienak ingelesez dira, baina bada euskarazko bat ere (Venus dago ederren), eta txinerazko esaldiak zenbait kantatan. Taldea osatu aurretik elkarrekin egin zituzten proiektuetan hasi ziren ingelesez, enkarguz egindako musiketan horrela eskatu zietelako. Ildo horri eutsi diote diskoa prestatzen hastean, asko eztabaidatu ondoren. Xujunentzat, ez baitu hizkuntza ezagutzen, konplikatua da. Orduak entseatzen. Eta euskarazko kanta egiteko, beste hainbeste. Gainera –hau kontatzeko modukoa da– berak eskatu zion Fuentesi Venus dago ederreneko hitzak bizkaieraz idazteko.
Ohitzen ari gara partaide gutxi dituzten taldeetara; are, kide bakarrekoetara. Mursego edo Argazki Bat Behelainoan bezalakoen emaitzek erakusten dute, loop-ak egoki erabilita, irudimenarekin eta teknologia lagun, asko egin daitekeela –eta ondo– jende gutxi izan arren. Berdin The Treerekin: bi kide eta instrumentu asko jotzeko. “Apustua izan da, ea bi lagunek nola egin genezakeen talde itxura edukitzeko. Pedal asko erabiltzen ditugu, Xujunek kanta askotan jotzen du bateria eta neuk be erabiltzen dut bonboak disparatzeko pedala”.
Zortzi pistako grabagailu batekin erregistratu dute disko osoa. Txinarako hegazkina hartzean maletan sartu zuen Fuentesek; beti eraman izan du gainean, doinuren bat buruan edukiz gero, berehala gorde ahal izateko. Azkenean hori baino zuku gehiago atera dio ordea. Taldean hasi, kantak egin eta diskoa grabatzea buruan harturik, estudio batera joatea izango zen hurrengo urratsa. Managerrak erakutsi ere egin zien, non grabatuko zuten. “Estudio ona zen” aitortu du; “baina esan genion: ‘Bale, erabiliko dugu zure estudioa, baina grabatu beharrean gaur egungo teknologiagaz, zortzi pistako honegaz egingo dugu’. Eta ez zen arazorik egon”. Musikan erromantizismoa galdu dela uste du Fuentesek, ordenagailuek “artifiziala” bihurtu dutela nola grabazioa, hala entzuteko modua. “Eta gainera, askotan entzuten duzuna ez da benetako taldea. Ordenagailuak %70eko pisua dauka. Lehen ere teknikaria oso inportantea zen, baina taldeak berak nortasuna zeukan. Gaur egun ordenagailuagaz dena egiten duzu”.
Aukeratu zuten ba, eta ez dira damutu, baina prozesua zaildu egin du tresneriaren bereziak. Sei edo zazpi minutuko kantak egiten dituen talde batentzat, pieza bakoitza akatsik gabe jo beharra neketsua baita; zerbait oker grabatzen den bakoitzean, kanta osoa hasieratik jo behar berriz ere; eta batzuetan “copy -paste” miragarria faltan botatzen da. Baina ideia bat jarri zuten horren guztiaren gainetik: “Onak edo txarrak, baina guk benetan zer jotzen dugun erakutsi gura genuen”.
Eta atera bezain pronto, sekula eztako oihartzuna: Xiami.com atarian –Txinako musika webgunerik handienean– zeresan franko emango du The Treek; beraien kantek egunero milaka entzunaldi izango dituzte; eta herrialde osoa zeharkatuko duen bira abiatuko dute. Garrantzia kendu nahi dio Fuentesek, dena den. Ez direla famatuak han, ezta hurrik eman ere. Momentu onean harrapatu dituela, ez besterik; Txinan ez daudela talde gehiegi biztanleriaren proportzioak kontuan hartuz gero; eta entzuleak aldiz, badaudela. “Hangzhou-n adibidez, talde pila bat daude, baina hasten zara konparatzen eta… Bilbon baino gehiago ez”. Eta hori, kontuan izanda hiriak sei milioi biztanle dauzkala, bada datu interesgarria.
Zenbaki gehiago: “Hasten zara konparatzen eta, hemen noren kanta entzuten da egunean 55.000 aldiz? Inorena be ez. Inposiblea da, ez dagoelako jenderik. Baina Txinako internautak, AEBetako biztanleak baino gehiago dira”. Zehazki, 145 milioi lagun gehiago, 2011n 457 milioi lagunek erabiltzen baitute Internet herrialdean. AEBek 312 milioi biztanle dituzte, Wikipediak dioskunez. Handia dela Txina gero. “Neuri be kosta egiten zait jabetzea oraindik. Ezin da”.
Urrun daude horiek denak Mungiatik. Hizketan ari garen bitartean lagunak eta ezagunak hurbiltzen zaizkio Beñati, zer moduz, noiz zoaz hara berriz, a, elkarrizketa bat, barkatu, gero hitz egingo dugu. Irail hasieran itzuliko da Txinara, han ereindako arbola musikalari kimu berriak nola jaiotzen zaizkion ikustera. Hona ere fruituek iristen segitzen badute, ez da albiste txarra izango.
Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.
IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.
21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?
Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]
Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.
Nafarroako espetxean dauden pertsonen bizi baldintzak aztertu ditu elkarteak. Ondorioztatu du Nafarroako Gobernua kartzelaren kudeaketaz arduratu beharko litzatekeela.
Berrehun lagun hurbildu dira Baztango Osasun Plataformak deituriko elkarretaratzera eta bizikleta martxara.
Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]
Laboral Kutxa Katedrak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute Arte eta Zientziaren I. lehiaketa (webgunea euskaraz ere badago, baina oso trakets). Artea, zientzia eta pentsamendu kritikoa uztartzen dituzten proiektuak nahi zituzten, eta zenbait aurkeztu... [+]
Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen... [+]