Teoria eta praktika. Zenbatetan elkarrekin! Ekimen interesgarriak garatzeko nahitaezkoak omen dira biak. Baina esateak bakarrik ez du balio. Bi plano hauek giro zaindua behar dute protagonismo orekatuan elkarrekin joateko. Eta aldeko giroa sortzen da bi norabideko errekonozimendu zintzoa (premiatik datorrena) dagoenean. Maxima hau egiaz jarraitzen duen ekintzaile zein pentsalari gutxi dago. Beraz, desorekak sortzen dira ametsak egikaritzean. Gogoeta hau ilustratzeko, adibide bat ekarri nahi dut, irudi bat. Desoreka, pasarte honetan, teorikoaren aldera joan da:
“Imajinatu amets batekin dar-dar egin duen ekintzaile bat. Gainera ideia hori gauzatzeko prest dago eta katiuskak jartzen ditu horretarako. Errealitatearen gainean ilusioa eraikitzeko daukan materia bakarra lokatza da. Erabaki du lupetzarekin ez duela edozer egingo, eta edozelan ere ez. Horregatik jantzi ditu katiuska laburrak, belaunetik beherakoak. Lupetzetan dabilenean tentuz ibili beharko du eta, pasatzen bada, gainezka egingo dio lokatz umelak, galtzerdia bustiz. Berak orekarako neurriak hartu dituen arren, zuloaren gain-aldetik zorrotz begiratzen du ametsaren autoreak. Ez da giroa sortzeko jarrera ona, ametsa maite arren”.