Anaia Handien aita zientifikoa

Biosphere 2.
Biosphere 2.Arizonako Unibertsitatea

Oracle, Arizona (AEB), 1991ko irailaren 26a.  Zortzi zientzialari 1,27 hektareako ekosistema artifizial batean sartu ziren, eta, hala, Biosphere 2 proiektua martxan jarri zuten. Esperimentuak helburu hirukoitza zuen: ekosistemetako elkarreragin sare konplexuak ulertzea, espazioaren kolonizazioan biosfera itxiek izango luketen bideragarritasuna aztertzea eta, Lurrari kalterik eragin gabe, biosfera manipulatzea. 200 milioi dolarreko biosferak oihan zati bat, ozeano txiki bat, mangladia, sabana, desertua, labore lurrak eta giza habitat bat zituen. Hermetikoki itxita zegoen eta zientzialariek ezin zuten handik irten, biosferak kanpoko laguntzarik gabe funtzionatu behar baitzuen. Lehen misioan taldeak bi urte eman zituen egituraren barruan, eta bigarren misio bat ere abiatu zen 1994ko martxoan, hamar hilabete iraun behar zuena.

Hasieratik CO2 mailak ezohiko gorabeherak izan zituen eta oxigenoak nabarmen egin zuen behera; hasi eta hamasei hilabetera oxigeno portzentajea %14,5ekoa zen, gutxi gorabehera 4.000 metroko altueran izan ohi dena. Animalia espezie asko hil egin ziren, eta beste batzuk, inurriak esaterako, gehiegi ugaldu. Ekosistemaren oreka hautsita zegoen, eta gizakiei ere eragin zien horrek, nonbait.

Bigarren misioa hasi eta hilabetera lehen misioko bi kidek sabotaje ekintza burutu zuten, burbuilaren ate guztiak irekita. Eta orduan azaleratu ziren ia hasieratik zientzialarien artean izandako ika-mika eta ezinikusiak. Lehen misioan taldea bitan zatitu zen, lagun minak izandakoak etsai bihurtu ziren, eta elkarri arauak hautsi izana leporatzen hasi ziren. 

Time aldizkariak zioenez: “Datuen manipulazioak, jakiak ezkutatzeak eta kontrabandoak sinesgarritasuna hautsi du. Bi urteko autoaskitasun esperimentua 200 milioiko engainu bihurtu da”.

Porrot garestitzat jo izan den arren, Biosphere 2k ehunka zientzia-ikerlan ahalbidetu du. Hala ere, publikoaren interesa kideen eskandalu pertsonalek piztu zuten, ez lorpen zientifikoek. Handik urte gutxira hainbat pertsona espazio itxi batean sartzeko formulak arrakasta handia izango zuen telebistan, eta realityak Biosphere 2ko inurriak bezala ugalduko ziren.


ASTEKARIA
2011ko irailaren 04a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude