Abuzturako gure proposamenak

  • Maleta betetzen ari zara gonaz, galtzaz, alkandoraz, desodorantez, kamisetaz, kuleroz, galtzontziloz, hortzetako pastaz, sandaliaz, zapatilaz, galtzerdiz, eta bat-batean, irakurtzeko zer edo zer beharko duzula jabetuta, galdera batek asaldatzen zaitu: zer eraman? Aldizkari hau, noski, ez duzu bidaide txarra izango; baina zerbait gehiago ere beharko duzu abuztuko egunetan zure letra gosea asetzeko. Kontuan izan dugu, lasai: jarraian dituzu Argiako erredakzioak udan irakurtzeko gomendatzen dizkizun zenbait liburu.


2011ko uztailaren 31n

Janarien fabore  (Saiakera)

El detective en el supermercadoEl detective en el supermercado.
Michael Pollan.
Temas de Hoy.
286 orrialde.
17,5 euro.

Liburuak akats bakarra azalean dauka, editore artabururen batek In defense of Food gaztelaniaz El detective en el supermercado emanik. Hori ahaztuta, bigarren titulutik hasita (“Come bien sin dejarte engañar por la ciencia y la publicidad”) azkenekoa arteko orri guztiak ditu primerakoak. Michael Pollan kazetariak (The Omnivore’s Dilemma: A Natural History of Foru Meals…) paradoxa honi erantzun nahi dio: nola esplikatu elikaduraz eta dietez eta sanoki jateaz hain obsesionaturik (ortorexia) dagoen populazioa aldi berean hainbeste gaixotasunek jota egotea? Erantzuna: mendebaldeko elikadura estiloan gaur jakirik ez dagoelako, jakien lekua elikagaiek harturik. Gaztelaniaz esanda, “comida”-ren ordez “nutriente”-ak. XX. mendean industriak eta honen morrontzan zientziak indartu duten nutrizionismoaren (“ez da gai zientifikoa, ideologia baizik”) eraginez, gaur hipermerkatuetan jendeak otorduak prestatzeko erosten duen gehiena ez da jakia, elikagaia baino. Jaki osoetatik birfinduetara, janari konplexuetatik osagai sinpleetara, kalitatetik kantitatera, hostoak jatetik nagusiki haziak kontsumitzera, jatearen kulturatik elikagaien zientziara… XIX. mendetik industriak eta zientzialari motzegiek eragin diguten gainbeheraren urrats nagusiak deskribatu ditu Pollanek, historia ondo ezagutzen duen kazetariaren estilo gozoz. Ez jan zure amonak ezagutuko ez lukeen ezer, ez sinetsi elikagaien balizko ahalmenik, alde egin azkar hipermerkatutik…

Pello Zubiria

 

Haserretuak Berkeleyko campusean (Kronika)

La revuelta en BerleleyLa revuelta de Berkeley.
Hal Draper.
Anagrama.
194 orrialde.

Beti dago lehenago gertatu den zerbait. Adibidez, ikasle-mugimenduan: Bolognaren kontrako protesten aurretik LOUren kontrakoak. Edo, 68ko maiatzaren aurretik, Berkeleyko unibertsitateko (AEB) Free Speech Movement-a. Ikasleek campusa jarduera politikoetarako ere erabili ahal izatea eskatu zuten 1964-1965 ikasturtean eta alimaleko saltsa eragin: atxiloketak, istiluak eta gaur egun arte iraun duten mobilizazio-erritualak (eserialdiak, adibidez). AEBetan ez ezik, mundu osoan arrastoa utzi zuten gertaeren kronika egin zuen Hal Draper marxistak liburu honetan.

 

Gorka Bereziartua

 

Aita Agirrerekin berriketan (Saiakera)

Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-guneaLazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea.
J.M. Torrealdai.
Lazkaoko Beneditarren
fundazioa.
60 orr. 10 euro.

Aperitibo batean leitzeko moduko liburua da honakoa: laburra, bizia eta kolore askotakoa. Juan Jose Agirreren ahotik, Lazkaoko artxibo mitikoa nola sortu zuen eta barnean zein altxor gordetzen dituen ezagutzeko parada izango du irakurleak. Montserrateko liburutegi zaharrera bidaia, trantsizioan klandestinoki egindako bilketa lana, 2005eko guardia zibilen operazioa... Hori guztia, gainera, aldizkari eta dokumentuen irudi ugariz lagunduta. Gure oroimen politikoaren biltegi handienaren aurkezpen gutun efikaza da Torrealdairen lantxoa.

Urko Apaolaza

 

“Askatasuneranzko bidean Guardia Zibilak erahilda”  (Biografia)

Koldo ArriolaKoldo Arriola.
Imanol Oruemazaga.
Ondarroako Historiazaleak.
177 orrialde.
12,95 euro.

Koldo Arriola 1956an jaio zen. Ez zen jaio lez hil, hil egin baitzuten. 35 urteren ostean bere izenak titulua eman dio liburu bati. Koldo Arriolaren nerabe irudia ageri da azalean, beltza gorriaren gainean ageri ere. “Ondo lotutako hilketa baten istorio beltza bezain sakona” azpitituluak ondo baino hobeto jasotzen du Koldori jazotakoa.

Liburuaren egileak liburua ez dela berea esan ohi du, Koldoren lagunena baizik: “Ni testigantzak eta oroitzapenak jasotzeaz arduratu naiz” dio Oruemazagak.

Arriola herritar arrunta ei zen, politikan nahastu gabea. Bitxia da gure historia, istorio beltzak bezain sakonak biltzen dituena. Istorio beltzez osatua. Historia hau berau arrunta izaki. Arriolatarrak erregimenaren aldekoak ziren, frankisten aldean paratuak, halabeharrez edo hala nahiz. Nork bere zoria.

Bi bider hil ei zuten Koldo. Amak seme bakarraren hilketa salatu zuen –Guardia Zibilaren koartelean hil zuten–, eta salaketa bera ipintzeagatik Guardia Zibilak tribunaletara eraman zuen familia.

Jite frankistako familia tribunal faxistetara deitua, hara. Izan ere, erregimenekoa izanagatik, katolikoetan katolikoena izan arren, gaitza baita Guardia Zibil bati arma desarratu zitzaiola sinestea.

Bitxia da gure herriaren historia. Gorriaren gainean beltz, zuriaren gainean grisa. Zuri-beltzezko argazkiek ilustratzen dute liburua. Tristeak bezain ederrak. Honela dio Arriola sendiaren panteoiko oroitarriak: “Koldo Arriola. Askatasuneranzko bidean Guardia Zibilak erahilda. 1975ko maiatzak 24. Ez zaitugu inoiz ahaztuko. Zure gurasoak”.

Mikel Asurmendi

 

Demokrazia, paper zurian (Nobela)

Ensayo sobre la lucidezEnsayo sobre la lucidez.
José Saramago.
Punto de lectura.
500 orrialde.
10,99 euro.

Izena aipatzen ez den baina Portugal izan litekeen herrialde bateko biztanle gehienek hauteskundeetan boto zuria ematea erabaki dute. Sekula ez bezalako krisi instituzionala ate joka dago, eta horrek estatuaren benetako botereak iratzarriko ditu. Saramagok, eleberri bikain honetan, agerian utzi zituen partitokraziaren miseriak eta alderdirik ilunenak. Beti gomendagarri, Ensayo sobre la lucidez ia nahitaezko bihurtzen da, letra larriz idatzitako Haserrearen biharamunarekin hasi zitzaigun uda honetan.

Unai Brea

 

Heterosexualitateaz harago (Saiakera)

Desira desordenatuakDesira Desordenatuak
Batzuen artean.
Utriusque Vasconiae.
379 orrialde.
25 euro.

Heterosexualitateaz besteko sexualitateen inguruko irakurketak biltzea izan da liburu honen asmoa. Obra literarioak interpretatzeko bestelako betaurrekoak jantzi dituzte egileek eta gehien landutako esparrua  pertsonaia gay eta lesbianena izan da. Besteak beste, ondoko gaiak aurkituko ditu irakurleak: gay poesiaren antologia, Antzinateko Greziatik gaur egungo euskal poesiaraino; ahozko literatura, euskal eleberrigintza eta ipuingintza garaikidea begirada lesbikoarekin; eta Itxaro Bordaren “Gaiaren minean” artikulua.

Onintza Irureta Azkune

 

Iruditan ikusi dut (Nobela)

Océano marOcéano mar.
Alessandro Baricco.
Anagrama.
235 orrialde.
8,95 euro.

Itsasoa hasten den tokian dago Almayer ostatua. Eta bertan hainbat gizaki bakarti, itsasoak euren galderak erantzungo dituenaren esperantzan.

Irakurri ahala iruditan ikusi dut. Plasson jauna hondartzan dago, koadro bat margotzen. Pintzelaren trazak mihise zurian desagertzen dira lehortu orduko.
– Zergatik ekartzen dituzu kolore horiek guztiak, gero erabiltzeko kuraiarik ez baduzu?
    Kobrezko tazan pintzela busti, eta ezpainetan pausatzen dit Plassonek. Busti zapore bat nabari dut.
– Itsasoko ura! Gizon hau itsasoarekin ari da itsasoa marrazten.

Eneko Dorronsoro

 

Nazien kontzentrazio-eremutik Moncloara  (Autobiografia)

Federico Sánchez se despide de ustedesFederico Sánchez se despide de ustedes.
Jorge Semprún.
Tusquets.
320 orrialde.
8,95 euro.

Iragan ekainean hil berri den Jorge Semprún –edo Federico Sánchez, klandestinitateko izenean– 1988an izendatu zuen Espainiako kultura ministro Felipe Gonzálezek. Parisko bizilekutik Madrilera berriz, 1936ko gerran utzitako hiriburura. Iraganean ziren nazien aurkako erresistentzia, Buchenwaldeko kontzentrazio eremua, PCEko buruzagitza eta klandestinitateko garaiak. PSOEko gobernu haren itzulinguruan bere bizitza eta orduko Espainiako pasarte ugari aletzen ditu tinko eta joan etorriko idazkera aberats eta erakargarrian.

Xabier Letona

 

2.000 orrialdeko manga mitikoa  (Komikia)

AkiraAkira.
Katsuhiro Otomo.
Ediciones B.
2.000 orrialde.
65 euro (6 liburu).

Zientzia fikziozko komiki japoniar klasikoa da Akira. Jatorrizkoa zuri-beltzean marraztu zuen Katsuhiro Otomok duela ia 30 urte, eta bertsio berriago batzuek kolorea eman badiote ere, aurrenekoaren xarmak itzalpean uzten ditu. Gainera, koloreek ez dute aparteko ekarpenik egiten. Are gehiago, zuri-beltzeko marrazkien xehetasun batzuk galdu egiten dira, etxe-orratzez betetako paisaia apokaliptikoen kasuan bereziki.

2030. urtean, Neo Tokio hiria Joko Olinpikoak jasotzeko prestatzen ari da, 1992an Hirugarren Mundu Gerra piztu zuen ustezko bonba atomikoaren ondorio suntsitzaileak ahaztu nahian. Mehatxu beldurgarri batek, ordea, izua ekarri du. Akira esnatzear da eta bando desberdinak borrokarako prestatzen ari dira. Zientzia fikziozko manga da Akira, baina generoari mesfidantzaz begiratzen diogunok ere, arrotzegiak egingo ez zaizkigun osagai ugari aurkituko ditugu komikian: konstituzioa nahierara egokitu nahi duen ejertzitoa, tsunamiak, gazteak irensten dituzten droga indartsuak, peregrinazioak negozio-gune bilakatu diren gotorleku erlijiosoetara, Gobernu errepresiboa, insurgentzia...

Agian kosta egingo zaizue Akira komikia liburu-dendetan aurkitzea, baina litekeena da zuen herriko liburutegian eskuragarri izatea, baldin eta zuen herriko liburutegiak uda parte honetan ateak ixten ez baditu, noski.

Jon Torner

 

Turismo globalaren albo-kalteak  (Gida-liburua)

The no-nonsense guide to tourismThe no-nonsense guide to tourism.
Pamela Nowicka.
New Internationalist.
144 orrialde.
7,99 euro.

“Erreserban sartzen ari naiz, oporrak behar ditut” zioen lagun batek erregaiez urri dagoen autoarena egiten. Zeinek ez du maite egunerokotasun astunarekin apurtu, hondartza eder batean erlaxatu edota exotikoa zaigun lurraldean barna galtzea? Turista izatea erraza zaigu baina gure estresaz herrialde urrun batean gabetzeak zer eragiten die hango lur zein biztanleen bizi-kalitateari? Azken bi hamarkadetako turismo masifikatua jasangarria al da? Lonely Planet gidan kontatuko ez dizkizuten erantzunak liburu txiki honetan topatuko dituzu.

 

Axier Lopez

 

Israelen erretratu gordina (Saiakera)

El Judío erradoEl judío errado
Alberto Pradilla.
Txalaparta.
220 orrialde.
18,55 euro.

Israelgo gizartea aurkezten digu kazetari iruindarrak, han bizitako esperientziaren eta elkarrizketatutako juduen emaitza. Testuingurua eta analisi sakona lagun, israeldarren kontraesanez eta barne-gatazkez mintzo zaigu liburua. Propagandaren bidez biktima bihurtu den gizartea irudikatu du, gorrotoz betea, segurtasunarekin obsesionatua eta erlijio ultraortodoxoaren eraginpean; kolonizazioan oinarritutako ekonomiak bultzatuta, bakea baino gehiago gerra mantentzea komeni zaion Estatua. Errealitate beldurgarria, tragediaren dimentsioa ulertzeko lagungarri.

Mikel Garcia

 

Hausnarketarako liburu ezberdin bat  (Saiakera)

Moroak gara behelaino artean?Moroak gara behelaino artean?
Joseba Sarrionandia.
Pamiela.
712 orrialde.
29 euro.

Euskaldunok gure etxean bertan moro izan gara, eta oraindik ere askorentzat bagara. Historian, baina, zertan islatu izan da hori? Egin al dugu gogoetarik gaiaren inguruan? Amazig edo bereber herriaren historia harilkatuz, Afrika iparraldean bidaiatzera gonbidatuko du irakurlea Joseba Sarrionandiak, nolabait, Euskal Herriari buruz hitz gutxirekin asko esateko.

Ezohiko liburua da hau. Bere 712 orriek –200 argazki eta 1.387 ohar– irakurlea izu lezaketen arren, erraz irakurtzen den saiakera da. Baina izen bat, ohar bat, argazki bat, aipu bat... ematen dituen ehunka erreferentziak bide berriei ekiteko gonbidapenak dira. Kapituluetan tartekatuta dauden pertsona ezberdinen biografiek kolorea ematen diote lanari, eta askotan lotura zuzenik ez badute ere, orokorrean deskribatzen ari den argazkia osatzen laguntzen dute testuok. Izan Pedro H. Sarrionandia frantziskanoaren bizitza, Primo de Rivera diktadorearena, Abd el-Krim buruzagi arrifiarena edo Felix Urtubi bere hegazkina etsaiaren gainera bota zuen aretxabaletarrarena.

Liburuaren amaieran euskaldunok bere ustez herri gisa eman beharreko pausoez mintzo da eta liburua eraikuntza nazional horretarako ekarpen gisa besterik ez daiteke uler. Dudarik gabe, Euskal Herriaz, botereaz, askatasunaz, terrorismoaz, hizkuntza txiki eta handien arteko ezberdintasunez, eta hauen hiztunen jarrera ezberdinez gogoeta egiteko liburu ederra.

Lander Arbelaitz


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude