Itzuli bat Alde Zaharretik

  • Edozein puntu izan daiteke egoki Gasteizko Alde Zaharraren bisitari ekiteko: azken batean, elipse forma dauka kaskoak –propaganda turistikoaren “almendra” famatua–, eta elipsea zirkuluaren aldaera bat besterik ez denez, zilegi da, geometriaren legeen arabera behintzat, nahi den lekutik hastea, nahi den lekuan amaitzea bezainbeste.

Goiko irudian, Eskoriatza-Eskibel jauregia eta Gasteizko harresiaren zati bat, turisten eta Erdi Aroko nostalgikoen omenez egindako berreraikuntza abila. Aurreko orrialdean, Bakardade kantoia, Alde Zaharreko txokorik ederrenetarikoa... malda mekanikoak ja
Goiko irudian, Eskoriatza-Eskibel jauregia eta Gasteizko harresiaren zati bat, turisten eta Erdi Aroko nostalgikoen omenez egindako berreraikuntza abila. Aurreko orrialdean, Bakardade kantoia, Alde Zaharreko txokorik ederrenetarikoa... malda mekanikoak jarri ez balituzte.Pedro Tapias - Baskimagen

Gure itzulia hasteko, Zapatari kaleko 74. zenbakian kokatuko gara, eta han gaudela Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Kartografia liburua motxilatik atera eta Onassis taberna poema irakurriko dugu, ozen edo gure baitarako: “Orain dela egun pare bat / Zapa kalean nenbilela / taberna baino etxea / genuen zulo ilun hura / suntsiturik ikusi nuen / –aurrera doa hirigintza–. / Hondakinetan sumatzen da / oraindik non zegoen barra, / non komuna, non biltegia, / non banatzen zen zoriona, / nora zeraman eskailerak”.

Urte batzuk pasa dira poeta gasteiztarrak hura idatzi zuenetik, eta Onassis taberna zegoen lekuan, hots, eremuaren gainean eraiki zen aire zaharreko etxe guztiz berrian, egun, lore lehortuen eta artifizialen denda bat dago, oso sinbolikoa iruditzen zaidan zerbait, nahiz eta ez dakidan zeren sinboloa izan daitekeen, zehazki. Agian auzo honen aldaketa-prozesu sakonarena: izan ere, Zapan gaude, 1980ko hamarraldiko mobida gasteiztarraren erdigunean, Arregiren ubi sunt-ak gogorarazten zigunez. Eta, denboran bezala, atzera egingo dugu Zapatik, hegoalderantz, eta jaisten hasiko gara. Egunez etorri gara, eta lekua iluna irudituko zaigu, ziurrenik, nahiz eta zerua oskarbi egon: Gasteizko kale ospelenetakoa da Zapa, eta agian horregatik bihurtu zen, garai batean, txabiske bazterrenekoen babesleku. Haien arrastoak ikus daitezke ezker-eskuin: pubak eta disko-barak, une honetan itxita daudenak, nahiz eta onartu behar den asteburuetako gauetan ere –gehienek orduan irekitzen baitute, soilik– ez daudela duela 20 edo 30 urte bezain animatuak. Eta dena museizatzeko bulkadaren lekuko gisa, Harategien kantoiko mural pop handia dago, 80ko hamarraldi hartako erreferentziaz betea: “Cicatriz”, “Hau dena aldatu nahi nuke”, “En la Kutxi, en la Zapa, la gente dura rula, rula, rula, rula”...

Zaparen amaierara iritsi gara, Andra Mari Zuriaren plazara. Han ere nabaria da eguneratze-ahalegina: antzinako lorategi kaxkarrak kendu, granito grisez estali, eta “plaza gogor” bihurtu dute; espazio zaharretik kontserbatu duten gauza bakarra Gasteizko batailaren –eta Espainiako independentziaren– omenezko eskultura-multzo bertikala da, XX. mende hasierako gustu txarreko tartatxoa, dena ponpa eta zirkunstantzia. Lehen ez zitzaidan plaza gustatzen, eta orain, irmotasun gehitu horrekin –eta, guraso garenontzat, umeentzako ordezko zapatez eta galtzerdiez hornituta ateratzera behartzen gaituzten iturritxo gogaikarri horiekin–, are gutxiago. Egunez, baina: gauez, iluminazio artifizial koloretsuaren mirariaz, plazak beste itxura bat hartzen duelako, egunez baino goxoagoa, paradoxikoki; merezi du orduan bisitatzea, eta terrazeoan aritzea, eguraldiak laguntzen badu behintzat.

Hedegileak kalea, gentrifikazioaren ikur
Plazan gora egin eta kontrako noranzkoa hartuko dugu, oraingoan Hedegileen kaletik aurrera. Kale batek sinbolizatzen badu udaletxeak Gasteizko Alde Zaharrarekin egin nahi duena, hauxe da: Adolfo Domínguez, umeentzako arropa-denda pinpirinak, delicatessenak, diseinuzko tabernak, haietako batzuk diru publikoen laguntzaz irekiak… Lehen –eta oraindik ere– Dato eta San Antonio kaleetatik ibiltzen ziren gorbatadunek eta takoidunek bisitatuenetako bat, zalantzarik gabe, La Malquerida da, Donostiako A Fuego Negroren imitazio bat, frankizia kasik, euskararekiko tratamenduan izan ezik (noski). Eskerrak pixka bat aurrerago betiko Zuloa komiki liburu-denda bezalakoek eusten diotela, auskalo nola, kalearen gentrifikazio ahalegin uniformizatzaileari.

Bakardade kantoira iritsi gara, Gasteizko txokorik ederrenetariko bat... udalari bertan malda mekanikoak eraikitzea bururatu zitzaion arte. Ez diot trepetari erabilgarritasunik ukatu nahi, eta ziur nago, adinean aurrera egin ahala, gero eta ezinbestekoagoa egingo zaizkidala. Baina azpiegiturak ikusgarri egin nahi izatearen gure agintarien tema horrekin, maldei kristalezko eta altzairuzko estalki arranditsu eta beti zikin bat erantsi eta hiriko panoramika erromantikoenetako bat hondatu dute: sotilezia handiagoa eskertuko zukeen parajeak. Ederra izaten jarraitzen du, hala eta guztiz ere.

Maldaren buruan Montehermoso jauregia dago: komentu izateko jaioa, XVI. mendean, finantzatzen zuen jauntxoaren emazteak ederregia iritzi eta familiarentzat gordetzea erabaki zuen –haren ordez eraiki zuen komentu aszetikoagoa ikusgai dago, oraindik, Pintore kalearen buruan, Gasteizko Marraketx txiki koloretsuan–. Egun duen itxura, edonola, XIX. mendeko berregituraketa à la Viollet-le-Duc baten ondorio da, eta are kontraste handiagoa egiten du barruan babesten duen arte garaikideko zentroarekin, Euskal Herriko abangoardistenetakoa, arte feminista eta queer-aren aldaeretan espezializatua, eta generoen arteko parekidetasuna zaintzen duen bakarrenetakoa; horrek guztiak, auskalo zergatik, EAJren aurkakotasuna azaleratu du azken udal hauteskundeen harira, nahiz eta, demagun, Getariako Balenziaga Museoarena baino askoz ere kostu baxuagoekin ateratzen den aurrera, eta diru-eskandalurik gabe gainera... Nahiko maiz aldatzen dira bertako erakusketak, eta, sarrera, berez, librea den arren, merezi du bisita gidatuaren aukera baliatzea: arte garaikideenak, literatura garaikideenak ez bezala, ondo onartzen ditu oin-oharrak.

Montehermosoren alde banatara Alde Zaharreko autogestioaren adibide behinenak daude: batetik, Gaztetxea –21 urte jada, eta belaunaldi-ordezkapena egoki bermatuz–, eta, bestetik, Auzolana Pilotalekua, udaletxeak urteetan abandonatutako kirol-instalazio okupatua; auzoko kolektibo batek berritu zuena 2008an, eta asanblada baten bitartez kudeatzen dena. Eta pixka bat beherago, Gasteiz-Ramon Bajo eskola, duela urte batzuk D eredura aldatu eta inklusio arloan lan handia egiten ari dena, udalaren eta Jaurlaritzaren trabak gorabehera.

Pilotalekua atzera utziz, eta Alde Zaharreko berdegune bakarraren ondotik, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren fatxada ikusgarrira iristen gara, humanismo errenazentistaren harrizko erakusleihoa, zeinaren ondoan Gasteizko harresiaren zati bat ikus baitaiteke, burdinazko ate puntadun mehatxagarri eta guzti. Ez engainatu, baina: turisten eta Erdi Aroko nostalgikoen omenez egindako berreraikuntza abila eta garaikidea da, bertatik antzeman daitekeen beheko Doña Otxandaren dorretxea bezainbeste, ia.

Etengabe obretan, etengabe bisitagarri
Pixka bat aurrerago, edonola ere, Gasteizko bisitariarentzat ezinbestekoa bihurtu den Santa Maria katedral zaharra dugu, etengabe obretan eta, aldi berean, etengabe bisitagarri. Onartu behar da katedral gotikoaren zaharberritze konplikatuari ekin ziotenek asmatu egin zutela lanek azaleratzen zituzten aurkikuntzak eta sekretuak zuzen-zuzenean publikoari erakusteko erabakia hartu zutenean. Zaharberritze kanpaina bakoitzean erakusten dena ez da beti berdina, eta bisitaren interes-maila, beraz, alda daiteke urte batetik bestera, baina beti da ikusgarria. Gainera, aukera dago bisita euskaraz egiteko. Sarrera, dena dela, ez da egiten obrek, bizilagunen etsipenerako, osoki okupatu duten Santa Maria plazatxotik, beherago dagoen Bruileriakoatik baizik.

Bruileria plazak ere merezi du ikustalditxoa: bertan daude Gasteizko eraikin zibil zaharrenetakoak –tartean Portalón jatetxe famatua, ondo hornitutako poltsikoen eskura– eta Anda leinuaren dorrea, ez horren berriztatua eta, hortaz, benetakoagoa, akaso, beste zenbait baino. Bruileria plazan datza, bestalde, hiri honen gustu literario eta estetikoaren erakusgarri bikain bezain tristea den Ken Folletten omenezko brontzezko estatua. Haren babespean biltzen dira astebururo, metafora esanguratsua osatuz, Gasteizko hainbat gazte litroen erritoaren inguruan, gauza benetan heroikoa urtearen parte gehienean, hiriak pairatzen dituen gaueko bataz besteko tenperaturak kontuan hartuta.

Orain kontrako noranzkoa hartuko dugu, eta hegoalderantz joko dugu Aiztogileen kaletik, Kutxi famatutik. Gasteizek nonbait hartzen badu herrixka baten eitea, hemen da. Zapa bere betidaniko lehiakidea ez bezala, Kutxi argia da, zaratatsua, astean zehar ere irekita egon ohi diren tabernez eta horiek hornitzen dituzten banaketa-kamioiez josia, eta abegikorra –nahiz eta, ziurrenik, Dignidad y Justicia-ko partaide batek, demagun, ez zukeen agian adjektibo hori erabiliko–. Kutxi, edonola ere, ez da jada garai batean bezain monolitikoa. Han dago, besteak beste, BiBat Museoa, Fournier naipeen museoa eta Arkeologiakoa biltzen dituena, Bendañatarren XVI. mendeko jauregiaren eta Patxi Mangado arkitektoaren eraikin koadrangular eta garaikidearen arteko fusio eztabaidagarria proposatzen diguna. Eta, bestalde, Kutxin bertan joan dira sortzen, edo garatzen, “betiko” tabernen ondoan, gure burgestxikitasun gastronomikoaren onarpenaren lekuko diren bestelako lokalak, jan-edanaren kalitateari eta are aurkezpenari garrantzi handixeagoa ematen diotenak, nolabait esateko, baina beti ere gorago aipatutako Hedegileen kalean gertatutakoa baino forma naturalagoan, hau ere nolabait esateko. Nonbait bazkaldu edo afaldu nahi izanez gero, prezio-kalitate erlazio onarekin alegia, hemen hasiko nintzateke bila.

Eta amaitzen joateko, Kutxitik gora doan edozein kantoitatik abiatuko gara –San Frantziskorenetik, Santa Anarenetik, San Markosenetik–, berriz ere Hedegileen kalera jaisteko eta, ezkerretik edo eskuinetik joanda, gutxi gorabehera haren erdian dagoen Anorbin kantoira iristeko. Arratsaldea da jada, gaua hurbil dago, eta handik, Gorbeia mendia ez ezik, Gasteizko ilunabarrik onenetariko bat kontenplatu daiteke. Kantoi horrek Zaparekin egiten duen izkinan zegoen, hain zuzen ere, idatzi honen hasieran aipaturiko Onassis taberna, Rikardo Arregiren poemakoa, eta bertan lore sikuen eta artifizialen denda hura... itxita eta alokairu eskaintzan dagoena egun, Alde Zaharreko denda txiki askoren patuari jarraiki, merkataritza-zentro handien garaiotan. Egunen batean, akaso, idazle batek ere dedikatuko dio poema bat, Arregik egin legez, lore lehorren denda hari, eta beste doinu mota bat intonatuko du. Hiriak, eta hirietako alde zaharrak, zorionez eta zoritxarrez, etengabe ari direlako aldatzen, are haiek garai edo ideia jakin batean finkatzeko ahalegin guztien kontra, eta haiei buruz egin dezakegun unean uneko deskribapen oro iraungitzera kondenatuta dago. Artikulu honi berari gertatuko zaiona, hain zuzen ere...


ASTEKARIA
2011ko uztailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-09-22 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 2.eguna
Ondo kiribilduta


Sail Ofiziala. 2.eguna
Mus jarraituan


2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


Eguneraketa berriak daude