Euskal Herriko Kutxari uko egitea

Hiru aurrezki kutxetako administrazio kontseiluek (BBK, Kutxa eta Vital), banku berri baten alde egin zuten: Kutxa Bank. Beren batzarrek irailean eman beharko diote oniritzia. Nafarroako CANek bide horixe jorratu zuen eta Banca Cívica sortu zuen Burgoseko eta Kanariar Uharteetako kutxekin. Erabaki biekin, EAEko kutxek eta Nafarroakoak, Euskal Herrian kutxa bakar bat izateari uko egin diote. Erabaki horiek, Hego Euskal Herriko gizartearen eta ekonomiaren interes orokorrei begira baino, finantza kapitalaren interes partikularrei begira hartutakoak dira. Horrela, aurrezki kutxak desegiten dira, gizarte ekintza disolbatu egiten da, eta tartean akzionistak sartu direnez, gure herritik harago dauden interesen esku uzten dira erakunde horiek. Banku berriak –uztailaren 20an burtsara aterako den Banca Cívica eta Kutxa Bank– Euskal Herriaren interesetik oso urrun dagoen inbertitzaile baten esku egon daitezke egunen batean.

Euskal kutxen bankarizazioaren ondorioak langileek jasango dituzte bereziki, baita enpresa txiki eta ertainek eta gizarte ekintzak ere. Langileei dagokienez, lanpostu ugari deuseztatuko da eta lan baldintzak aldatuko dira, malgutasuna eta mugikortasuna dela-eta. Euren lan hitzarmenak euskal eremutik kanpo negoziatu ahal izango dira. Enpresa txiki eta ertainek kredituak jasotzeko zailtasun handiagoak izango dituzte eta euskal produkzio-ehunak jasango du hori. Gizarte ekintza, aldiz, disolbatu egingo da.

Euskal Herriarentzako kutxa bakarra sortzea posible da, eta errentagarria ere bai. Kontrol publiko zorrotza izanez gero, garapen ekonomiko eta sozial hobea bermatuko litzateke, baita gizarte ekintza edukitzea ere, eta Euskal Herria hezurmamitzen joango litzateke. EAJk, PSOEk, PPk eta Eusko Jaurlaritzak –non egungo ordezkaritza politikoa ez den erreala– bankarizazioaren alde egin dute, Euskal Herriko Kutxari uko eginez. Beraiek dira arduradun.
 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude