EHUko Campusa aldizkarian irakurri berri dudan elkarrizketa batean behin eta berriro lotzen da irakasle lana (haurrekin, kasu horretan) sentimenduekin. Izugarrizko garrantzia ematen zaio harreman ona izateari gelan, giro egokia izateari, denok gustura egoteari... eta egia esan niri ere nahiko garrantzitsua iruditzen zait kontu hori.
Elkarrizketan, tamalez, ez zen beste hainbat konturi buruz hitz egiten. Esaterako, irakaslearen formazioaz, ikasleak hezi beharraz, gelakoen artean baten ardura besteak heztea dela, irakasle lanak eskatzen dituen ikasketez, metodologiez, eduki zientifikoez eta abarrez oso gutxi aipatzen zen.
Antzeko zerbait gertatu zen Gasteizko Irakasle Eskolako azken promozioaren ekitaldian. Diskurtso gehienak sentimenduei buruzkoak izan ziren, zer garrantzitsua zen enpatia, harreman ona izatea ikasleekin eta antzeko kontuak.
Nik klasean, ordea, urtero esan ohi diet nire ikasleei ni ez naizela haien “kolega”, ez naiz adiskide bat, irakaslea baizik. Eta irakaslearen ardura, betebeharra, askoz ere zabalagoa da; garrantzitsua da gelan giro ona izatea, garrantzitsua da komunikazioa egotea eta askatasuna norberak bere iritziak azaldu ahal izateko; baina inola ere ez da irakasle baten lana ikasleen nahia egitea, ikasleei zailtasunak eragoztea, ikasleen gustuetara mugatzea. Literatura irakasleak, esaterako, irakurzaletasuna bultzatzea baino askoz gehiago egin behar du; irakurketak eskaini, irakurtzeko moduak azaldu, ikaslea prestatu edozein testuren aurrean gaitasunak izateko... eta hori egitean, zenbaitetan, esfortzua, lana, eskatuko dio ikasleari. Baina ikasle horrek, pertsona horrek, etorkizunean hainbat tresna izango ditu testu ezberdinak irakurri ahal izateko, testuekin gozatzeko, Sarrionandiak zioen bezala idazle izateko irakurtzen duelako.
Gure gizarte honetan, baina, gero eta sarriago ikusi ahal dugu arduren utzikeria. Lasaitasunagatik, arazoei aurre ez egitearren, gero eta gehiagotan ikusten dugu “giro ona” bilatzen duten... gurasoak, esaterako. Etxean umeei nahi dutena egiten uzten dieten gurasoak, nahi dutena jaten ematen dietenak, “eskolan irakasten diote eta hemen, total, astean bi egunetan bakarrik egonda berdin da zer jaten duten”, “bi egunegatik ez dut eztabaidatuko”; izan ere irakasleak bezala, gurasoak ere ez dira seme-alaben adiskide hutsak, ez dira kolegak.