Ta modernoak “basque speaking”

  • GABRIEL ARESTI ::Ipuinak (X. Monasterioren edizioa)

    Ikeder, 2007

    orrialdeak ::69

    prezioa ::11€

GABRIEL ARESTI Ipuinak
GABRIEL ARESTI Ipuinak
Martin Ugalde izan omen zen ipuina literatur genero moderno gisa landu zuen lehen euskal idazlea. 1961era goaz, orduantxe argitaratu baitzuen Ugaldek, Venezuelan, bere euskarazko lehen ipuin bilduma: Iltzalleak (1985eko euskara batuko edizioaz geroztik, Hiltzaileak). 36ko gerran eta ondorengo erresistentzian giroturiko ipuinak dira euskarazko lehen ipuin bilduma modernoa izendatu dena osatzen dutenak. Ordura arte ipuina kontakizun erraz, folkloriko eta irrigarria izaten zen, eta Ugalderenek iskin egin zioten kostunbrismoaren eragin zuzenari. Literarioki balioa aitortzen diete Xabier Mendiguren eta Koldo Izagirrek. Ibon Sarasolak, berezko balio literarioa baino, gerraondoko literaturaren jarraipen, literaturaren biziraupenaren balioa eman zion, oro har, erbesteko literaturari. Literarioa eta jarraipenarena, biak iruditu zaizkit bateragarri Ugalderenak irakurri ondorenean.

Baina, lehen euskal ipuin modernoez ari ginela, hara non topo egiten dudan liburuxka batekin, apenas 69 orrialde, Ipuinak epigrafea azalean, Gabriel Aresti delako batek sinatutako sei ipuin. Eta gogoratzen dut Susa argitaletxeak egin zuen lan eskerga hartan, Gabriel Arestiren lan konpletoetan, badagoela Narratiba izeneko ale bat, eta hemen ere bildu zirela sei ipuinok (gehi narrazio labur batzuk, gehi nobela bat). Eta 86ra arte liburuan jaso ez baziren ere, gogoratzen dut Egan aldizkarian argitaratu zirela seiak, lehena 1957an, azkena 1962an. Eta kontua da ipuin horiek ere erabat direla moderno, ez inolaz ere erraz, folkloriko eta irrigarri, nahiz eta barrerako tartea ere uzten duten (Olerkaria autoironikoak, esaterako). Hiria agertzen da, Bilbo, arazo sozialak, alde ekonomikoak; gaiak dira garaikoak, dirua, lana, giza kondizioa, sexualitatea, idazletza; euskara bera, batua sortu aurreko batua dugu.

Ipuinak honekin kontuz, baina: Xabier Monasteriok eskua sartu du, beharrik gabe, asmo onez, pentsatzen dut, ipuinak moldatuta eta erraztuta eskaintzen dira, baina egungo irakurleak arazorik ez du jatorrizkoekin, zertarako ezer ukitzen ibili beraz. Hobe da, hortaz, lehen aipatu dugun Susako liburura jotzea edo, nahiago bada, Egan aldizkarira bertara, edizio digital txukunean aurkitzen da armiarma.com gunean.

Ugalderenak edo Arestirenak, hau ez da noski konpetizioa, lehena nor izan zen ez da sobera garrantzitsua. Bai, ordea, jakitea garai bertsuan kezka bertsuei erantzun bertsuak ematen saiatu zela idazle bat baino gehiago, ipuina genero moderno eta, ondorioz, garaikide kontsideratzeraino.

ASTEKARIA
2011ko ekainaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude