San Telmo museo berritua

Gehiena dago pentsatua bisitaria berriz itzul dadin, aldi baterako erakusketatik hasita. Hamaika ordu baino gehiagoko grabazioak, munduko leku askotako jendeari eginak: bizitzaz, zorionaz, negarraz, egindako galderen erantzunak. Merezi du erantzunak entzutea, eta gizaki horiek ikustea.

Erakusketa iraunkorretan gure etnografiaz, historiaz, pinturaz, era askotako informazioa. Beteei ez baizik hutsune eta ikuspegi okerrei erreparatuko diet. Hutsuneekin hasita, XX. mende hasierako literaturaz ari, egoki nire ustez, “literatura vascoespañola” deiziopean, Unamuno, Baroja, Maeztu aipatzen dira, eta euskarazko literaturaren deiziopean: E. Arrese, M. Soroa eta T. Altzaga. Asmatu duzue zein falta den: D. Agirre. Haren Kresala, eta zer esanik ez Garoa, ez dira baztertzekoak atal horretan.

Ikuspegi okerrera etorriz, gure historiaren aldi eta gertakari garrantzizko batzuez ari, informazio objektiboa izan behar lukeena manipulaziora bideratzen duena giltza-hitz bat da: erradikala, nazionalismo erradikala.

Primo de Riveraren diktadurapean euskal nazionalismoa kulturan babestu omen zen, espresuki adierazten zaigunez. Jeneralak nazionalismo erradikala debekatu omen zuen, eta moderatua toleratu. Izenondo bereizketa giltzarri horren bitartez, irakurle ez oso ohartuari hau esaten zaio: Batasuna debekatu zuen, eta EAJ toleratu. Bide batez jeneralaren diktadura zorrotza diktablanda toleragarria izan zela iradokitzen du testuak, hortxe nonbait. Oroit euskal nazionalismok ez zuela orduan borroka armaturik praktikatzen, errepresioa pairatzen baizik.

ETAren sorrerara etorrita, 50eko hamarkadan erbesteko nazionalisten eta barnekoen artean haustura sortu zela irakurtzen dugu. Egia. Eta 60ko hamarkadan erradikalizazioa etorri zen –giltza-hitza– eta 1968an, ETAk lehen atentatuak egin zituen. Hemen ere ez da errepresio izugarria aipatzen. Ez da aipatzen deskolonizazio gerrek izandako garrantzia, batez ere Aljeriakoak, Kubakoak, ezta 68ko maiatza ere, gerraondoan Europan sortu zen bestelako kulturaren garrantzia ETAren sorreran; ez da aipatzen hasierakoa ez zela atentatua izan, baizik enkontru malapartatua, eta lehen hiltzailea eraila izan zela handik berehala, era bertsuan.

Aski da erradikal izenondoaren erabilera manipulatua, ikuspegi ideologizatu manipulatua emateko, egungo zuzentasun politikoa gidari, ez ikuspegi historiko kontrastatu orekatua.


ASTEKARIA
2011ko ekainaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude