Transzendente

Nire bozak ez zuen gorputzik dagoeneko mesprezuzko indiferentziarako ez bazen, eta birziklatzera bota nuen, eta behin hain keinu arranditsuak egiten jarrita, asteburua etxean itxirik pasatzea erabaki; dagoeneko boza birziklatzeko egunkarien artean zegoen (ai ez, egunkaria Internetez irakurtzen dut, liturgia analogikorako ez zait iristen) eta ez nintzen kanpainaren helburua.

Postindependentziarako gakotzat aurkeztu den Eurovisionek ere ez zidan balio asteburua pasatzeko, aurten, nota baxuenen sarraski horretan, nire bizilagunen oihuak nituen pizgarri bakar, eta finalerako kedada ez zen beren etxean izan, handiagoren batean ziurrenik. Horrelakoetan aukera bakarra geratzen da; bizitza monastikoa, eta transzendentzia (edo parranda historiko bat, bakoitza bere drogarekin).
Nor egokiago horretarako Dreyer baino; eta aspaldian nire buruari zor nion Ordet ikusten jarri nintzen, gogoeta sakon eta konplexuak izateko prest; fedea, Kierkegaard... ez zidan transzendentziarik eman; komedia bat da! Monty Phytonen pertsonaia dirudien Johannes antiklimatiko bat, bukaera delirante batera iritsi arte, agure neurotiko baten eskutik. Ondo pasa nuen, baina ez nintzen ezeren haraindi sentitzen.

Hitzik gabeko zerbait behar zuen, arrazoiak ez du transzendentziarako balio historiaren maila honetan, eta hitzari segituan eskatzen diot kausaren bat; transzendentzia Beethovenen sinfonia baten antzekoa izango zelakoan jarri nintzen arratsalde pasa. Kriteriorik gabe aukeratutako dokumental bat lehenik, sentsibilitatea berpizteko, In search of Beethoven, orkestra zuzendariak esku dantza eta “pa-pa-pa, pa-pa-pa; pa.pa.pa, pa.pa.pa; papapapapapa...”ka espresatzen diren horietako bat. Transzendentzia sensoriala da, eta arima, feromonak.

Hitzez aritu ziren baina, adibidez, Europako ereserki den kantaz. Eta joder, dena batera etorri zitzaidan berriro, zuzenean sinfoniarekin ez jarri izanagatik, gidari bila; erlijioa, Eurovision, hauteskunde kanpaina, Europa... konpositore entusiasmatuak zioen ez zela kanta alaia, hotsen azpitik entzuten den doinua tristea delako eta, alaitasuna lortzeko itxaropena omen da Beethovenen mugimenduaren muina, ez alaitasuna bera. Eta horixe da galdu duguna, edo dudana behintzat, eta Beethovenek sinesten zuena, itxaropena, eta transzendentzia.

Agian ez ordea; arima kontuak –Bertrand Russellen ustez– ekintzarako gaitasuna galtzeak dakartza, ongia egiteko gaitasunik ez denean, ona izatea geratzen da, arimaduna, eta nire transzendentalsunaren bilaketa, hori baino ez da agian, ezer egiteko gaitasunik eza, anakoreta merke batena, material guztia Internet bidez jaitsita gainera, demokrazia faltaren sintoma nagusitzat Bildu, Bin Laden, hizkuntza politika kontsideratzea, oso azalekoa dela eta asperturik.

Eta ezkerra posible ez den nonbait bizi nintzela uste nuenean, nire ahuldadea medio, Madrilgo kaleak nire ezintasunak kontsolatzera etorri dira, jipoitu dituzten arren, agian isilduko dituzten arren, gutxiago arima, esentzia eta horrelakoen bila, ezkerra diskurtso materialistara ekarri dute; ez dugu merkantzia izan nahi; besterik ez. Eta zer lasai bota dudan botoa birziklatzera.


ASTEKARIA
2011ko maiatzaren 29a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude