Milioika euroren joan-etorria telebistako audientzi datuen menpe dago. Datu horiek biltzen dituzten audimetroak gutxiegi direla salatu izan da askotan, baina audientzien jolasean dabiltzan guztiek diote kopurua nahikoa dela, eta onartu egiten dituzte datuok. Badakite, hala ere, sistemak arrakala ugari dituela.
Hedabide guztion kontsumitzaile kopurua neurtzen da etengabe, baina bistan da telebistari buruzko datuei askoz garrantzi handiagoa ematen zaiela. Eta ematen zaie, badutelako. Gogoan hartu besterik ez dago, esaterako, azken urte bietan zenbat hitz egin den ETBren audientziaz; hedabide publikoen kasuan, eztabaida politikorako argudio bilaka daiteke nork bere etxean zein botoi sakatzen duen telebistaren aurrean paratzen denean. Baina batez ere, audientzien garrantziak diruarekin zerikusia dauka, ondoko datu xumeak erakusten duenez: iaz, Espainiako kate pribatu handi biek, Telecincok eta Antena 3-k, 794,6 eta 687,7 milioi euroko sarrera garbiak izan zituzten publizitate-salmentagatik, hurrenez hurren.
Telebista pribatuak negozioa dira, eta negozio horren funtsa ikusleak saltzea da. Izan ere, horixe da saltzeko daukaten gauza bakarra: gu. Eta telebista publikoak ez dira negozioa, baina ez dute publizitatea musu-truk ematen. Pantailaren beste aldean zenbat jende dagoen jakitea ezinbestekoa da, baina kopurua ezagutzea ez da nahikoa. “Zenbat” bezain garrantzitsua da “nor”; iragarleentzat ez dira berdin 8 urteko mutila edo 80ko amama. Telebista-kateekin kanpainak negoziatzen dituztenean, ikusle kopuruak ez ezik, ikusle horien soslaiak ere “erosten” dituzte.
Hainbeste diru mugiarazten duten datuak neurtzeko audimetria erabiltzen da. Sistema bera da, edo oso antzekoa, Europan eta herrialde garatuetan oro har, eta normalean enpresa independente baten esku egoten da. Espainiako Estatuan, Kantar Media da enpresa hori. Agian ezagunago duzue lehengo izena: Sofres. Frantziako Estatuan, berriz, Médiamétrie-ren eskuetan dago neurketa.
Guztiok zer ikusten dugun jakiteko, biztanleriaren zati txiki bat hartzen da eredu. Haien gustua, denona omen. Nahita diogu lagina txikia dela, sarritan kritikatzen baita txikiegia izatea, baina orobat onartuta dago. Kateek, iragarleek, telebistarekin zerikusia daukaten edozelango elkarteek... Denek ematen dute ontzat audimetroaren sistema, inperfektua dela aitortu arren.
“Estatistikaren ikuspuntutik audimetro kopurua egokia da”, diosku Alejandro Peralesek, Espainiako AUC ikus-entzule elkarteko presidenteak, “edozein inkestatan erabiltzen den laginaren tamaina bera du”. Ezaguna da EAEko audimetro kopurua (350), baina ez Nafarroakoa, telebista kate propiorik ez duten autonomia erkidegoetan ez baita neurketa bereziturik egiten. Iparraldeko daturik ere ez dago.
Arazoa ez da etxean audimetroa daukan jende gutxiegi dagoela, azken urteotan telebistaren eskaintza ugaritu izana baizik. Horrek mainstream-ari egiten dio mesede, eta eduki espezializatuak eskaintzen dituenari kalte. “Zailagoa da oso ikusle mota espezifikoa daukaten kateen datuak ondo jasotzea kate orokorrenak jasotzea baino”, dio Peralesek, “konparazio bat egitearren: beti ere fidagarriagoa da ‘zein kola freskagarri edaten duzu?’ galdetzen duen inkesta baten emaitza, garagardo markez galdetzen duena baino”.
Honenbestez, etengabe zabaltzen diren audientzia datuetan gainbaloratuta agertzen dira kate handiak, eta kontrakoa gertatzen zaie txikiei. Espainiako La 2ek, esaterako, publiko minoritarioago bati zuzendutako eduki kulturalak eskaintzen ditu batez ere, “eta zailagoa da horko ikusleak audimetrian sartzea”, Peralesek dioenez.
Hori hala izanda, lasai ondorioztatu daiteke ikusle euskaldunen hautuak, gutxiengoa izanda –hizkuntza batean “espezializatutako” ikusleak dira, nolabait esatearren–, ez daudela dagokien neurrian jasota audimetrian. ETB-1eko langile batek kalkulu aritmetiko sinple batzuk helarazi dizkigu, euskarazko programazioaren audientzia datuek zein oreka hauskorra daukaten erakusteko asmoz.
Gauez, prime time deritzan ordutegian, herritarren %40-50 egoten da telebistaren aurrean. Horrek esan nahi du EAEn, guztira 350 audimetro egonik, gauero 150 edo 175 inguru egoten direla piztuta. ETB-1eko saio batek ordu horretan %2ko sharea badauka –halaxe du, berbarako, Mihiluzek–, ariketa aritmetiko erraz batek diosku hiru audimetro daudela saio horri konektatuta. Hiru baino ez, audientzia handieneko saioetan. Audimetroen banaketan familia euskaltzale bat gehiago edo gutxiago egoteak garrantzi handia eduki dezake euskarazko programa baten etorkizunerako.
Arazoa ez da estatistika hutsezkoa, audimetroa daukatenen izaerarekin ere badu zerikusia. Espainiako Estatuan Kantar Media arduratzen da banan-banan, etxerik etxe doazen komertzialen bitartez, panelistak lortzeaz. Zergatik diogu panelista? Bada, audimetroa daukanari ordainetan eskaintzen zaion gauza bakarra sari-panel batean parte hartzea delako. Aldiro puntuak biltzen dira, eta gero opariak har daitezke puntu horien truke.
“Mundu guztiak ez du panelista izan nahi”, diosku Alejandro Peralesek. Jende mota batek errazago irentsiko du opari-panelaren amua beste batek baino, eta jende mota horrek gustukoago ditu telebista saio mota batzuk beste batzuk baino. Audimetroen bitartez ikusleen datu guztiak jasotzen dira (adina, sexua, elebitasuna...), eta ustez, panelisten laginak ondo ordezkatzen du jendartea zentzu horretan. "Ontzat eman dezagun hori bete egiten dela”, dio Peralesek; “bada, hala ere oraindik badago beste arazo bat, bizi-estiloarekin zerikusia daukana, ideologiarekin, ikasketa-mailarekin... Oro har, heziketa handiagoa jaso duenak, izpiritu kritikoagoa duenak, diru-sarrera handiagoak dituenak... ez du audimetrorik eduki nahi”. Oso modu gordinean esanda, panelisten artean gehiago dira telezaborraren jarraitzaileak kalitatezko saioen zaleak baino. Ez dago fenomeno horri buruzko ikerketa zehatzik, baina audientzia datuak jasotzen dituztenek kontuan izaten dute, Peralesen hitzetan: “Jakin badakite sektore bat ez dagoela laginean behar bezala ordezkatuta, eta emaitzak doitzen dituzte haien alde”.
Ez gara, orduan, datuek esaten duten bezain zaborzaleak? Maribel Martinezek, Iruñeko Plaza del Castillo ikus-entzule elkarteko presidenteak, beste ikuspuntu bat du gaiaz: “Audimetria sistema perfektua iruditzen ez bazait ere, uste dut hortik ateratzen diren datuak nahiko hurbil daudela errealitatetik. Gertatzen dena da publikoki zabaltzen den mezuak ez duela bat egiten datuek diotenarekin. Alegia, benetan jendeak nahi duena telezaborra dela sinetsarazi nahi digute, eta ez da egia”. Martinezek kate pribatuei leporatzen die horrela jokatzea, alegia, telezabor gehien ematen dutenei. Programazio mota hori erruz ematea justifikatu nahi dute, eta badute horretarako arrazoi onik: oso saio mota merkea da.
Edozein estatistikak berezkoa duen errakuntzaz gain, eta “panelistaren izaeraren” desbideratzeaz gain, audientzia-neurtzaileek ondo dakite badela beste faktore bat, jasotako datuak errealitatetik –ez larregi, euren esanetan– aldentzen dituena: giza faktorea.
Audimetroa daukatenek debekatuta dute horretaz hitz egitea kazetariekin, baina hala ere bere etxeko atea ireki digu Amaiak –izena geuk asmatua da–. Hiru telebista-aparailu ditu, eta bakoitzean audimetro bat. Telebista piztean, audimetroa ohartu egiten da, eta segundo batzuk igarota, “nor dago hor?” galdetzen du. Galdera hori etengabe piztu eta amatatuko da telebistaren aurrean dagoenak alboko argazkian ageri den urruneko agintean bere izenari dagokion botoia sakatu arte. Beste kasu batzuetan, audimetroak txistu-hots gogaikarria egiten du, helburu berarekin. Baina pertsona batek sakatzea aski da audimetroa “isiltzeko”, une horretan familia osoa egon arren telebista aurrean. Amaiak diosku bere etxean, gehienetan, txintxo-txintxo sakatzen dituztela sakatu beharreko guztiak, baina ez beti.
Bestalde, gelatik alde egiten den bakoitzean, komunera joateko adibidez, berriz sakatu behar da botoia, eta gauza bera itzultzean. “Hori sarritan ez dugu egiten, nahiko nekagarria da etengabe botoitxoarekin gogoratu beharra”, dio Amaiak, “umeek, batez ere, gutxitan egiten dute”. 4 urtetik gora daukaten familiako kide guztiak behartuta daude telebista ikusi gura duten aldiro errituala betetzera. Eta etxean gonbidatuak badaude haien berri ere eman behar zaio audimetroari, bakoitzaren sexua eta adina adieraziz. Audientzia neurtzearen helburu nagusia, ez dezagun ahaztu, iragarlea bere dirua ondo gastatzen ari dela pentsatzea da.
Telebista munduko adituek ondo dakite Amaiaren etxean gertatzen dena, beste askotan ere gertatzen dela: audimetroa daukatenei, sarritan, “ahaztu” egiten zaie gelatik irteten diren guztietan botoia sakatzea. Zenbat eta denbora luzeagoa audimetro baten jabe izanda, orduan eta ohikoagoa arauak zorrotz ez betetzea.
Alejandro Peralesek dio LTDaren teknologiak ahalbidetuko duela telebista guzti-guztietan zer ikusten ari den jakitea. Baina oraindik ere beharrezkoa izango da pantailaren beste aldean nor dagoen jakitea; eta horretarako, jendeak segitu beharko du botoitxoa sakatzen gelatik irtetean. Giza faktoreak segituko du datuetan distortsioa eragiten. “Arazoa ez da distortsioa, ordea”, azpimarratu du Peralesek, “arazoa datu estandar bat edukitzea da, eta telebistan, beste hedabideetan ez bezala, hori lortu da, horregatik denek onartzen dute audimetriak dioena. Erronka nagusia, orain, Interneten estandar hori aurkitzea da. Luze gabe aurrerapenak izango dira audientziaren neurketan, bai telebistan bai beste medioenean, ahalik eta distortsio txikiena egon dadin. Esaterako, urruneko agintearekin ibili beharrean, erabiltzaileak pin edo orratz antzeko bat eramatea, eta ekipoak (dela telebista, dela ordenagailua, dela eskuko telefonoa...) orratz hori irakurtzea zuk ezer egin beharrik gabe. Tira, pin-a eramateaz gogoratu beharko zinateke”.
Audientzia neurketek oraindik lortu ez duten zerbait lortuko da sistema horrekin: tabernetan futbol partiduak zenbatek ikusten dituzten jakitea. Azken esaldiari ironia doinua sumatu badio erreportaje honen balizko audientziak, ez du egileak aurkakoa esango.
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]