Aitaren etxetik askatu

  • Jokin Muñoz::Joan zaretenean

    Alberdania, 1997

    orrialdeak ::168

    prezioa ::11,80 €

Joan zaretenean
Bada Bizia lo aurreko Jokin Muñoz bat. Ahaztua, atzendua, ezezaguna ez dakit, baina bada izan, eta irakurgarri, noski. Izan zitekeen estreinakoa, Hausturak narrazio lana, 1995ekoa. Izan zitekeen Atlantidara biajia bidaia liburua (nola definitu purrustada kitzikagarri hori?). Haragia ahula da, ordea, eta Joan zaretenean aukeratu diot, nobela nola ez, genero erregea, iragarpen txatxu bat eginda, eta gauzak daudenean, etorkizunean iraungo duen genero bakarra izango baita, akaso besteak bere baitan hartuta, nobela kreola. Edo, itxaron, ez al zen nobela hiltzen ari? Berdin dio, Aingeru Epaltzak aurreratu zigun Muñozen hau bikaina dela. Ikus dezagun.

Hiru pertsonaiaren gainean eraikitzen da kontakizuna: Alvaro, lehenik, nagusiki, bera baita narratzailea, bera zuzentzen baitzaio Helenari, lagun izandako neskari. Helena dugu, hain zuzen, bigarrenik, eta hirukia osatzen du Mikelek, Alvaroren gazte garaiko adiskideak. Helena joana zaio dagoeneko, Mikel inpentsan eroriko da Alvaroren txapitulan, jarri berri duen bonba autoaren beste puska bat bailitzan, iragan hondarrak bortizki harrotuz. Mikel mendetan iraunkortasuna eta leialtasuna sobera estimatu dituen mundu ikuskera baten oinordekoa da. Alvaro garaiokin hobeto ezkontzen diren ahuldade eta iraungikortasun neurrigabe baten semea. Baina biak ala biak, Helena, zera besterik ez dira: aurrekoek altxatutako etxea defendatu eta iraunaraztera kondenatutako oinordeko ziztrin batzuk.

Eta, bai, euskal gatazkaren presentzia etengabe eta molestagarria da hemen ere, Muñozek ohi dituen irudi gogor, kolpagarriez, nolabait esatearren, apaindua, espaloi bazterrean botatako haur-gorpu lehertu haien imajinaz, esaterako. Bai, Bizia lo hartako estilo astun, zurrun, errepikakorra da hemengoa ere, obsesiboa, luze-zabala, Helenari zuzentzen zaio bakarrizketa atsedenik gabean Alvaro nahasia. Bai, Muñozen ibilbide literarioan aurkitzen diren konstanteak ditugu hemen ere, ihesarekiko antsia, distantziaren beharra, errebeldia indibiduala. Bai, errealismoa da hemengoa ere, errealismo psikologikoa, existentzialista nahiago bada.
Baina, bikain, harrapatzen du belaunaldi bat, egiten du haren erretratu gordin gupidagabe deserosoa, aitaren etxetik askatzeko aldarria, aurreko belaunaldiek eragiten duten karga arintzeko ariketa, eta egiten du aipatu erremintekin, egiten du ondo, ados izan zein ez, egiten du zerbait mugiarazteko irakurlearen barrunbeetan. Beraz, bada Bizia lo aurreko Jokin Muñoz bat, kurioski, Jokin Muñozen antz izugarria duena.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude