Sain-arraina

landarea
Ralf Roletschek - CCBy S.A.

Espainiako inperioaren harropuzkeriari estuegi lotuak bizi ginen euskaldunak, mundu erdia hankapean zuen estatu hiltzaile haren estolderia eta minda-zuloetan geuretako askok bete zituen patrikak. Urapar hartatik, ordea, kalte larria besterik ezin etorri. Guda txoroetan urperatutako ontziteriak gizarte hiritar eta industrial osoa eraitsi zuen. Eskerrak artoa Ameriketatik ekarria genuen ordurako. Burdingintza, merkataritza, ontzigintza eta abar utzi eta lurra lantzera eman zen jendea. Artoak gariak halako zazpi ematen zituela jabetu eta hiriak hustu eta baserriak eraiki eta eraiki hasi ziren.


Itsasoan merkataritzarako eta gudarako nagusitasuna galduta, arrantzari besterik ezin izan zitzaion taxuz eutsi. Balea eta bakailaoa ziren arrantzaleen helburu. Gazitutako bakailaoa urte osorako eta nonahirako jaki estimatua zen. Sardina zaharrarekin batera itsasotik urruneko lurretan jaten zen arrain bakanetakoa.


Balearena beste mundu bat zen. Balea ez zen jaten, baina jakiak baino diru gehiago egiten zuen. Saina edo lumera kentzen zitzaion baleari, koipea alegia. Sain-arraina ere esan izan omen zaio. Balea harrapatu eta lurrera ekarri ondoren zatitu, gantz puskak dorla edo pertza handietan surtan urtzen ziren. Urtutako saina barriketan garraiatzen zuten. Balearen koipe hau egungo petrolioa zen. Europa erdia hark argitzen zuen. Argiontziek saina behar zuten eta makina bat arrantzaleren diru iturri ederra zen.


Argiontzi hauek metxa edo mukia behar zuten. Metxa hau Lychnis coronaria belarraren zortenarekin edo lastoarekin egiten zen. Lychnis hitzak grekoz argia esan nahi du. Nahikoa argi dago, ez da? Genero bereko Lychnis flos-cuculi ezagunagoa dugu gure inguruetan.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2019-05-19 | Jakoba Errekondo
Zaldaleak irabazten

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta gauak hamabina ordu izan zituzten. Ordutik eguna... [+]


2019-03-31 | Jakoba Errekondo
Klima aldaketa eta paisaia

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko... [+]


2018-09-16 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren emakumeak

Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis), sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera)... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun... [+]


2018-07-22 | Jakoba Errekondo
Alde guztietatik jatea

Euskal Herrian nekazaritza etengabeko kolonizazioaren historia da. Toki guztietan bezala. Lehen lantzen ez zen lurra lugorritu; lehen ereiten ez zen uzta erein; lehen jaten ez zena gozatu. Dena beste nonbaitetik ekarria. Historia horietako asko idatzi dituzte nonahi laboreek;... [+]


2018-04-22 | Jakoba Errekondo
Kurka-kurka

Laboreekin egiten diren ardoetara itzuliz, ezker-aihena (Humulus lupulus) kontserbatzaile eta dasta mikatzaren eransle dute. Laboreak eta ezker-aihena uztartzeak makina bat zurrustada gozo sortua du, kurka-kurka, batik bat garagardoaren herrialdeetan. Lagun batek azaldu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude