Ogia eskatu dute egiptoarrek: petrolioa dute falta

  • Hillary Clintonek, urrunetik Egiptoko trantsizioa kudeatu nahiko lukeen potentziaren atzerri ministroak, esan du “ekaitz perfektua” ari dela osatzen Ekialde Hurbilean, baldin eta bertako agintariek lortzen ez badute herriak eskatu aldaketa sozial eta politikoak ezartzerik. Ekaitz horren  osagai garrantzizkoen artean, janariak eta petrolioa daude.

Egipto
'Monthly Review' aldizkariak bere webgunean erakusten duen argazkiko gizona Bahaa Saber da: militante ezkertiarrak aurrean bidea ixten dioten poliziei opil bat erakusten die, joan den udazkenean soldaten igoera eskatuz Kairon egindako manifestazio batean. Urte luzez jornalak izozturik eduki dituzte Egipton, bitartean inflazioa handitzen zihoalarik. Elikagaien prezioen igoera eta horientzako dirulaguntzen jaitsiera izan dira aurretik zabaldutako ezinegona sutu duten pindarrak. Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren politikek suntsitu dute Afrikan eta oro har mundu osoan nekazaritza, laborariak hiritartzera behartuz eta kontrolik gabe hazi diren populazioak bazkatzeko agroindustria handiari erostera behartuz. Orain Egipton aski jaki ez da, inportatu behar direnak karu daude eta hondamendia borobiltzeko Ukraina eta Errusiak blokatu egin dituzte esportazioak.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ogia darama manifestariak  Egiptotik iritsitako argazki bat baino gehiagotan. Eskuarekin haserre erakusten duen barra edo buruan txapela moduan egokituriko opila. Geroago etorri dira aldarrikapen politikoak eta presidente zaharkituaren dimisio eskaerak. Orain trantsizio nahasian murgiltzen hasita daude buruzagi politikoak, asmatu ezinik nola uztartu 80 milioiren gaineko oreka politiko berria eta potentzia handien interes geopolitikoak.

Elikagaien garestitzeak liskarrak piztu behar zituela iragarria zuen Nazio Batuen Erakundeak. Mundutar gehienen oinarrizko menua osatuta baldin badago gari, arto, soja, azukre, olio eta esnekiz, horien prezioek azken hogei urteotako markak hautsi zituzten. Garia %43 garestitu zen 2010ean, artoa %60 eta azukrea %77.

Afrikako herrialde gehienak derrigortuta daude gaur egun elikagaiak inportatzera. Arabiarrak dira, Egipto buru dutela, munduan gari inportatzaile handienak. Hainbesterako ote da gariaren kariotzea? Seguru baietz Tunisia, Aljeria eta Egipton gertatzen den moduan familia batek bere diru sarreren erdia janaritarako behar baldin badu.

Inflazioak ohiturak aldarazi ditzake, baita jateko moduak ere. Egiptoko familia askotako mahaietan gero eta bakanago azaltzen dira fruituak eta zer esanik ez okela. Ahaztu ezazu arraina. Ordainetan, pobrearen jatena: ogia ogi tartean.

Baina elikaduraren prezioak kontrolatzea baino errazago lortuko dute egiptoarrek Mubarak alde batera uztea. Aspalditik dira jakiak eta oro har lehengaiak espekulaziogai munduko burtsetan, AEBetako Chicagokoan bidenabar. Norbaiti eskatzekotan “emaiguzu gaur / eguneroko ogia”, Hedge fund eta inbertsio funtsei, finantzetako apostulari handiei behar zaie erregutu. Eta ez daude merkealditarako.

Besterik ezinean, Magrebeko agintariek dirulaguntza bidez kontrolatzen dituzte ogiaren eta elikagai oinarrizkoenen prezioak. 2010ean, ordea, horietako askok espero baino ezintasun handiagoak aurkitu ditu  panem et circenses banatuz herritarrak goxatzeko. Zergatik?

Our Finite World blogean Gail Tverberg-ek eman du erantzun bat, energi krisiari lotua, beste ia inork kontutan hartu ez duena. Tverberg The Oil Drum gune eta pentsamendu faktoriaren editoreetakoa ere bada (elkartearen leloa hau da: “Energiaz eta gure etorkizunaz eztabaidatzen”). Petrolioaren urritzeaz zerbait badaki, beraz.

Tverbergek gogorarazi du Egiptoko gobernuak aurretik iragarri zuela janarien gaineko subsidioak murriztu behar zituela. Milaka herritar kalera protestan irten ondoren, janarien dirulaguntzak mantendu eta energiarentzakoak handituko zituela agindu zuen.

Hitza betetzeko, ordea, Kairoko agintariek arazo larri bat daukate:  finantza publikoak arras desorekatuta dauzkate. Funtsean aurten edo beranduenera heldu den urtean Egiptok ez duelako gehiago petroliorik edukiko esportatzeko.

Elikagaia petrolioari loturik

Mubarak gainbehera hasi denerako  Egipto Peak Oil-ean sartuta zegoen. Egiptoko ekonomiarentzako arazoa ez da bakarrik bertan gero eta petrolio gutxiago ekoizten dutela; kontua da aldi berean petrolio kontsumoak goraka segitu duela errukirik gabe. Horregatik ziur da Tverberg aurten bertan Egipto pasako dela petrolio esportatzaile izatetik inportatzaile izatera.

Esportatzen zuen petrolioaren gaineko zergekin ordaintzen zituen Kairok hainbat subsidio, funtsean jaki oinarrizkoen prezioak apal atxikitzeko. Hortik laguntzen du diruz bertan kontsumitzen den erregaia ere. Orain, berriz, diru iturri horiek desagertzeaz gain askoz garestiago pagatu behar du kanpotik sartutako erregaia.

CIAren data basearen arabera -CIA World Fact Book- Egiptok sortzen duen Barne Produktu Gordinaren %80 adinakoa da Kairoko Gobernuak daukan zorra. Petrolioaren eta honen eratorrien urritzearekin are gehiago desorekatuko zaizkio finantzak. Hori gutxi balitz, krisia dela eta gutxitu egin da trafikoa Suezeko kanalean, estatuaren beste diru iturri nagusietakoa.

Populazioaren hazkundea, ordea, ez da mantsotu, %2 urtean, emakume bakoitzeko hiru haur. Gaur diren 80 milioi egiptoarrak elikatzeko gero eta soro gutxiago dago, hiritartze bortitza dela medio Nilo ibarra betonez eta asfaltoz bete da urte gutxitan. Ibai ertza ez den oro basamortu gelditu zen aspaldi.

Egiptok iresten dituen elikagaien %40 inportatzen du eta nabarmenago gariaren %60. Nondik eta zein preziotan eskuratu, ordea? Aurten uzta kaxkarra eman ei dute gari soroek munduan. Bioerregaietarako ere erabiltzen dute leku askotan. Denetan populazioak handitzen segitzen du. Nekazaritzan duela hamarkada batzuk igarri zen Iraultza Berdeak, ureztatzea eta ongarri kimikoak oinarri zituenak, onenak eman ditu. Guzti horri erantsi petrolioaren prezioengatiko garraioaren garestitzea eta espekulatzaileen presioa, eta dena esana dago jakien garestitzeaz.

“Baina zergatik daukate hain oihartzun bortitza Egiptoko arazoek munduko gainerako lekuetan?” galdetu du Gail Tverbergek, ondoren bere erantzunak aurreratzeko. Arrazoi bat da herrialde arabiar gehiago bizi direla antzeko presioen mende. “Janariak garestitzen ari dira edonon. Jende behartsu askok irabazten duenaren %50 edo gehiago behar du jateko, eta horientzako edozein kariotze benetako problema bihurtzen da. Herritar asko azkenean petrolioaren eta jakientzako subsidioen menpe bizi da. Horiek desagertzen badira edo inportazioen garestitzea berdintzeko adina igotzen ez badira, larri dabiltza”.

Bigarrenik, Europak kezkati begiratzen dio Suezeko kanalari. Hortik egunean bataz beste milioi bat petrolio upel pasatzen da Europarantz. Hori berez Europak kontsumitzen dituen hamar milioi upeletatik bat besterik ez da, eta gainera guztia ez da Europan gelditzen, Ameriketara ere badoa. Baina gaur denok bizi dugun petrolio egarriarekin, horniduren %5 edo %7 arriskutan egoteak loa galarazten du.

Bestalde, globalizazioarekin munduko ekonomia just in time sisteman dago antolatuta, enpresa askoren stockak oso dira murritzak, hein batean biltegiak bideetako kamioiak eta itsasaldian doazen ontziak dira. Suezeko kanala itxi baledi, pakeboteek egun luzeagoak egin beharko lituzteke Afrika bazterretatik, baina itsasbide berriok erregai gehiago xahutzeaz gain antolatu egin beharko lirateke.

Egipto? Europa eta AEB begira daude Suezeko kanalari, islamistei eta Israeli. Egipto? Marokon Mohamend VI.ak  igo egin ditu gari, olio, azukre, gas eta gasolinarentzako dirulaguntzak. Badaezpada ere.
 


Azkenak
Eduardo Ibero (Yala Nafarroa)
“Eskerrak eman nahi dizkiogu Iruñeko jendeari, beraien bultzadarekin heldu gara txupinazoa botatzera”

Eduardo Ibero, Lidon Soriano eta Dyna Kharrat, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek, 2025eko sanferminei hasiera eman dion suziria piztu dute.

 


2025-07-07 | Imanol Muro
Zergatik Joxe Azurmendi euskal gazteontzako?

Euskaraz hitz egiten duen gure herriak zortea izan du azken mende erdi luzean zehar gure herriari buruz pentsatzen aritu den figura bat edukitzegatik. Joxe du izena eta Azurmendi abizena. Oharkabean pasa daitekeen izena da. Bere obra milaka eta milaka orrialde emankorrek osatzen... [+]


BBCk Israelen alde egitera behartzen dituela salatu dute bere langileek

BBCko 100 langile baino gehiagok gutun bat argitaratu dute hedabideak Israelen alde duen jarrera salatzeko. Modu anonimoan egin dute, bestela "ondorio larriei" egin beharko lieketelako. Erresuma Batuko kultura eta komunikazio arloko beste 300 pertsonek ere sinatu... [+]


Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte

Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».


“Zazpi sendabelar ukendua”-ri zor dioguna

Ukenduak egiten dituen orok solstizio bueltako data hauetan zeruari begiratu dio: bateko beroa eta besteko ekaitzak, sendabelarrak noiz bildu erabakitzen komeriak izan dira. Ikusten denez, San Joan eguna ez da edozein egun, indar eta sinbolismo bereziko eguna dugu. Edozein... [+]


2025-07-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Hegoaldeko suge leuna: ehiztari bat ilunpean

Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak... [+]


2025-07-07 | Jakoba Errekondo
Joan deneko usain bete ekain

Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan, batzuek bere txoroan, ez gara jabetzen baina landareak bai ederki asko! Eguna mozten hasi da eta ez dio... [+]


2025-07-07 | Garazi Zabaleta
Larrinbarri
Ahabi ekologikoak Anbotopetik

Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun batek eta biok sortu genuen proiektua, hasiera batean,... [+]


Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Eguneraketa berriak daude