Miren Urbieta

"Kantuan teknika da gakoa, ahotsa erabiltzeko modu egokia"

  • Isiltasuna izan zen lehenengo. Orkestraren akordeak, gero. Ondoren, sopranoaren ahots zirraragarria Jesus Aranbarriren lana interpretatzen. Miren Urbieta da, kantuan bakarlari.
Miel Anjel Elustondo
2011ko otsailaren 06a
Miren Urbieta
Miren UrbietaDani Blanco

Duela bi urte ezagutu zintugun hainbatek, 2009ko azaroan, Argiaren 90. urteurrena ospatzeko Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zenuen emanaldiaren karietara. Jesus Aranbarriren (1902-1960) Zortzi euskal kanta interpretatu zenigun.


26 urte nituela, baina 6 urtetan hasi nintzen kantatzen! Eskolanian lehenengo, abesbatzan gero… Txistua ikasi nuen, klarinetea hurrena… Nik banekien musika ikasi nahi nuela. Irakasle ikasketak egin nituen, baina Musika adarrean. Koru zuzendaritza ikastaroak ere egin nituen. Halako batean, kantu ikastea erabaki nuen, bakarlari, eta bide horretan ari naiz, bidea egiten, poliki-poliki. Dena dela, 2009 hura izan zen bidearen hasiera: ikasketak bukatu, zarzuela bat kantatu hemen, opera bat han, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin kontzertu bat, Argiaren emanaldia Euskadiko Orkestrarekin batera… Nire ibilbidearen hasiera!

Ordu arte, auzoan egin zenuen bidea.


Bai, Grosen bertan, Mariaren Bihotza ikastetxearen inguruan. Bertatik bertara bizi naiz, bertan ikasi nuen, bertan begirale, musika irakasle, kantari abesbatzan, zuzendari… Dena. Nire bizitzan bada inflexio puntu bat, Antxon Sierraren heriotzak eragin zuena. Gure eskolania eta abesbatzaren zuzendaria bat-batean hil zen. Txikitatik ezagutzen nuen, erreferentea nuen, harreman berezia nuen harekin… Antxon Sierrak bakarlari jarri nahi izaten ninduen, nire aldeko apustua egiten zuen. Ni, aldiz, ez nengoen prest garai hartan, oso lotsatia nintzen, eta ezetz eta ezetz esaten nion. Berak, halako eta halako kantatu behar nuela, bakarlari. Ene!, orain ikusiko banindu! Poztuko zen, jakina. Baina bat-batean hil! Maiatzaren 31 batez hil zen, 2003an, eta, hain zuzen, hil haren hasieran egina nuen nik, bizian lehenengo aldiz, zuzendaritza ikastaroa. Halabeharra zer den. Eta niri agindu zidaten eskolaniaren zuzendaritza hartzeko. Ez nituen 20 urte ere! Handik urtebetera, abesbatzaren zuzendaritza hartu nuen. Ez nuen horrelakorik uste izango!


Kantu ikasketak, bakarlariari dagozkionak, egin zenituen orduan, lagunek bultzatuta.


Bai. Bilbon magisteritza ikasita, klarinetea Donostian, eta koru zuzendaritza Mariaren Bihotzan. Ardura handia zitzaidan! Klarinete ikasketak egina (erdi mailako ikasketak, alegia), eta goi mailakoak egiteko atarian nintzen. Nik ez nuen nire burua goi mailako klarinete ikasketak egiten ikusten, nahiz eta ordu artekoak ondo gainditu. Abesbatza zuzentzen ari nintzenez, zuzendaritza ikasketak egitea ere pentsatu nuen. Musika pedagogia ere aukeran neukan… Goi mailari ekin aurreko ikastaroetako batean, esan zidaten lagunek: “Zuzendaritza? Pedagogia? Eta zergatik ez kantua?”. “Ni, bakarlari?”. Ez zitzaidan buruan sartzen. Bai, jakina, abesbatzan egina nengoen bakarlari saioren bat edo beste –gure amonaren poza!, “ze ondo kantatzen duzun!”–, baina hori ez da nahikoa. Dena dela, lagun haiek ekin eta ekin zioten, nik irakasleren bati ere galdetu, eta kantu ikasketak hasi aurreko froga prestatu nuen, soprano ikasketak egiten ari zen lagun batekin. Froga hura gainditu eta hartu ninduten, horregatik hasi nintzen bakarlari ikasten. Harrezkero, ikusi dut mundu horretan aukerak baditudala.


Bidea egiten ari zara, beraz.


Poliki-poliki. Hemen ez dago azkar ibiltzerik. Pentsatzen dut azkar ibiltzeko modu bakarra leku egokian garai egokian egotea izango litzatekeela. Hori gabe, poliki-poliki egin beharra dago bidea. Urte gutxi daramatzat bakarlari. Musikenen lau urtez ikasi nuen, baina gehiago ikasi behar dut: opera asko dago kantatzeko, lan horiek ezagutu behar dituzu, eta, horrekin batera, zeure burua ezagutarazi. Galizia Etxeko Korua, Mariaren Bihotza Abesbatza, Eskolania, Orfeoi Txikia eta Gaztea zuzendu ditut; beraz, bertako kantari, haien senide eta lagunak direla, eta bestetik San Bizente parrokian, Okendo kultur etxean eta Donostiako beste hainbat tokitan egindako saioak direla-eta, Donostian jende askok ezagutzen nauela esango nuke, jende kopuru handi xamarra, alegia, nahiz eta horrek ez dizun ematen kantari profesionala zarela esateko baimena. Musika Hamabostaldian kantatu ahal izateko, Kursaalen zein Victoria Eugenia antzokian agertzeko, beste zerbait behar da: beharbada, deitura arraroren bat izatea, kanpoan ezagutua izatea, edo esperientzia-urte gehiago. Eta etxean ezin bada, kanpoan bildu beharko dugu esperientzia.


Donostian ezin.


Zerbait egin liteke. Urtarrilean kontzertua Donostiako udaletxean, duela bi hilabete Irunen, udan beste bat Deban… ondo dago, baina ez da nahikoa, eta kanpora joan behar bila, hemen ez dago-eta behar beste mugimendu. Esaterako, Donostian, urtean behin egiten da opera, eta, askotan, kanpokoa izaten da produkzioa.

Irunen, berriz, horra non dagoen Luis Mariano Elkartea. Saiatzen dira opera bultzatzen, baina baliabide handirik ez dute, eta hango Amaia antzokia ere ez da oso handia. Eta, hala ere, nahikoa egiten dutela esango nuke. Arriagan eta Euskaldunan, gazteak bultzatzen ahalegintzen hasi dira. Iruñean, Baluarte eta Gayarre ditugu…


Etxean ezin bada, kanpoan…


Sei hilabete egin berri ditut Valentzian, hango Placido Domingo Perfekzionamendu Zentroan, zuzendari eta pianista ezagunekin egin dut lan han Alberto Zedda maisuak gidatuta. Errepertorio handiagoa ezagutu dut, zuzendari gehiago ezagutu ditut –eta haiek ere ezagutu naute ni–, eta ikasi ez ezik, emanaldiak ere egin ditugu, Enrike Garcia Asensio zuzendari handiarekin, esaterako, eta Valentziako Komunitateko orkestrarekin. Kontzertuak egin genituen, eta hori bezain inportantea izan da bertako Palau de Lesartseko operak eta entseguak ikustea. Jakina, Lorin Maazel da hango orkestra-zuzendaria, eta Maazel zuzenean ikustea sekulakoa da.


Nola gainditu duzu garai bateko lotsa? Ez duzu bertigorik agertokira igo eta ikusle aldra handiaren aurrean kantatzeko?


Mariaren Bihotza Abesbatzaren zuzendaritza hartu nuenean uxatu nituen lotsak. Koruko gazteena izatetik zuzendari izatera igaro nintzen, eta zuzendari izan nahi bada, zuzena izan beharra dago, ez dago erdipurdika ibiltzerik. Irakasle ikasketak ere garai hartan bukatu nituen, praktikak egin… Kontua da adorea bildu nuela, jende aurrean hitz egiteko gaitasuna landu behar izan nuen-eta. Zuzendaritzak –bai eskolaniarenak, bai abesbatzarenak– asko erakutsi zidan. Horrez gain, Musikenen jasotako interpretazio eskolek ere asko lagundu didate.


Zuon bakarlarion kantua ez da, besterik gabe, ahotsaz baliatzea.


Ezta pentsatu ere! Interpretazioak berebiziko garrantzia du. Batez ere gaurko egunean. Opera, esaterako, modernizatu egin da, gizartea bezala. Esan nahi dut, sasoi batean ondo kantatzea zen inportantea, ez besterik. Gaur egun, opera oso aldatua dago: jantziak, atrezzoa… Eszena-zuzendariak garrantzi handia du, eta kantariak ere txipa aldatu beharra izan du, benetako interpretazioa egin. Oraingo opera ez da duela berrogeita hamar urtekoa, orduan baino pisu handiagoa du orain antzezpenak. Opera egileak letra jartzen dio musikari –edo, alderantziz, musika jartzen dio testu bati–, zerbait transmititu nahi du, era bateko nahiz besteko sentimenduak (poza, tristura, kexa…), eta kantariak ere horri heldu behar dio. Obraren mezua ikusleari gerturatzea da agertokian dagoen kantariaren interpretazioaren helburua.


Zein hizkuntzatan?


Dagokion hizkuntzan. Italieraz asko, baina baita frantsesez, alemanez, ingelesez, errusieraz… Bakarlari ikasketei dagozkien lau urteetan, lau hizkuntza ikasten ditugu (frantsesa, alemana, ingelesa, italiera), bai hitz egiten moldatzeko, edota zerbait ulertzeko moduan, baina batez ere maila fonetikoan, hau da, irakurtzeko eta ondo ahoskatzeko moduan.


Eta euskara?


Euskara ez da ikasten. Ezta gaztelania ere. Hemengo ikasle gehienek gaztelania jakiten dugu. Euskara… dakigunok badakigu, ez dakienak, ez. Dena dela, bakarlari batek kantatuko duen musika gehiena, hau da, historian zehar idatzitako musikarik gehiena, italieraz, alemanez, ingelesez eta frantsesez egongo da, eta, ondoren, bestelako hizkuntzaren batean kantatzea badagokio, baliabideak izan behar ditu hartan txukun kantatzeko, delako hizkuntza hartan hitz egiten dakienen bati galdetuta, edo hiztegi fonetiko batean begiratuta adibidez.


Galdera bat: ahotsa ez al da gastatzen?


Ez dakit, bada, hitza hori den, zuzen: “gastatu”. Bistan da ahotsa nekatu egiten dela, horretan ez da zalantzarik. Horregatik egin behar dizkiogu zaintza bereziak ahotsari. Kantariok, alegia. Zaintza horietan, osasuna da lehenengo: ohiko zaintzak, eta ariketa fisikoa. Zaintza bereziagoak dira, berriz, hitz egiterakoan garrasi ez egitea, gauez gutxiago irtetea, ez erretzea… Badira janaria estu begiratzen dutenak, hemendik bai eta handik ez jaten dutenak. Badira kontzertu egunean erritual bereziak betetzen dituztenak, janariaren ingurukoak, eta gainerakoak. Foniatraren kontsulta bisitatzea ere zaintza berezietan sartzen da. Besteren ibilbideari begiratzea ere ez dator gaizki. Placido Domingok, esaterako, 70 urte bete ditu oraindik orain, eta berebiziko ahotsa du oraindik, kantari ari da. Sopranoetan, adibidez, horra Mirella Freni, 75 urte ez ditu aparte izango. Ikastaroa egin nuen duela urtebete, bera irakasle, eta ikustekoa zen egiten zituen adibideak. Mirella Freni utzia dago opera kantatzeari, baina ateratzen duen ahotsa haren disko zaharretan entzuten den soinu bera da. Eta galdetzen diozu zeure buruari: “Nola lortzen da hori?”, eta erantzuna, berriz, hitz bat da: teknika, ahotsa erabiltzeko modu egokia, horixe da gakoa. Horien ondoan, bestalde, urte gutxiagorekin kantatzeko zailtasunak dituenik bada, ahotsa “hautsi” duelako, behar bezala zaindu ez duelako, azken finean.

27 urte dituzu, noiz heltzen da bakarlaria helduarora?


Ez dakit. 30, 40 urte bitartean, esango nuke. Garai horretan ahotsa eginago dago. Zenbait kantariri begiratu eta, badirudi 40 urterekin gorenera heldu ohi dela jendea: ibilbide bat, egina; lana dute, ospea… Horixe adina, beharbada. Baina denok gara diferente, nork bere bidea egiten du.


Non ikusi nahiko zenuke zeure burua 40 urterekin?


[Irribarre egin du] Nahi, egonkortasuna nahiko nuke nire lanean, halako antzokitan kantatuta egotea. “Kantutik bizi naiz, eta lasai nago” esateko modua izan nahiko nuke, “datorren hilabetean halako lekutan kantatuko dut, eta hemendik bost hilabetera, beste halakotan”; hau da, proiektuak izatea esku artean, han edo hemen, baina etxeko lotura galdu gabe. Joan-etorriko bidean nahiko nuke.

Eta Argiaren 100. urteurreneko kontzertuan kantari…


Bai… Zergatik ez?
AZKEN HITZA - Ez Dok Amairu-
· Sopranoa. Horixe naiz ni. · Ainhoa Arteta. Miresmena. · Maria Bayo. Oso ezaguna. · Maite Arruabarrena. Maite dudan maistra. · Andeka Gorrotxategi. Potentzia. · Opera. Lanbidea. · Zarzuela. Entretenigarria. · Filmetako musika. Mundu interesgarria. · Euskarazko musika. Hunkigarria. · Antzoki bat. Bartzelonako Lizeoa. · Hizkuntza. Euskara. · Miren Urbieta Vega, 2011. Bidean. · Miren Urbieta Vega, 2021. Ametsa egia bihurtua.
Nortasun agiria
Miren Urbieta Vega (Donostia, 1983). Bakarlaria. Irakasle ikasketak egina da Bilbon (2004), Musika espezialitatean. Klarinete ikasketak, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan (2005). Kantu ikasketak, Musikenen, Maite Arruabarrena mezzosopranoaren eskutik (2009). Hainbat irakasle on izan ditu, eta hainbat ikastaro ederretan parte hartu. Irungo Luis Mariano Musika Lirikoaren Elkartean kantatuta dago Lleo-ren Faraoiaren Gortea, Breton-en Usoaren berbena, Chapi-ren La Revoltosa eta Caballeroren Erraldoiak eta Buruhandiak zarzuelatan. Hainbat operatan ere kantatu du: Donizettiren L’elisir d’amore, Verdiren La Traviata, Mozarten Le Nozze di Figaro, Verdiren Rigoletto eta Mozarten Die Zauberflöte eta Don Giovanni lanetan, esaterako. Donostiako Musika Hamabostaldian ere egin du lanik. 27 urte, eta Euskadiko Orkestrarekin, Bilbokoarekin, Valladolidekoarekin (Espainia) eta Valentziakoarekin (Herrialde Katalanak) kantatu izan du. Hamaika lan egina, baina bidean dela dio berak, bakarlari handi izateko ametsa gauzatzeko bidean –asmotan–, guztizko intentzio eta lanean...
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Maiteminduta al dago Michel Houellebecq?

Urtarrilaren 4an argitaratu da Michel Houellebecq-en zazpigarren nobela, Sérotonine, eta publikatu bezain laster urteko fenomeno literarioetako bat bihurtu da Frantziako Estatuan, baita harago ere, itzulpenak azkar etorri baitira, asteazken honetan bertan publikatu da gaztelaniazkoa. Argitaratu aurretik zen handia ikusmina, Houellebecq ez baita alferrik gaur egungo idazle irakurrienetako bat, bere nobeletan Frantziaz eta Mendebaldeaz egiten dituen gogoeta sarkastiko, probokatzaile eta... [+]


2019-01-20 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Foam pilotak eta beste

2019-01-20 | Reyes Ilintxeta
Maddi Barber. Itoizko urtegiaren ondorioak behatzen
"Nola egin daiteke paisaiaren edo leku baten dolua?"

Mila galdera ditu borborka antropologiarekin maiteminduta dagoen Artzibarko gazteak. Horietako bat Itoizko urtegiarekin lotua:
nola bizi daiteke bertako jendea zazpi herri eta hiru natura-erreserba ito zituen ur baltsa erraldoiaren ondo-ondoan?


2019-01-20
Maddi Barber Gutirrez (Lakabe, 1988)

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna, EHUn. 2017an, Ikus-antropologia masterra egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean eta han Yours Truly zuzendu zuen C. Murray eta C. Hoskins-ekin. 592 metroz goiti dokumentala da master bukaerako lana. 2018an, Visions du Réel jaialdian (Nyon, Suitza) estreinatu ondoren, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean hartu zuen parte. Zinemagile nafarraren lana Kimuak 2018 sortarako hautatua izan zen. Orain Itoizko urtegiarekin lotutako... [+]


2019-01-20
Aldaketarik ez

Eguneko 13 ordu baino gehiagoko lanaldiak, jai egunak barne. Osagarririk ez opor, baja edo gauean lan egiteagatik. Prekarietatea ordainsari langile migratzaileentzat. Eta grebari ekin diote. Ez gara ari Almeriako “plastikozko itsasoko” egoeraz, Azkoienen gaude, Nafarroako Gobernuak diru publikoz lagundutako enpresa batean. Urtetan Nafarroako landa eremuan izan den gatazkarik handiena da Huertas de Peraltakoa. Eta momentuz, Aldaketaren Gobernuak patronalaren ildoa babestu eta... [+]


2019-01-20
Amurrioko baserriari tiro egin zion polizia: "Probokatu egin ninduten"

Pistolarekin tiro egin zuen Espainiako polizia ohiak adierazi digu bere burua defendatu besterik ez zuela egin. “Mendian gaztainak biltzetik nentorren, eta bertatik pasatzera nindoala jakitun, baserriaren atarian mezu iraingarria jarri zuten jabeek: ‘Kontuz txakurra’. Urteetan sufritu behar izan dugu irain hori, eta bake garaiotan berdin jarraitzea ez da bidezkoa. Demokrata orok egingo lukeena egin dut, justiziaren eta elkarbizitzaren alde aletxoa jarri”.


2019-01-20
"Atxikimendu-bonoa" sortu dute, euskal celebrityek aldarrikapen politikoak egitea errazteko

Kultur eta kirol munduko aurpegi ezagunek aldarrikapen politikoekin bat egitea errazteko, “Atxikimendu-bonoa” sortu dute Euskal Herriko hainbat eragilek. “Ideia sinplea da”, esplikatu du Txintxo Garmendiak, ekimenaren bultzatzaileetako batek: “Beti jende berarengana jotzen dugu antolatu dugun zerbait aldarrikapen zabala dela adierazi nahi dugunean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude