Kultur Bonoa eta merkatuaren legea

Badira urteak entzuten ditugula kulturaren merkatua eta kulturaren industria kontzeptuak sormen lanen ezagutarazteari lotuak. Produktu bat ekoiztu eta salmentara atera, eskaera eta eskaintzaren legeen arabera egokitu eta hor ikusiko da zein den konpetitiboagoa. Izango dira arrakasta lortuko duten enpresak eta ekoizpenak, eta, halakoxea da merkatua, frakasatuko dutenak.

Beraz, merkatu horrek kontsumorako pizgarriak behar ditu. Azoka horrek hainbat sektore hartzen ditu: sortzaileak, ekoizleak, banatzaileak, saltzaileak eta erosle-kontsumitzaileak. Bakoitzak bere papera betetzen du eta guztiek dituzte beren premiak. Halaxe, kulturaren antolamendua merkatu kapitalistaren logikaren barnean antolatzeko bidea ematen da, kontsumoa bultzatuz ikuspegi ekonomizista baten arabera eta merkatuaren eskaeraren arabera egokituz eskaintza. Eta guztiok gure aldetik jarri behar omen dugu krisi sakonetik irteteko, beraz utz ditzagun ideia ameslariak eta utopikoak, beren ederrean hala ere, eta hel diezaiogun errealitateari.

Eta horrela Kultur Bonoa asmatzen da, kultur kontsumoa bultzatuko omen duen trikimailua. Hilabeterako Eusko Jaurlaritzak 800.000€ inguru luzatzen ditu kontsumo hori pizteko. Jakina, nor kexatuko da liburuak, diskoak edo ikuskariak merkeago jasotzeagatik? Guztiek irabazten omen dugu: saltzaileek, ekoizleek, sortzaileek zein erosle-kontsumitzaileek. Salmentak igoz merkatua bera animatzen omen da. Egia ote ordea? Egia ote da kulturaren bideen zuloak konpontzen direla horrela? Eusko Jaurlaritzak delako bono horri eskainitako dirua antzerkiaren ekoizpenerako 2010 urtean dedikatutakoa bezainbeste dugu. Eta bonoaren diru horretatik zenbat bideratuko da aurreko urtean ekoiztutako antzerki lanetara? Euskal antzerkigintzaren merkatua indartuko ote zuen hilabete horretan Kultur Bonoak?

Antzerkigintza merkatuaren legearen menpe utziz, ekoizpen handiak, merkatuan aritzeko baliabide handiagoekin dabiltzanak, izango dira bonoaren onurak jasotakoak. Halakoa baita merkatua, txikiak baztertu eta handiak bultzatu. Tamalgarriena da instituzio bat politika horren bultzatzaile izatea. Bitartean sortzaileek mahai handi horretatik erortzen diren ogi papurrak biltzen jarraituko dute. Kulturgintzak behar duena da sortzaileen lana babestu, bultzatu eta zabalduko duen benetako politika, ondasun sozial gisa ikusiko duena eta ez merkaturatu beharreko industria soil gisa.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude