Banbuaren mundua ikaragarria da eta lilura guztiak bahitzen dizkit. Banbuak belarrak dira. Belar handiak, baina belar. Genero eta espezie ugari deitzen da banbu izenaz. Bateratzen dituen ezaugarria kanabera gogorra osatzea da. Eta kanabera honek eman dio zabalkundea banbuari. Lurrari eusteko, zubietarako, ubideetarako, itxituretarako, hesietarako, pardetarako, oilategietarako, kaioletarako, eskaileretarako, eraikinetarako, etxeetarako... Zertarako ez da erabili izan banbua? Txiroaren zura deitzen zaio Kolonbian. Puska txikietan Asia ekialdeko erara jateko txotxak egiteko eta, azken aldi honetan gero eta ugariago ikusten den, lur-zoruak egiteko oholtzetarako erabiltzen da.
Eraikuntza omen da, hala ere, banbuaren etorkizuna. Beste era batera ia ezinezkoak liratekeen aldamio egiturak egiteko aukera ematen du banbuak: zama eskasa, erresistentzia, garraiatzeko eta eskulanerako erraza eta merkea da. Eraikuntza modernoenen aldamio da, baina baita parte ere. Gero eta gehiago erabiltzen da eraikinaren beraren egitura izateko. Ikuspegi ekologikotik begiratuta ezin hobea da banbua. Tokian tokiko baliabide ederra. Bestetik, sorkuntzarako aparteko aukerak ematen ditu, eta eraikin artistikoetan bezala arte eraikuntzan ere nonahi topatuko duzu. Ikus, adibidez, Starn arkitektu anaien lanak (
www.starnstudio.com).
Banbua eskas, urte gutxi da geurera ekarri zela, baina kanabera,
Arundo donax, erruz erabiltzen dugu hemen. Aterpeak, etxeetako hormak, itxiturak, haize-hesiak eta abar egiteko, eta batez ere parda edo soro eta baratzeetako makiletarako. Nekazariaren adiskide paregabea izan da kanabera. Bere premia honek kanabera urtero moztea zekarren, hazkundea nolabait kontrolpean izanez. Kanabera utzi eta soroko lanetarako plastikozko sareak eta burdinazko pardak erabiltzeak kanaberadiari bakea ekarri dio. Mugarik gabeko zabalkundea ahalbideratzea, alegia.