Patxi Alonso | Benetako konkistatzailea

“Apolitikoak eskuindarrak diren bezala, talderik ez dutela diotenak Real Madrilekoak dira”

  • Kamera aurre zein atzean, “makina” bat.
Sustrai Colina
2010ko urriaren 24a
Ptxi AlonsoJudit Fernandez

Mundua futbola, futbola eta futbola omen da.


Bedeinkatzen dutenerako urak zerbait izango du, ezta? Gol bakoitza orgasmo bat da eta zenbat egongo diren ez dakizunez...

Sexua baino ziurragoa dela futbola, alegia.


San Mamesetik erromesaldian irteten den jendetzari Athletic kenduz gero zer gertatuko litzateke? Eta urtebetean futbolik ez balego? 


Zuek Cristiano Ronaldoren azazkalei buruz hizketan jarraitzeko gai izango zinatekete!


Lehen telebistak formatu, informatu, eta entretenitu behar zuela esaten zen. Gaur entretenimenduak irabazten du, baita albistegietan ere. Baina nork egin du negozioa norekin? Telebistak futbolarekin ala futbolak telebistarekin?  

Auskalo, baina aditu orojakile ahoberoentzat ez dago krisirik.


Telebistan egin dezakezun okerrena ez da telezaborra, gaizki egindako telezaborra baizik. Ez pentsa jendeak eztabaida gaiztotu eta zaratatsuak nahi dituenik, baina futbolari bokadiloa, katxondeoa, eta Marcaren txorakeriak kentzen badizkiozu zer geratzen da?

Athleticzalea izateagatik Interneten larrutzen duten aurkezle bilbotar bat!


Bilbon sortu izana barkatzen ez didatenak pozik uzteko zer egin behar dut? Suizidatu? Apolitiko guztiak eskuindarrak diren bezala, talderik ez dutela diotenak Real Madrilekoak dira.

Kontuz, zurea Real Madrilen katea da eta...


Auskalo zergatik daukan La Sextak aurkezle zuri-gorri bat haren burua mozteko prest dauden beste mila ilaran edukita. Haientzat Athletic, liga ona egiten duenean, beti bederatzigarren geratzen den Asterix eta Obelixen taldea da.

Ez da izango reality-en maixutzat zauzkatelako?


Generoak etiketak dira eta egon daitezke oso reality onak eta oso txarrak, albistegi on eta txarrak egon daitezkeen bezala.

Aizu, ez gaitu inork irakurtzen, eta ez hasi reality-ak defendatzen, e.


Zergatik ez? Beti egin didate grazia ekonomia aldizkari bat irakurri eta gorbata bat janzteagatik xanpaina txiz egiten dutela uste dutenek.

Baina jendea nahierara erabiltzen duenari manipulatzailea esaten zaio.


Akzio-erreakzio sekuentzia batzuk nahiko matematikoak dira, baina pertsonekin ari zaren momentutik beti dago ezusterako tartea. Kokotxak pil-pilean prestatzea bezalakoa da, puntu egokia bilatu behar duzu.

Hori baldin bada telebistaren etorkizuna...


Telebista orainaldian bizi da eta ez naiz ni azti eta profeta izango. Hori bai, lehengo programa handi baten aurrekontuarekin kate oso bat egin beharko da laster!
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude