Zutabegile hasiberriaren zalantzak

  • Zer idatzi lehenengo zutabean? Leiho zabal honetan, eta oro har, zutabegintzan debuta egin behar nuela eta, ezer baino lehen, jendelegeak agintzen duen gisara, nire ttakunkide Ana eta Jose Luis agurtu eta elkarrekin egin beharreko bidaiari xendra ona opa: Kaixo Ana eta Jose Luis, zer gizalarru? Edo. Agur ttakunkide maiteok, Ana eta Jose Luis, Jose Luis eta Ana. Ohore bat izanen da enetzat. Irakurleei ere, jakina, diosal egin. Agur, irakurle preziatu hori. Edo. Zu gabe ez ginateke ezer. Edo. Ez nazazu utzi, ulerterraza izango naizela zin egiten dut. Gogoan hartu, halaber, aurretik hemendik igarotako kideak. Inazio Mujika Iraola, Itxaro Borda, Jon Alonso, Anjel Erro, Jose Inazio Basterretxea, Ur Apalategi, Juanjo Olasagarre, Katixa Agirre, Eider Rodriguez eta Ixiar Rozas. Honek ez du hain zaila ematen, bidean inor ahantzia utzi ez badut, bederen.
Beñat Sarasola
Marc. Campa
Eta (h)errenkari heldu behar gero. Ondo ulertu badut, udako oporrak, abuztua, jaietako festak eta abar. Anak herriko jaietako “lasaitasuna” –edo “normaltasuna”, modako terminoa erabiltzearren– ekarri du hizpidera ironikoki. Euskal mccarthysmoaren buruzagitzarako hautagai nagusia bihurtu zaigu Iñaki Azkuna uda honetan. Kaskagorri eta Txoribarrote konpartsak izan dira, hala, sorgin-ehiza honen azkeneko biktimak. Tira, lehenengo egunetik bazterrak harrotzen ibiltzea eta ezinikusiak eragitea ez da, akaso, zuhurrena. Jo dezagun beste bide batetik. Euskal prentsako diru-laguntzak jaitsi egin direla –kasu batzuetan %69a– jakin dugu uda hastapenetan. Barrenak irauli zaizkit kotxez AP-1 delakoa hartu dudanean Maltzagatik Arrasatera. Autopista fantasma bat, inondik ere, tunel amaigabeek girotua. Eh txo, ez al gara geratu horrelako kontutan muturra ez sartzeko? Gainera, korporatibista eta koipe-emailetzat jo zaitzakete, Xabier Letonak egin baitu diru laguntzen inguruko salaketa publiko ia bakarra. Anak terrazen kontua aipatu duelarik, Donostian, Alde Zaharrean terraza kopurua handitzeko proposamena abian dela-eta sortu den polemikaz idatz nezake. Haatik, hor ere galtzeko irabazteko baino gehiago, seguruenik.
T. S. Eliot aipatu du Jose Luisek, eta horratx nire salbazioa. Elioten poema famatuenetakoa den The Waste Landen hasiera aipatu du Jose Luisek, “April is the cruellest month”, eta ondo legoke gogora ekartzea poema horren zati bat Joseba Sarrionandiak itzuli zuela Oh Euzkadi! aldizkariko hamaikagarren alerako, 1981eko abuztuan (noiz eta abuztuan!). “Apirila da hilarik krudelena, lur hileko/lilak hazten, oroimena eta desira/nahasten, sustrai uherrak/udaberriko euriez eragiten”. Jose Luisek abuztua dela hilik tontoena esaten zuen, “August is the dumbest month”-edo. Oroimena ahazten, desira gailentzen, sustrai uherrek igandekarien oinkadak pairatzen. Baina konturatzerako irailean gara, eta irailean zer? Nire amona zenak esaten zuen bezala, irailean futbola eta gaztainak. Momentu egokia Reala ekartzeko (h)errenkara. Berriz ere lehenengo mailan, etcétera, negu bezperetan, etcétera, etcétera.

Azkenik, dena ondo lotuta edukitzea lortu dudala zirudien; jendetasunez beteriko testua, esaldi mikatz eta erretxinik gabea, Reala ere nola edo hala testura ekarria. Baina hainbeste izerdi kostatako zutabea Argiara bidaltzeko puntuan nengoela, zer eta ETAren agiria. Arraioa. Hauek ere nire antzera ibili direla ematen du. Su-etena. Edo. Su-eten iraunkorra. Edo. Bertan behera uztea eraso ekintza armatuak. Edo, sinpleki. Sefini la patat, amaitu da, bagoaz.

Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


2024-05-14 | Hala Bedi
Kutxi kaleko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


Eguneraketa berriak daude