Agertokira igo aurretik komunera joan beharrean ez bazaude, zerbait ez dabil ondo
You can bet it. Oraindik gauza asko dauzkazue esateko?
Entseatzeko abesti bat, idazteko hitz bat edo kontzertu bat dagoen bitartean jarraituko dugu taldearekin. Guztiok daukagu argi egunen batean hau bukatuko dela, baina ez dugu horretan pentsatu nahi. Egiten duguna gustuko dugu? Bai. Ba beste guztia bigarren mailakoa da.
Scary. The Hot Dogs!-ek dagoeneko badio zerbaiti beldurra?
Beti izaten zaio beldurra zerbaiti, eta zure onena emateko ezinbestekoa dela ere uste dut. Zure sabela ez bada matxinatzen edo agertokira igo aurretik komunera joan beharrean ez bazaude, zerbait ez dabil ondo.
Can’t change mine kantak beste gorputz bat dauka eta beste guztiez aldentzen den sonoritatea du…
Nigandik irten zen, baina Iñigok borobildu zuen. Insomnio gau bateko ideia parrastada da; oso gustuko ditut kanta horren hitzak. Musikari dagokionez, hasieratik tempo egokia harrapatzen ez badiozu magia galtzen du; baina harrapatuz gero nire kuttunenetako bat da.
You can bet it, Can’t change mine, Alive eta Animal thirst kantek aurrera begirako ihesaldia erakusten dute…
Urteen poderioz hitzak beste modu batean ikusten ditut. Gaur egun garrantzi handiagoa ematen diot fonetikari, nahiz eta mezua zaindu.
Etxean grabatu duzue, Urretxuko antzokian…
Bai, oraingoan diskoa grabatzen hasi aurretik kantak maketatu egin genituen. Antzokian lortutako soinuak txundituta utzi gintuen. Oinarri horrekin Madrilera jo genuen Astrayen estudiora, baina konturatu ginen onena zela antzokira itzultzea, eta Astrayen estudio mugikorrarekin bertan berriro grabatu genuen guztia. Oso gustura gaude lortutako emaitzarekin.