Lanean umorea=umorea lanean

Gure osabak esaten zuen lana zela gogoz-kontra gehien egiten zena.   Jatea ere gogoz kontra egiteko ikaragarri nekosoa omen eta jan geroko egin beharrek, berriz, ez dute buru hauste makala ematen, bereziki, emakumezkoen artean. Zenbait gizonezkori ere entzun izan diot, oporretan etxetik kanpo igarotako aldiari zegozkion egunkari denak irakurri izana, barruak hustu bitartean. Lasaitu ederra hartuko zuen!

Bada, guk aurten oporren erdiak ospitaletan barna eman ditugu. Sugarrak ziren Errusian edota Portugalen bazterrak erretzen, gurean sukarrak sutan gauzkan bitartean. Ez dakigu germena, bakteria edo birusa den. Zalantzak itolarria sortzen digu, baina langileen jarrerak, zertarako dauden jakiteak, kontzientziak, umoreak, hurbiltasunak, giroak eta aldarteak, sinestarazten digu egiten ari diren ahaleginean eta fruituak emango dituen itxaropen osoa daukagu. Gu adina mintzen dira nahi bezain emaitza onak eskuratu ezinean eta inpotentzia horren nekea bizkarrean lanean ari beharra, horixe da: beharra. Humanoa eta gizatiarra.

Ezagutu nuen morroi asturiar ttiki bat Oñatin, kontrabando garaietan Arabatik astoan garia eta premia zutena gauez etxeratzen aritua eta aditua, bera lanean hartu zuen familiarentzat. Ez zuen euskaraz hitz egiten ikasi, ezta kontrabandoan ere, baina apaltasunak eta jartzen zuen aurpegitxoak, jendea erakartzeko edo limurtzeko senak sekula ez zuten kontrako bandoan sentiarazi gure artean zelarik. Izaera horrek mantentzen omen zuen zutik eta esna gaua ilunpetako lanean pasa eta goizean goiz jaiki behar izaten zuenean, soro edo belardira lanera gartsu agertzeko, bestela sardinzarrek (los sardinsarras bere hitzetan) agudo nabaritzen omen zuten nork pasa zuen gaua pasa behar ez zuena pasatzen. Berak zioenez, negozioan ari zenaren lehen arauak honakoa izan behar zuen: “Bezeroa izorratu egin behar duzu baina pozik utziaz”. Guri ez zigun erakutsi hori nola egiten den edo ez genuen ikasten asmatu.

Zegamako amona salerosa batek ere hala bota omen zion herriko harakinari atea ireki eta bera beste inor ez zegoela ikusita: “Eunon, bakarrik al zare? Ordun geoxeo torkonaiz”. Harrapazak! Behin etxetik irtenez gero, egun hartako zurrumurruak, notiziak edo berriak jakin gabe itzuli? Baita zera ere! Alde ederreko Gaur Egunak, Telediarioak eta Albistegiak, jasoko zituen hark. Albiste iturri interaktiboa zuen gogoko eta ez antzarrei zaperoa bezala nahi edo nahi ez bultzaka sartutako betiko kontuak. Baina seguru nago, harategia lepo beteta zegoela joanda ere, goxo zerbitzatuko zuela harakinak amona nonzeberri kontu-lapiko hura.

Lazkao Txikik ere “jakintsua izatea joandako lekuan egoten jakitea” zela erantzun zidan behin: gaur Goierriko artzainekin bazkaritan eta bihar Leioako klaustroaren otorduan. Ez bat ez bi, jarraian: “Hik ba al dakik zein zen Einstein?”. Eta erantzuteko astirik gabe xehetasunak emanik: “Ba Einstein behin batean trenean omen zihoan-eta bilete eske interbentorea. Patrika arakatu eta kale!: “Lasai, egunero tren berean zabiltza eta beti duzu billetea. Fidatzen naiz”. Handik ordu erdira, trena goitik behera pasa ondoren, hor ikusten du Einstein liburu, paper, trepeta... denak atera eta bila. “Baina, baina, esan dizut bada egunero tren berean eta beti billetearekin zabiltzala eta...”. “Ez, ez –Einsteinek– ez naiz zugatik ari, neuk behar dut billetea trenetik non jaitsi jakiteko!”. Hori da lana egitea hori. Lazkao Txikiri elkarrizketa eskatu nionean, hauxe bota zidan: “Bueno, lehene ehun aldiz eindako galderak eingo diak baino...”. Ez nituen hamabost egun ederrak pasa, hari sekula inork egin ez zion galderaren bila. Baina, elkarrizketa osoan hark erakutsi zidan jarrerak merezi zuen.

Egunotan, nola Zumarragako ospitalean hala Donostiakoan jaso dugun jarrera eta irrifar bakoitzak bizia eman digu. Bai Olatz, Felix, Laparra, Aldama, Aitziber, Mertxe... ez dakit badakizuen zuen laneko jarrerak, goxotasunak, irrifar bakoitzak zenbat sendatzen gaituen. Leku arrotzak dira horiek –zorionez– guretzat, eta urduri, estu, larri goazenean, zuentzat huskeria baldin bada ere, eman diguzuen tratuak, pazientziak eta hurbiltasun horrek, sendagai hoberenak adina balio digu. Milesker aipatuoi eta gainerako den denoi. Zoragarri ari zarete.

Oharra: Oraindik ez dakigu nola bukatuko zaigun gure historia, baina ahalegina egiten duenari berea zor zaio eta, ezer seguru esaterik ez dagoen arren, bukaera dena delakoa izanda ere, hau behintzat gogoan izango dugu beti: zuen umorea... lanean.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude