Benito Lertxundi

"Ez Dok Amairu denbora bat da, gaurdaino irauten du, jarraitzen du!"

  • 45 urte daramatza kantari, euskal kantagintzaren izen handietakoa egina. Bide luze horretan, hamaika disko ditu eginak, beraren gaineko liburuak argitaratuak ere badira, eta hainbat eta hainbat elkarrizketa, erreportaje, bideo eta gainerako ageri dira bateko eta besteko hedabideetako hemeroteka orrietan eta Argia aldizkarian bertan ere. Hala ere, berarengana jo dugu, orain artean jaulki ez duen perlaren baten bila.
Miel Anjel Elustondo
2010ko abuztuaren 01a
Benito elkarrizketan
Benito elkarrizketanDani Blanco

Trinitate plazan emanaldia egin berria zara, Donostian, ekain hondarrean…


Bizpahirutan zorte txarra ere izan dut Trinitate plazan. Zerupean denez, eguraldiak agintzen du. Gertatu izan zaigu kantuan ari ginela euria hastea, emanaldia geratu behar izatea, atertzea, berriz kantari hastea… Baina eguraldia lagun denean, eta plaza betea, leku polita da, gustu handikoa. Atmosfera koxkerotik ere badu, kresala ere senti liteke han… Musika tradizio handiko lekua, dudarik gabe. Aurreko larunbateko [uztailaren 3an] emanaldia dela-eta, eguraldi iragarpenak entzun ondoren, kontzerturik ez genuela egingo konbentzituta irten nintzen etxetik. Hasiko ginela, bizpahiru kantu egin eta geratu beharra izango genuela… Arrisku hori zegoelakoan. Baina eguraldia portatu zen, tenperatura egokia izan genuen, eta euri tantarik ez.

“Tenperatura egokia”. Eta zeure barruko tenperatura?


Hori besterik da. Kontzertu bakoitzak du bere historia. Denetarik bizi izan dugu. Bata da entzuleak jasotzen duena eta, bestea, aldiz, agertoki gainean gertatzen dena. Nahasketak egoki egiten ote diren, ekualizazioak atseginak ote diren… Gauza horiek ondo daudenean, jaialdia bera ere irrist! irteten da, berez, eta horrek jarrera bat dakarkio kantariari, eta entzuleari ere transmititzen dio berotasuna. Beste batzuetan, gorabeherak izaten dira soinuarekin, gauza arraroak, eta orduan komeriak. Hala ere, barrutik begiratuta desegoki gertatu dena, kanpotik norbaitek pentsa lezake gauza estrainio hura kantaldiaren liturgiaren parte dela… Kontzertuen kasuan beste kontu bat ere bada: batean edo bestean egindako saio ona beste nonbait ere aurreko batean bezain ondo egin nahi izatea. Eta hori ez da beti posible, leku guztiak eta kantaldi guztiak diferente direlako… Trinitate plazakoari buruz, esango nuke nahiko saio txukuna egin genuela.

Nola bizi dituzu inoren emanaldiak, alegia, zu entzule zarela?


Kasu bat kontatuko dizut. Victoria Eugenian zen, Donostian, Leonard Cohen entzutera joanda. Beti izan naiz haren zalea. Egin zuen kantaldia, oso ongi egin ere, bukatu, eskatu genion “beste bat”, kantatu zizkigun bizpahiru, eta benetan bukatu zuen orduan. Ondoren, gure lagun Jose Anjel Irigarai Cohen agurtzera joan zen, eta zoriontzera. Bada, Cohenek: “Ez dakit zer zuen publikoak. Lo zegoela ematen zuen. Ez zait batere gustatu!”. Irigaraik, denak loriatan egon ginela, malkotan, barnean dastatzeko kontzertua izan zela eta hau eta hura. Cohen ez zen jabetu jendea oso gustura egon zela. Bera haserre zegoen, transmititu ez zuelakoan. Kanpotik era batera ikusten dira gauzak, barrutik beste era batera.

Liturgia hitza erabili duzu arestian…


Kontzertua liturgia bat da, bistan da. Kantariak kantua egiten duenean, kantu hark non egingo ote duen lanik onena pentsatzen du. Alegia, posible al da eguerdiko hamabietan, herriko plazan, kantu haiek ematea? Ez. Zer egiten dute kantuek, irabazi ala galdu? Galdu. Hori norberak zaintzen ez baldin badu, inork ez du zainduko. Kantuen eginbeharra beren onena ematea da, toki, momentu eta testuinguru jakin eta zehatz batean. Kantariak kantuen ordena asmatzen du –era batera hasi, jarraitu eta amaitu–, emanaldiaren atmosferaren ibilbidea kalkulatzen du… Arratsaldeko seietan, ala gaueko hamarretan? Ezberdina da zeharo, ez kantariok ez publikoa gaudelako umore berean. Marko egokiena non eta noiz izango den pentsatu behar da beti, eta hori jeloskor zaindu, teman. Nik ahalik eta tokirik onena opa diet nire kantuei, inguru batean ez dutelako deus adieraziko, eta beste batean bai. Eta nik, adieraz dezaten nahi dut.

Liturgia…


Lehenengo, jendea jabetu egin da halako lekutan halako garaitan kontzertua dagoela. Aukera egiten du: “Nik emanaldi horretara joan nahi dut”. Ondoren, txartela ordaintzen du eta, beraz, kontzertua erosten du. Gero, antzokian sartzen da, eta sartzen den orduko agertokia ikusten du, era jakin batera antolatua, eta non jarriko den aukeratzen du. Jarri eta inguruari begira hasten da, bozgorailuak eta beste, eta kantariak nondik irtengo diren, non eta nola jarriko diren irudikatzen hasten da bere buruan… hori dena kontzertua da, kontzertua hasia dago! Kantaldira joateko aukera egin duenetik hasi da kontzertua! Antzokian, emanaldia hasten da, hasten da bidaia, ibilaldia. Amaieran, ez dio axola non hasi garen, zein kanturekin, gogoratzea.

Berdin al da Donostiako Trinitate plazan larunbatez gaueko 10etan kantatu, edo Zangozako zinema-aretoan arratsaldeko 8etan?


Ez, ez. Berrogeita bost urte daramatzat kantari, eta zinez esaten dut ez dudala inoiz esperimentatu bi kontzertu berdin egin ditudanik, inoiz gauza bera sentitu dudanik. Kontzertu batetik bestera, hil eta birjaio egiten naiz. Kontzertu bat amaitu eta inoiz emanaldirik egin ez banu bezala prestatzen naiz hurrengo kantaldiari begira. Erabat berritzen dut grina, indarra. Eta Donostian nahiz Zangozan, lekuak eta beharrak ezberdinak izan arren, guk gauza bera egiten dugu beti: emozioak dantzan jarri. Ez dugu besterik egiten.

Zangoza baino hegoalderago, Erribera. Herri behera, Herri behera, zure landen zabalera, ortzi muga den hartan mugatzen da…


Ez Dok Amairu garaian egin nuen. Erriberan, Tuteran, emanaldia nahi omen zuten; jota kantariekin batera euskarazko kantaria. Eta abiatu nintzen, gitarra hartuta. Erriberriko gaztelua pasatu, inguruari begiratu eta paraje hura behin ere ikusi gabea nintzela jabetu nintzen. Tuteran, kantaldian, joteroak kantari, eta ni ere han. Oso arrotz sentitu nintzen, Ilunpetako gizona, Loretxoa, Zenbat gera… kantatzen. Azkena kantatu eta, gogoan dut esan nuena: “Hurrengo batean nik ere kantatuko dut jota bat, euskaraz, nire hizkuntzan”. Promes egin nuen, nahi baduzu. Eta handik pixka batera, egin nuen. Herri behera. Hurrengo batean kantatzeko asmotan, “Iruñea aldean, gehienez ere”, pentsatu nuen nik. Eta zer da eta ez da izango toki bat kantu hori eskatu ez didatena. Nik, aldiz, kantua kantatzeari utzi diot, psikologikoki ere ez nago hori kantatzeko. Atsedena.

Atarratze jauregian bi zitroin doratü… Hein batean, zeuk ekarri zenuen Zuberoa Hegoalde honetako askoren gogo-bihotzetara…


Bai, baliteke... Uztailaren amaierako bilera bat zen Ez Dok Amairurena. Han edo hemen, beti entzuten nuen Zuberoari buruz zer edo zer. “Zuberoa ezagutu behar diat!”, pentsatu nuen. Hitzordua ere egin genuen Xabier Letek eta biok. Hura Esara joatekoa zen, eta Orhi gailurrean bat egitea pentsatu genuen. Han nintzen adostu genuen egunean, baina bera ez zen azaldu. Ordu arte, Zuberoa herrixka bat zela uste nuen, ez besterik. Eta eskualde bat izan! Hantxe ibili nintzen. Ordurako banituen zenbait kanta emanaldietan jotzen nituenak, Azkue, Aita Donostia edo Salaberriren liburuetatik hartuak. Atarratze jauregian, Jaun baruak, Maria Solt… Zuberoa udatiarrez betea ikusi nuen. Hala ere, Ligin ganbera bat eskaini zidan Iruñeko emakume batek, herriko Hotel Touristique-ko nagusietako batekin esposaturik zegoena. Hark ezagutu, eta berak eskaini zidan lekua. Bada, gauero ostatu hartara biltzen ziren bertako kantari zuberotarrak: Zuburu, Napo Etxekopar eta besteren batzuk. Eta hantxe ni ere, gitarrarekin, eta Atarratze jauregian kantatu nuelarik, adibidez, harrituta begiratzen zidaten. Ea nondik sortu nuen kantua! Hoteleko jabeetako bat donadoa zen, Ligi bertako auzapez izana, eta Xotal xirulari famatuarekin dantza egindakoa. Kantuan ari ginela, halako batean desagertu egin zen, eta han non bueltan datorren Salaberrirren kantutegi guztiz zahar-zahar batekin! Han ageri zen Atarratze jauregian! “Hemen duk kantua, bai, zuberotarra duk!”. Salaberriren liburua, alajainetan! Donostian ez ziren liburu haren ale asko izango. Pako Meangolarra zenak bazuen bat, nik eskatzen nion, baina berak ezetz, erlikiatzat zeukan. Eta Ligiko gizon hura Salaberriren liburuaren jabe! Ni, txundituta, liburuari begira. “Nahi duzu liburu bat?”, hark, eta nik baietz, jakina. Ekarri zuen, azala urratuta zuen, baina zeloz konpondu zuen nola edo hala, eta eman zidan, eta hantxe daukat nik etxean gordeta, erlikiatzat neuk ere! Ez dakit zein urtetako edizioa den ere… Beren memorian galduak zituzten nik kantatzen nituen kantu zuberotarrak!

Kantua baino areago, garrasi politikoa besterik ez zen izan aldi bateko emanaldia. Franco hil eta ondoko garaian, batik bat. Sasoi latza izan zen zuretzat…


Momentuko errebindikapen politikoari lotuta bizitzerik ez dago. Txalo merkea jasotzea ez da luzea. Niri ez zitzaidan giro hura gogoko. Belodromoan, “24 orduak euskaraz” jaialdia egin zenean, ni azaldu eta txistuak! Ez nuen pentsatu niri ari zitzaizkidanik txistuka. Uste nuen guardia zibilak edo poliziak sartuak izango zirela, haiei ari zitzaizkiela! Niretzat zirela jabetu nintzenerako, “eta zergatik ari zaizkit txistuka?”, galdera neure buruari… Panfleto moduko kantu asko izan zen jaialdi hartan, “aupa eta gora eta irabazi dugu” gehiegi. Kontsigna haiek aditu eta “Galdu diagu!”, pentsatu nuen nik. Azalkeria, zentzugabekeria zen nagusi… Gauzak ahalik eta ondoen egin behar direla pentsatu izan dut beti. Hazi egin behar dugu, zentzu guztietan, politikan zein kulturan, hazi. Ikasi egin behar dugu, hobetu. Beti eduki dut hori presente. Atzerapausorik ez da egin behar… Garai hartako kontsigna giro hura atzerapausoa zen nire iritziz. Belodromoko hartan, azkeneko kantua egin behar eta erdiak txistuka eta beste erdiak txaloka nituen! “Zergatik, ordea?”, galdera neure buruari. Amodiozko poema, Orbaiztako arma olarena, Askatasunaren semeei, Jaun baruak, Maria Solt… ari nintzen kantatzen jaialdi hartan, artean grabatu gabeko materiala, nik ontzat emana ordurako… “Zer diagu? Orain arte hemen entzun ditugun kantu guztietan, neureak dituk onenak!”, pentsatu nuen. “Gure Herri hau erabat erotu duk, ala hau ez zoak oso urrutira!”. Eta, zorionez, bigarrena gertatu zen, hark ez zuen luze jo. Nik uko egin nion garrasia besterik ez zen jaialdi haietara joateari. Hala ere, nola edo hala behartu egiten ninduten, liturgia hark sakrifizioko bildotsa behar zuelako, inondik ere. Neu nintzen bildots hura. Pospoloz betetako liturgia hartan, ni irten eta txistua pizten zen, ez pospoloa. Are gehiago, jaialdian azkena izaten nintzen kantatzen. Liturgia berriz ere. Horrela diseinatzen zuten kantaldia antolatzaileek! Ultzera ikaragarria sortu zitzaidan [erpurua eta hatz erakuslea bildu eta biribila osatu du, ultzeraren tamaina adierazteko]. Kirofanotik pasatu behar nuela esan zidaten. Pilulak ere agindu zizkidaten, merkatura atera berriak. Nik, akupunturara jo nuen, Donostian, argentinar batekin, eta lau hilabetean sendaturik nengoen, ez kirofano, ez pilula. Hori zor diot garai hari. Gerratik etorrita bezala itzultzen nintzen kantaldi haietatik.

Ultzera hura ez ezik, ondotik etorri zen diskoa –Zuberoa–, garai hari zor diozu, tarteko isilaldi, gogoeta eta lan handiari. Zure ibilbidea markatu duen diskotzat jo izan dute…


Jendeak belodromoan txistuka hartu zituen kantu haiekin, besteak beste! Baina halako haize zirimola hark galarazi egin zion jendeari konturatzea, nonbait! Diskoak bestelako patxada hartzeko aukera ematen dio entzuleari… Nire lehenengo kantuen bidez, jendea Zuberoara joaten hasi zen. Hegoaldetik, alegia. Inarroste bat gertatu zen. Mugimendua. Eta kantu batek mugimendua sortzen duenean, jakin-mina eragiten duenean, indarra duela adierazten du. Orbaiztara bezala. Jendea arma-olara joan eta etxera eramanak ditu harriak, erlikia! Nik ezagutu nuen Orbaiztako olak, eta handik urteetara ikusi nuenak ez zuten deus ikustekorik. Nik ezagutu nuenean eraikina eroria zegoen, baina urteetara, are galduago, jendeak harriak eraman zituen-eta etxera! Autobuskadak joaten ziren, erromesaldian! Igande batez, Ataungo mendizale talde bat joan da Orbaiztara, arma-ola ezagutzera, eta plazara heldu eta agure bat. Galdetu diote nondik joan fabrika zaharrera, eta agureak: “Zer arraio pasatzen da fabrika zaharrarekin? Lehen ez zen inor etortzen eta orain autobusak eta autoak dabiltza hara?”… Gertatu da Baldorbarekin. Behin, joan gara Iruñera, kantaldi baten aurkezpen edo zerbait egitera, eta kazetariaren galdera: “Izan zara aspaldi Baldorban?”, “Bada, ez!”. “Joan beharko zenuke, zeharo aldatua dago, eta zurea da errua!”. Nonbait, hango ostatu, agroturismo eta gainerakoak! Eta web orrian ere, nire kantu hura jarria dute. Hori du kantuak! Kantuak zerbait mugiarazten duenean, unibertsal bihurtzen da.

Krishnamurti eta Benito Lertxundi.


Aspaldi irakurri nuen Krishnamurti, eta denbora da berriz hartu ez dudala… baina bat egiten dut harekin gauza askotan. Har ditzagun filosofoak, adibidez. Berak dioenez, filosofoak ispilu bat eskaintzen dizu, zuk zeure burua ikus dezazun. Inportantea ez da ispilua, zu zeu baizik. Zure filosofoak horretan lagundu badizu, ondo da, nahikoa da, jo eta bota ezazu ispilu hori harrika, piztu da zugan piztu behar zuenak, zu zeu zara gauzei igarriko diezuna. Krishnamurti hor dago, baina hura orain berriz irakurtzea ez dut pentsatzen. Nahiago dut paralelismoak bilatu, beste pertsonaiaren batzuen lanak irakurri. Esate baterako, Pessoa. Oraintxe baditut hiru olerki, musikatzen ari naizena. Arima bizkia ikusten dut Pessoa. Oso gauza politak esaten ditu. “Nik ere horixe esango nikek, baina esan zian honek eta alferrik jardungo nauk ni bestela esaten!”. Pessoa ez da Krishnamurti, baina baditu paralelismoak. Niri gustatzen zait baten olerkietan dagoen bestearen usaina aditzea, Pessoaren obran dauden gauza inteligente eta interesgarriak aurkitzea, alegia, gauza inteligente eta interesgarriak nahi ditut-eta nire kantuan.

Zeuk daramazu Ez Dok Amairuren lekukoa…


Kantatzen segitzen duen bakarra naizelako?... Ez Dok Amairuk ez zuen egin erreaktoreari pospoloa jarri besterik. Garai hartako Euskal Herri lokartu, beldurtu, zokoratu hartan argia piztu zuen. Jendea idazten hasi zen, antzerkia egiten, hau eta hura egiten. Ez Dok Amairuk hainbat gauza jarri zituen martxan. Ez Dok Amairu ez da talde bat, mugarri bat baizik. Inoiz entzun dut, eta gustatu zait, “Ez Dok Amairu baino lehen, Ez Dok Amairu eta gero…”. Ez Dok Amairuk garai bat markatzen du, aro bat. Berdin. Ez Dok Amairu denbora historiko bat da. Ate bat. Pospolo hark piztu zuen gar hartatik irauten duen sua ere Ez Dok Amairu da. Batek esan duenean, “Nik Ez Dok Amairuri zor diot…”, bera ere Ez Dok Amairu da! Hala da, berez. Garai bat delako, denbora bat osoa, gaurdaino irauten duena. Ez Dok Amairuk jarraitzen du, gero! Oraingo belaunaldi gazteek, Ez Dok Amairu ezagutu ez dutenek, hari buruz tutik ere ez dakitenek ere, haren itzala sentitzen dute. Bestela, esango didazu nola has litekeen kantatzen euskaraz gaur egun. Dirurik gabe, kontzerturik gabe… eta taberna zuloan euskaraz kantatzen! Ez Dok Amairuren itzala daramate. Askotan galdetzen didate gazte horiek: “Eta zer zen Ez Dok Amairu?”. Niri alfergura ematen dit kontatzen hasteak. Kontatuz gero, misterioa galduko du, eta nahiago dut misterioa, hark bultzada handiagoa emango baitie orduko gauza konkretuak kontatzeak baino… Ez Dok Amairu gertatzen ari den guztia da, bere on eta txar guztiekin!

Zure jaialdi asko bukatzen diren moduan bukatzeko… Zenbat gera, lau, bat? Hiru, bost, zazpi…


Gure Herria, guk nahiko genukeenaz ari zara, alegia… Oso gaizki egiten dugu egin beharko genukeena. Herri honek eginkizun dauka antolamendu politiko zuhurra. Herri txikia gara, baina potentziala dugu. Ez Dok Amairu garaian, klabe politikoan hizketan hasten ginenean, zegokion moduan erabiltzen genuen hiztegia. Baziren zenbait izen eta kontzeptu orduan aipatzen genituenak, gaur aipatzea bekatu dena… Diskurtso falta ikaragarria dugu, hizketan hasi eta totelka hasten gara. Ez dut ikusten, momentuan, behintzat, diskurtso egoki bat garatzeko gaitasunik, gure kontra datorren diskurtso hori zalantzan jarriko duenik... Erraz toreatzen gaituzte, errazegi engainatzen! Irudipena daukat joan deneko 40 urtean gure Herri honi ahaztu egin zaiola klabe politikoan pentsatzen eta hitz egiten. Ez daki bere nahia egoki kanporatzen, eta ez dut ikusten inor horretan ari denik. Zer ikusten dudan? Alderdiak, beren alderdikerian mozkortuta, beren alderdiak antolatzen, zertarako eta nork bere hegemoniatxoari eusteko. Txatxukerietan murgilduta, azken finean. Izan ere, Herri hau hain dago fragmentatuta, eta fragmentatzen ari, nork bere ondoan ikusten baitu etsaia! Ondokoaren kontra borrokan xahutzen ditu indarrak, ez benetako etsaiaren kontra.

Zer egin degu? Alkar jo. Zer egingo degu? Alkar hil!...


Batek esango du, “Orain dela 40 urte baino hobeto gaudek!”. “Bai, ez zakiat zertan!”. Halaxe esaten zuten frankistek ere, gerra egin eta 30 urtera, gosea pasatu zenean, industria ere hasi zenean eta abar. “Bai, baina orain dela 30 urte baino hobeto gaudek!”. Ergelkeriak! “Orain dela 40 urte baino hobeto gaude, autonomia daukagu!”. Ez al da jendea konturatzen, izan ditugun lehendakari abertzaleak ez direla izan lurralde ordezkaritza baten administratzaileak besterik? Administrazio kudeatzea izan da. Lehendakari subiranoak izan direla uste dute, gainera. Eta hauteskunde kanpainan ere, Espainiako hizkuntza, estilo eta ereduen mende jarduten dute. Inperioaren kultura dute. Pertzepzio hori dugun bitartean, edozer egingo digute. Hainbeste auzipetu eta komeria! Etortzen dira bi guardia zibil, halako eramaten dute, eta kartzelatu. Hori ez da politika!... Nik nahiko nuke Herri hau gai izatea benetako zerbait egiteko, sistemari mozorroa erantzi eta benetako aurpegia agerrarazteko modukoa, masa mugimendu gobernaezina antolatu… Beharbada, orduan, Herri honetan tankeak sartzea beste erremediorik ez lukete izango. A zer argazkiak egingo genituzkeen! A zer argazkiak, bere burua hain demokratatzat eta tolerantetzat daukaten jende horrenak! Bere benetako muturra erakustera behartu behar da jende hori.

Ez dut beste musikaririk ezagutzen horrela mintzo denik gure artean…


Nik garbi dakit ez naizen zerbait izatera behartzen nautela. Behartzen naute. Bada, ni, errebelatzen naiz. Irtenbidea ematen badidate, hau da, mundutarra izatea, oso ongi. Ilaran jarriko naiz, agiri eske. Baina badakizu zeinek galaraziko didan agiri hori hartzea? Mundua estatuetan zatikatuta nahi duten horiek. Haiek nahi dute, nik ere bai: ez naizen ezer izatera ez dut behartuta egon nahi, naizena izan nahi dut.
Nortasun agiria
Benito Lertxundi (Orio, 1942). Eta ba ote da inor Orioko kantariaren berri ez duenik? Haren emanaldietan hunkitu ez denik. Beraren kantaren bat baino gehiago hasi eta buru ikasi ez duenik. Kritikatu ez duenik. Maite ez duenik. Ibilbide zintzo koherenteari zor zaion merezimendua ukatuko dionik. Oraindik ere haren emanaldietara joateko prest, pozik ez dagoenik. Horretarako kilometroak eta kilometroak egingo ez lituzkeenik. Era batera edo bestera miresten ez duenik...
AZKEN HITZA
Ospakizunak
“45 urte daramatzat kantuan, bai. 50. urteurrena ospatuko dudan? Nik ez dut ezer ospatzen, ezta nire urtebetetzea ere. Ospakizunen batean ikusten banauzu, konplimenduz joan naizelako izango da. Ez dut mundu honetan ezer ospatzekorik ikusten. Nik ez dut osperik nahi, lasai bizi nahi dut, egoki, eroso… Egun bateko ospakizunak ez dit balio. Tira, ospatzekotan, Orioko arraunlarien jarduna txalotzen dut, miresten ditudalako, lanetik irten eta egiten duten lana! Eta Oriora ikurrina irabazita etortzen direnean, orduantxe ospakizuna. Arraunlariak txalotzen ditut, malkoa begian… Ni, izan ere, naizen tokikoa naiz, Oriokoa, eta ospakizuna izatekotan, hori da. Baina 50 urte kantuan eta ospatu? Ergelkeria handiagorik!”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Zubia pastorala Portugaleten
Bizkaia Zubiari omen herri antzerkiaren bidez

Koplak, musika, dantza eta kantak josiz, herri antzerkia egingo dute Portugaleten Ezkerraldeko herrian, abenduaren 16an, jazoera historikoak konta ditzan zubiari hitza emanez. 180 herritarrek hartuko dute parte Harribola elkarteak eragin duen egitasmoan.


Pello Joxe Aranburu. Apaiz langile euskaltzale abertzalea
"Euskara irakasten baino gehiago jendea kontzientziarazten saiatu nintzen"

Alkizan jaioa da baina Beterrin gabe, Goierrin egin du bizialdia Pello Joxe Aranburuk. Hiazinto Fernandorena Setien zenari segika, euskararen arloan lan egin zuen, estu, 60ko hamarkadan, eta lasaitu ederra hartuta, berriz, Franco diktadorea hil ondoko garaian.


2018-12-16
Pello Joxe Aranburu Ugartemendia (Alkiza, 1936)

Apaiz ikasketak egina Saturraran eta Donostiako apaiztegietan. Ezkio-Itsasoko Alegi auzoan izan zuen lehen apaiz destinoa. Baserri Gaztedi eta Herri Gaztedi mugimenduan lan egin zuen. Apaiz langile izan zen, lantegian, gau-eskoletan, Goierriko Euskal Eskolan eta Lazkaoko Maizpiden. Irakasle jardun zuen urte askoan, erretiratu zen arte. Hainbat liburu ditu eginak. Gaur egun, mintzalagun talde bat gidatzen du Zizurkil bizitokian, eta hitanoa ere irakasten ari zaio besteren bati. Ahotsak.eus... [+]


2018-12-16
Apaiztegia unibertsitate

“Askotan pentsatu izan dut apaiztegian unibertsitatean baino prestakuntza handiagoa ematen zela. Unibertsitatean ibilitako jende asko ezagutu dut, eta nire ustez, askoz prestakuntza handiagoa eskaintzen zuten apaiztegian, unibertsitatean baino”


2018-12-16
Apaiz, ez apaiz

“Ez dut mezarik esaten, ez naiz elizara joaten, hiletaren bat ez bada, behintzat. Ez dut ezer erlijioaren kontra, bateko eta besteko apaizekin biltzen naiz Donostian hilean behin, eta honetaz eta hartaz hitz egiten dugu. Giro horretan bizi naiz. Apaiz, ez apaiz, ez nago linboan, baina airean bai!”


2018-12-16
Dena zintzilik

“82 urte ditut, Zizurkilen bizi naiz, elementu jator asko ikusten ditut herrian, baina etorkizuna zail dagoela iruditzen zait, egundoko aldaketa garaia bizi dugulako. Aldatu da erlijioari buruzko sentipena, aldatu dira ohiturak... Ez dakit nora goazen. Dena zintzilik dagoela iruditzen zait. Zaila dago”


2018-12-16
Azken hitza: Hiazinto Fernandorena Setien

“Hiazintok markatu zizkidan bideak. Mila gauza zor dizkiot berari. Besteak beste, 60ko hamarkadaren hasieran nire burua alfabetatzen jartzen hastea. Besteak beste, lantokira pausoa ematea... Besteak beste, hau, hori eta hura. Hiazinto nuen zuzendari espirituala, esateko moduan. Ez dut Hiazinto behin ere ukatuko”.


Zirt edo zart

Ez aurrera eta ez atzera dago Ertamerikako migratzaileen karabana Mexikoko Tijuanan. Milaka lagunen ametsa zen, kolektiboaren indarraz baliatuta, AEBetako muga gainditzea. Hilabetea eman dute zain, baina tenperatura baxuak eta euriak larritasuna barreiatu dute kanpamentuetan. Egoeraren larria ikusirik, bakan batzuek etxera itzultzea deliberatu dute. Beste batzuek AEBetako hesien, polizien, militarren eta paramilitarren oztopoei, nola edo hala, aurre egitea erabaki dute.


2018-12-16
"Euskal Herria ez dago salgai" eslogana baztertu dute herri mugimenduek aurtengo Durangoko Azokaren ondoren

Herri mugimendu guztiek ohar bateratua argitaratu dute abenduaren 10ean, Durangoko Azokaren biharamunean, erabaki garrantzitsu baten berri emateko: “Euskal Herria ez dago salgai” eslogana behin betirako alboratuko dute, aurten Landakon saldu den guztia ikusirik.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude