Frenetikodrome. Hain frenetikoa izan da disko hau egitea? Egunerokotasuna ere halakoa da zuentzat?
Bai. Gauza ugari gertatu dira disko honekin batera: Governors eta Brutal Melody taldeak aldi berean jotzen aritu ginen; gero Ekonen bira etorri zen eta Governorsekin kontzertuak egiten genituen bitartean disko honetako abestiak konposatu nituen. Zoratzekoa izan da prozesua. Izenburuan estresa eta ezinegona irudikatu nahi nituen eta Parisen Sexodrome izeneko aretoa ikusi nuenean, bururatu zitzaidan behin-betiko izena. Egia esan behar badut, saltsa askotan egotea gustatzen zait, ez dakit geldi egoten.
Beste behin, ahotsarekin urrunago jo duzu eta oraingoan ere bestelako erregistroak lortu dituzu. Urrunago heltzeko premia daukazu?
Ez. Ekonen abesten hasi nintzenean edo Fjord sortzean banuen zerbait erakusteko beharra, baina orain ez. Ateratako melodiek eraman naute erregistro horietara. Gaur egun eroso nago abesten eta badakit nondik tiratu dezakedan.
Ibiltaria kantak harrituta utzi nau: pop-rock pieza borobila da.
Hala irten zen; ez nindoan gauza zehatz baten bila. Hala ere, bai metalzaleei eta rockzaleei, guztiei, asko gustatu zaie. Estilo bakarrak ez nau asetzen eta doinuak uzten didan biderantz joaten naiz. Estiloak fusionatzen dituzten taldeek betetzen naute gehien.
Zer izan da zuentzat Kristal kolpatuak kanta konposatu eta grabatu izana?
Poztasun handia zentzu askotan: Hatortxukoek kantua egiteko gu aukeratu izana eta Hatortxuk duen helburua bera. Gainera, kanta horri esker askoz jende gehiagok jarri du arreta gure musikan eta hori nabaritzen dugu kontzertuetan.
Zer unetan dago orain taldea?
Oso une onean gaude, diskoaz disfrutatzen gabiltza. Izan ere, egindako lan guztiaren ordaina kontzertuak dira: jendearekin egotea, erantzuna ikustea… eta orain horretan ari gara.