Xabier Mina

Otanoko iraultzailea eta “hirurehunak” Mexikon

  • Gustura mintzo ohi gara euskaldun unibertsalez, gure urguilu nazionala pizte aldera. Baina gehienetan, historiaz aritzerakoan, gure ahoa betetzen dute inperioen zerbitzura ibili ziren konkistatzaileek eta misiolariek: Elkano, Urtsua, Juan Zumarragako, Frantzisko Xabierreko, Inazio Loiolako… Ezaguna da, halaber, zer paper jokatu zuten arbaso euskaldunak izan zituzten kreol anitzek Ameriketako independentzia gerretan: Bolibar, Iturbide… Ia ezezaguna zaigu, ordea, gerra haietan euskaldun batzuek jokatu zuten paper askatzailea, Xabier Mina kasu Mexikon.
Bixente Serrano Izko @bixentesi
2010ko uztailaren 04a
Xabier Minaren estatua Mexikon
Minaren estatua Mexikon
Mingarria da nola ahaztu nahi izan duen Espainiako historiografia akademikoak iraultzaile liberal honetaz, eta ez da harro egoteko nola jarraitu duen ahanztura horretan, inertzia hutsarengatik segurik, euskaldunon memoria historikoak.

Orain gutxi irakurri ahal izan dut txostentxo bat, euskaraz eta historialari euskaldun batek egina, non, Ameriketako independentzia gerrez mintzatzean euskaldunen ondorengo kreolak aipatzen diren, baita euskaldun batzuk ere. Baina, Mexikori dagokionez, ezertxo ere ez gure Xabier Minaz; areago, honako hau irakurri dut bertan: 1810etik, “hamar urtetan Mexikon inor ez da ausartuko independentzia berriro eskatzen, 1821era arte”. Kolpe batez, Hidalgoren lehen saiotik (1810) Igualako Plana (1821) arte saio guztiez ahazturik. Garai hauek suertatu zitzaizkion Xabier Minari, Mexikon 1817ko apirilean sartu zenetik urte bereko azaroa arte, fusilatu zuten arte...

Ia ahazturik Xabier Mina, bai, gure artean, baina hagitz presenteago Mexikoko memoria kolektiboan, hango independentzia gerretako lehen mailako heroi gisa. 1823an izendatu zuten ofizialki Mexikoko Heroi, eta Katedral Metropolitarrean lurperatu. Gero, Independentziaren Zutabea eraikitzean (1921), marmolezko monumentuan kokatu zuten haren irudia, Morelos, Guerrero eta Bravorekin batera Hidalgo inguratzen laurok. Mina izena eramaten dute, Mexiko ongi ezagutzen duen Manuel Ortuño historialariak dioskunez, “hamarka tokik, plazak, etorbidek, kiroldegik, herritar-zentrok, mexikar Armadako itsasontzi batek, Tamaulipaseko nazioarteko aireportuak eta bertze hiri nagusi batzuetakoek, Minatitlanekoa (Veracruz) kasu”. Euskal Herrian, hor dugu Otanoko jaiotetxe eroria… sinbolo biribila. Lasaitu txiki bat izan dut Noaingo udalaren webgunean sartu eta hor ikustean Xabier Minari buruzko ohar labur baina interesgarria, bibliografia zerrenda eta guzti horniturik. Txalogarria da Txalaparta argitaletxearen ahalegina ere, 2003an berrargitaratu zuenez Martin Luis Guzman historialari eta narratzaile mexikarraren 1932ko titulua: Mina el Mozo. Héroe de Navarra. Bestetik, Manuel Ortuñok urte anitz darama Xabier Mina ikertzen; bortz liburu izan dira horren emaitza, eta seigarren batean, Vida de Mina. Guerrillero, liberal, insurgente (2008) izenekoan, aurreko liburu guztien berridazketa  irakur daiteke, dotore narratu eta eguneratua.

Ekintzaile aparta

Ez dugu Xabier Mina teorialari bat, ezta hurrik ere, baina bere ibilbideak –buru argi eta irekiko ekintzaile batenak– aurrera joan ahala, ideia liberal sendoak nagusitu zitzaizkion, askatasunarekin estu-estu lotuak, eta haiei eutsi zien fideltasun irmoenarekin.

Otanoko etxe aberatseneko seme nagusi honek –erran nahi baita lurjabe txikia zela–, euskaldun ama-hizkuntzaz, baina amarekin berarekin erdaraz alfabetaturik, Iruñean ikasteko aukera izan zuen 11 eta 17 urteen artean, eta Zaragozan jarraitzeko gero, matematika eta filosofian. 14-15 urte zituela ezagutu zuen bere lehen maisu politiko-militarra, goizuetar bat, Areizaga koronel ohia, Fernandoren aldeko ultramontanoa gorte espainiarraren liskarretan. Eta hain zuzen Fernando VII.ak lehenengoz koroa jaso zuenean, Zaragozan dugu Minaren berri, ikasle saldo baten buru, Godoy ilustratuaren erretratua erretzen eta Fernandorena haren ordez jartzen, 1808ko martxoaren 23an. Maiatzaren hasieran, Goyak betikotu zuen Madrilgo matxinadatik hiru egunetara gertatu ziren Baionako abdikazioak, Napoleonek bere anaia Josephentzat koro borboitarra lortu zuenean. Areizagak Fernandorekin joan nahi izan zuen Baionara, baina Irunen jakin zuen Napoleonen jokoaz, eta hortik aurrera konprometitu inbasioaren kontrako gerran. Koronel ohiak Xabier Minari deitu zion Goizuetara, lehenbiziko misioak proposatzeko.

Horrela hasi zuen Minak, 19 urte zituela, bere ibilbidea. Espioi gisa bidali zuen Areizagak 1808ko uda partean Ipar Euskal Herrira, tropa inperialen mugimendu eta planen peskizan, gaztearen euskalduntasunaz baliatuz. Gero, Aragoiko parajeetan ibili zen Areizagaren erranetara beti, harik eta 1809ko abuztuan, 20 urte besterik ez zituela Nafarroako Lehorreko Kortsarioak izeneko gerrillari boluntarioen gorputza antolatu zuen arte, hain ospe handia emanen ziona. Hain handia non 1810eko martxoan frantsesek Labianon atxilotu zutenean, Frantzisko Espoz osabak Mina Dibisioa –Nafarroako Dibisioa gero– jarri baitzion izena Xabierrek eraturiko gorputzari, baita Mina abizenaz hornitu ere bere burua historiarako: Frantzisko Espoz Ilundain Frantzisko Espoz eta Mina bihurtu zen. Abizen bahiketa gisa interpretatu dute anitzek, nahiz eta Espozek bere memorietan dioen ilobaren omenez egin zuela, frantsesei adierazteko Xabier Minaren adoreak bizirik jarraitzen zuela.

Vincenneseko unibertsitate liberala

Ezin dugu oraindik hitz egin Xabier Mina liberalaz. Erregearen, aberriaren eta erlijioaren alde borrokatu baitzuen zortzi hilabete haietan, 1.800 boluntario bildu zituen unerik garaienetan, baina berak galdetzaile frantsesei erantzutean motz gelditu ez eta 20.000 izango ziratekeela erran zien, arma gehiago eduki izan balu.

Baiona, Paris eta Vincennes izanen ziren bere kartzelak, beti ere Napoleonek emaniko aginduak lepo gainean izanik, hots, heriotza zigorra luzamendutan ibili gabe betetzeko aginduak. Nolanahi ere, bizirik jarraitu zuen –osaba Espozen hitzetan, berak lortu zion espainiar Erregeordetza Batzarretik militarra zela zioen agiria, frantsesek jo zezaten gerra atxilotutzat eta ez gaizkiletzat–, eta Vincennesen bere maisu liberala izango zenarekin egin zuen topo: Victor Fanneau de Lahorie jeneral frantsesa, Napoleonen aurka konspiratzeagatik 1812ko urrian fusilatua. Lahorierengandik ikasi zuen Minak askatasunaren kontzeptu liberala, hain diferentea Ancien Régimeko askatasun edo pribilegioen aldean. “Bertze ezer baino lehen, askatasuna” omen zen Lahorieren lelorik kuttunena.

1814ko apirilean lortu zuen Minak askatasuna, Napoleon garaitu zutenean, eta Nafarroa Garaira abiatu zen. Lakarren (Nafarroa Beherea) bere osaba Espozekin egin zuen topo, 11.000 soldaduko Nafarroako Dibisioaren buru zela. Ordurako, 25 urte bete gabe, “zerikusi gutxi zuen [Minak] frantsesen eskuetan erori zeneko gerrillari adoretsu eta ilusio hutsez beteriko harekin”, dio Manuel Ortuñok. “Gizon berri bat zen, gaztaroan nozituriko bere ideia orokorrak eta aberriaren aldeko ilusioak aldaturik; oraingoak uste arrazionalagoak, sendoagoak eta, bai moralki bai intelektualki, sakonago eraikiak zituen”. Horrela bada, Fernando VII.ak Cadizko Konstituzioa indargabetu zuenean, eta osabarekin Madrilgo Gortea bertatik bertara ezagutu ondoren, Iruñeko gotorlekua eta hiria hartzeko konbentzitu zuen, erregea behartu nahian Konstituzioa berriro indarrean jar zezan. 1814.eko irailean saiatu, baina porrot egin zuten, azken unean Espozen soldaduek ez ziotelako jarraitu euren buruzagiari: Minaren osabaren karisma, Napoleonen kontrako borrokan lausotu ezina izanik ere, ez zen nahikoa izan, antza, bere soldaduak Fernandoren aurka altxarazteko. Bai ilobak bai osabak Luis XVIII.aren erresuma frantses absolutistara ihes egin behar izan zuten.

Hortik aitzina hasi zen Mexikora joateko Minaren proiektu berria, ideia interesgarri batekin, gero Karl Marx Irlanda eta Poloniako independentziaren alde agertu zeneko planteamendua gogorarazten diguna: alegia, Mexikoko independentziak erraztuko zuela Metropoliko iraultza liberala. Horrela zioen Mexikorako bidaian prestaturiko lehen Aldarrikapena-n: “Ozeanotik alde honetako probintzietatik lortzen zituen tiranoak baliabideak bere bidegabekeriak gauzatzeko; hauetan ere askatasunaren alde borrokatzen zutela-eta, nire egin nuen orduantxe amerikarren kausa”.

“Minaren Hirurehunak” Mexikon

Mina Londresen egon zen 1815eko apirilaren amaieratik 1816ko maiatza arte, eta hor prestatu zuen bere ibilbide mexikarra. Harreman estuak lortu zituen Lord Holland Ingalaterrako oposizioaren liderrarekin, berau interesaturik baitzegoen Ameriketako kolonia espainiarren askapenarekin. Honela deskribatzen zuen Mina Lord Hollanden idazkariak 1815eko abuztuan: “Gizon buruargia da, Espainian errebelde eta traidorea delarik Mexikora joan nahi du”.

Ameriketako espainiar kolonien independentzia nahiago zuten nazioarteko potentziek –AEBek eta Ingalaterrak bereziki, nahiz eta ezkutuan beti ere– Mexikon zituzten jarriak esperantza gehienak, Jose Maria Morelosen lidergo militar eta politikoan. Morelosek, Mexikoko independentzia gerra sortu zuen Miguel Hidalgoren ondorengoak, Chipalcingoko Kongresua zuen antolaturik 1813ko irailetik, baina garbi zegoen kanpoko laguntza militarra beharko zuela garaile aterako bazen. Minari erreparatu zioten horretarako hainbat eragile ingeles eta estatubatuarrek.

1816ko maiatzaren 15ean Ingalaterratik atera zen eta ekainaren 30ean New Orleansa heldu. 27 urte bete zituen hurrengo egunean. Itsas ibilaldian bertan eta AEBetako egonaldian lagun batzuen azpijokoak, matxinadak, traizioak eta espainiar espioien joko bikoitzak jasan behar izan zituen. Baina oraindik ez zekien Morelos fusilatua izan zela eta Chipalcingoko Kongresuak porrot egin zuela. Ondorioz, Simon Bolivarren laguntza bilatu zuen Haitin, eta 1816ko urriaren 13an harekin bildu zen. Liluratu egin zuen Minak Askatzailea, eta ia konbentzitu Mexikora laguntzeko. Honela dio Bolivarrek gutun batean: “Oraindik ez dakit Mina jeneralaren etorrerak aldaraziko dizkidan ene planak [Los Cayoseko espedizioaren porrotaren ondoren, bigarrenaren proiektuaz ari da]. Atzo ikusi nuen eta tolesik gabe mintzo izan ginen, erran zidanak esperantza handiak piztu dizkit, eragin dezake horrek nire proiektuetan. Ez nago, halere, guztiz konbentziturik”.

Ez zuen azkenik konbentzitu, baina aurrera jarraitu zuen Minak eta Soto de la Marinako hondartzetan lehorreratu zen 1817ko apirilaren 21ean. Hortik abiatu ziren Minaren Hirurehunak, haien artean Nafarroako gerrilletan berarekin ibilitako euskaldun batzuk, Mexikoko barnealderantz, Torres gerrillariarekin harremanetan sartu arte. Kostaldetik Guanajuatorako ibilaldia epikoa izan zen: garaipen distirantak, armak eta hornidurak lortu zituzten tropa kolonialen lepora.

Torres matxinatu mexikarra, Morelos desagertu zenetik bertze hainbat bezala, krisi larrian zegoen. Ez zuen plan estrategikorik, ez bazen biziraupen hutsa eta lidergo bakarra lortzea beste gerrilla-buruen artean. Horrela, gotorlekuak galtzen joan zen, eta azkenekoa, Los Remedios-koa, Erregeordeak setiatu eta esperantzarik gabe zegoenean, Guanajuato hiriaren konkista proposatu zion Minak, setiatzaileek hornidura-iturri sendoena galduko zutelakoan. Kostata konbentzitu zituen Minak Torresen aholkulariak, eta hiria hartzera joan zen. Ez, ordea, bere ohiko ofizialekin –Los Remedios gotorlekua defendatzen zeuden–, Torresek emanikoekin baizik: ospe onekoak zaldiz, baina ezgauzago oinezko enkontruetan, kasurako planteatu behar ziren bezalakoetan. Sorpresaz sartu zen hirian 1817ko urriaren 24an, baina sei orduko saioaren ondoren Minak erretreta agindu behar izan zuen. Ihesean, sekulakoak entzunarazi zizkien ofizial haiei: “Zuen zeregina bete izan bazenute, eurena bete egin zuketen zuen soldaduek, eta gure esku izango genukeen Guanajuato. Jende ezdeusa zarete bere kausaren alde borrokatzen duen edozein gizonentzat”. Eta lizentziatu egin zituen tropak.

Aterpe hartu zuen hiritik gertu, El Venadito lagun liberal baten arrantxoan, gaua pasatu eta urriaren 27ko egunsentian sorpresaz atxilotu zuten tropa erregezaleek; 1810ean Labianon bezala Minaren alarma sistemak huts egin zuen. Berehalako exekuzioa agindu zuen Erregeordeak, eta azaroaren 11n hil zuten azkenean, 28 urte zituela. Mexikoko aldarrikapen ugaritan erlijioarekiko begirunea aipatu bazuen ere, ez zuen eskatu aitortzarik, ezta bere hiltzaileek eskaini ere. Azkeneko gutun bat bidali ahal izan zion euskaraz, ezkutuan, Pablo Erdozain bere betiko laguntzaileari Los Remediosa, “kausaren alde irmo jarraitzera, baita hiltzera ere behar bada” aholkatuz. Belauniko eta gibelaz exekutatu zuten, traidore gisa, berak eskatu arren zutik eta aurrez fusila zezaten. Gaur Mexikon, inork ez du gogoratu nahi –madarikatzeko ez bada– Apodaka Erregeordeaz, aldiz Mina dute beren independentziako martiri handienetakoa.
Minaren biografia
Xabier Minaren irudia, Ingalaterratik atera baino egun batzuk lehenago. Martin Xabier Mina izenak ezer gutxi erraten die nafar gehienei. Pertsonaia historiko honen izen osoa aipatzerakoan, Frantzisko Xabier Mina deritzote sarri, grabatu honetan edo Mexikon bertan bezala. Mexikoko espedizioaren prestakuntzetan, hala Ingalaterran nola AEBetan, osaba Frantzisko Espozekin –ordurako Fantzisko Espoz eta Mina gisa ezagutua Europa osoan– nahasten zuten hainbatek gure Xabier Mina, eta honi ez zitzaion gaizki etorri nahasmendua, baliabideak eta laguntza errazago lortze aldera; halarik ere, Mexikoko bere aldarrikapen ugaritan, guztietan, Xabier –Xavier, zehazkiago– Mina sinatu zuen.
Nahasi, baita sorterria ere nahasten diote sarri: Idotzinen (Ibargoiti) jaio izan balitz bezala, bere osaba jaio zeneko herrian alegia. Baina Otanon (Elortzibar) sortu zen Xabier Mina 1789ko uztailaren 1ean, Parisko Bastilla iraultzaile frantsesek hartu baino 13 egun lehenago. Oraindik ikus daitezke haren etxearen hondakinak, urte gutxi duela eroria, Otanoko elizara doan kaleko ezkerraldean. Herrixka horren sarreran, informazio kulturaleko panel batean, Xabier Mina Estudiantea edo Mutila aipatzen da herriko seme gisa, baina bertze akats batekin, jaiotze datarena alegia: 1789 urte zuzenaren ordez, 1798koa jarri diote.
Minaren jaitetxean barna
Goiko argazkian ikus daitekeen moduan dago gaur Xabier Minaren jaiotetxea Otanon, hondaturik. Kontraste bizian, aukera izan dut erreportaje hau idazterakoan Badajozeko Medellin herrira hurbiltzeko, azteken inperioa deuseztatu zuen Hernán Cortésen jaioterrira hain zuzen, kuriositate hutsez ea nola landu duen 2.500 biztanle izatera heltzen ez den herri horrek bere semearen memoria: bada, Hernán Cortés du izena plaza nagusiak, haren erdi-erdian dute jaun eta jabe konkistatzailearen brontzezko monumentu handiosa (eskuineko argazkian), eta haren etxea zegoeneko lekutik hurbil-hurbil paratu dituzte familiaren kapare armarria eta ateburu zaharra idulki baxu baten gainean. Gure harridurarako, plaza berean dagoen udaletxeak, jauregi itxurarekin baina 1950ean eraikia, plaka bat erakusten du eskerronak emanez mexikarrei eraikuntzarako laguntzarengatik. Tira, agian ez dago harritzekorik: azken finean Hernán Cortés gabe ez zuketen izango aukerarik gaurko Mexikoren jabeen arbaso kreolek estatu independentea moldatzeko.
Aldiz, haien independentzia lortzearren bere dohain aparteko guztiak, bizitza bera ere, eman zituen Xabier Minaren memoria Otanon duin mantentze aldera, Cortésekin bezala jokatuko balu Mexikok, ai ene!, ez dakit liskar diplomatikorik sortuko ez ote litzatekeen.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Mina gerrillaria

Mina gerrillaria kanaletik interesatuko zaizu...
Minaren biografia
Xabier Minaren irudia, Ingalaterratik atera baino egun batzuk lehenago. Martin Xabier Mina izenak ezer gutxi erraten die nafar gehienei. Pertsonaia historiko honen izen osoa aipatzerakoan, Frantzisko Xabier Mina deritzote sarri, grabatu honetan edo Mexikon bertan bezala. Mexikoko espedizioaren prestakuntzetan, hala Ingalaterran nola AEBetan, osaba Frantzisko Espozekin –ordurako Fantzisko Espoz eta Mina gisa ezagutua Europa osoan– nahasten zuten hainbatek gure Xabier Mina, eta honi... [+]

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude