Iparraldeko argazki berritua


2010ko uztailaren 04an
Ipar Euskal Herriko zentsua 2009an eguneratu da. Horrek posible egin du lurralde horren argazki sozio-demografikoa berritzea, 1999tik ez baitzen horrelakorik gertatzen. Gaindegia gizarte eta ekonomia behategiak, txosten batean eta +i Data buletin estatistikoan laburbildu ditu datuon gakoak. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko argazkia Baionako Merkataritza eta Industria ganberak helarazitako informazioarekin osa liteke.

Errealitatetik gertuago dagoen argazkia

Ez da erraza Euskal Herriko argazki globala egitea angelu estatistiko guztiak erakutsiz. Ez da batere erraza, ezta ere, herrialdeko bakoitzeko argazkia egitea. Arrazoi nagusia da gure lurraldea administrazio ezberdinen menpe dagoela, Espainiakoa, Frantziakoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroako Foru Erkidegokoa; eta badaude lokalagoak diren beste hesi batzuk. Beraz, zaila izaten da berezko nazio estatistika aurkitzea, eta horrek oztopatu egiten du Euskal Herriaren ikuspegi globala aurkeztea.

Testuinguru horretan, Gaindegiak Iparraldeko errealitatera hurbiltzeko argazkia aurkeztu berri du. Orain arte genituen datuak 1999koak ziren, eta orain, 2009an eguneratutako erroldaren bidez, Gaindegiak argazki hori berritu du. +i Data publikazio sintetikoan Biztanleria, Familia, Formazioa, Enplegua eta Etxebizitzari buruzko estatistikak kaleratu dituzte eta www.gaindegia.org helbidean daude ikusgai.

Despopulazioa barnealdean

Iparraldeko biztanleria 2006an 280.046 pertsonak osatzen zuten. Horietatik, 165.541 kostaldean bizi ziren, beste 73.627 bitarteko zonaldean, eta 40.878 barnealdean. Datu horien azkeneko 40 urtetako bilakaeraren analisia eginez ondoriozta liteke kostaldeko populazioa %1,3 hazi dela (35.512 pertsona gehiago) eta bitarteko zonaldekoa %1,8 (32.882 pertsona gehiago). Aldiz, barnealdean duela 40 urte baino 7.000 pertsona gutxiago bizi dira.

Bertako eta atzerriko biztanleriari dagokionez, INSEEren (Frantziako estatitiska eta ikerketa ekonomikoen erakundea) arabera, momentu honetan gisa honetan dago: kostaldean 155.521 lagun dira bertakoak eta 10.020 atzerrikoak. Bitarteko zonaldean bertakoak 72.264 dira eta atzerrikoak 1.363. Barnealdean, berriz, bertako 45.150 pertsona bizi dira eta atzerriko 813 besterik ez. Hego Euskal Herriarekin, konparazione, Hegoaldean 2.593.201 pertsona dira bertakoak (2007ko datuak dira) eta kanpokoak, aldiz, 154.445. Hau da, Hegoaldeko biztanleriaren %5,6 atzerritarra da.

Gazteria tasa eta zahartzea

Iparraldeko kostaldean populazioaren %30,7a 30 urtetik beherakoa da eta %28,5a 60 urtetik gorakoa. Bitarteko zonaldean, 30 urtetik gorako biztanleak %33,5 dira eta 60tik gorakoak soilik %22,7. Barnealdean, %29,6 dira 30 urtetik behera dituzten biztanleak eta %23,7 60 urtetik gora dituztenak. Hegoaldeko kasuarekin alderatuz –30 urtetik beherakoak %24 eta 60tik gorakoak %23,7– ikus daiteke gazteria tasa altuagoa dela Iparraldean, eta zahartzea aldiz, antzekoa.

Adinaren araberako enpleguaren datuak ere eskura dauzkagu. Eta garbi ikusten da langileen gehiengoa 25-65 urte tartean dagoela, %80,1 hain zuzen. Profesioaren araberako enplegua honakoa da: 35.914 lagun enplegatuak dira; 26.302 bitarteko langileak; 25.068 beharginak; 11.522 goi mailako langileak; 9.775 merkatariak; eta 4.592 laborariak.

Enpleguaren feminizazio tasa eta ezberdintasunak soldatetan

Iparraldeko datu berriek adierazten dutenez, enplegatuen %52,3 gizonezkoak dira eta %47,3 emakumeak. Hegoaldean, aldiz, gutxiago dira emakume enplegatuak (%43,1, 2008ko datuen arabera). Baina ezberdintasunak nabarmenak dira sektore bakoitzari begiratuz gero: laborantzan, esaterako, gizonezkoak %70,5 dira Iparraldean, eta emakumeak soilik %29,5; industrian ere askoz gehiago dira gizonezkoak (%69,7) emakumeak baino (%30,3), baina feminizazio tasa Hegoaldekoa baino hamar puntu gorago dago (Hegoaldean industrian aritzen diren emakumeak %20,8 dira).

Eraikuntzan gizonezkoen tasa izugarria handia da (%91,5), aldiz, zerbitzuetan gehiago dira emakumeak (%55,8) gizonezkoak baino (%44,2).

Eta soldatei dagokienez zer? Diferentziak eskandalagarriak dira. Gizonezkoek, batez beste 1,7 euro gehiago jasotzen duten lan orduko. Adibidez, bitarteko lanetan 13,7 euro kobratzen dute orduko gizonek eta 11,7 emakumeen; gizon enplegatuek 9,2 euro orduko eta emakume enplegatuek 8,7 euro; beharginek, berriz, 9,2 euro kobratzen dute gizonak badira, eta 7,9 euro emakumeak izanez gero. Baina ezberdintasun horiek are nabarmenagoak dira koadroetan. Kasu honetan, gizonek 5,7 euro gehiago kobratzen dute orduko, emakumeek baino: 24,1 euro 18,4 euroren aldean.

Zerbitzuak, lehen aktibitate ekonomikoa
Zerbitzuen sektorea Ipar Euskal Herriko aktibitate ekonomikoen artean lehena da, enpleguen %46,4rekin. Horrela azaltzen du Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak 2009an kaleratutako Le Pays Basque en chiffres-Ipar Aldeko Zenbakiak txostenak.
Sektore horretan 50.577 lagunek egiten zuten lan, 12.907 enpresatan. 50 lagunetik gorako 115 lantegi daude eta guztira 17.650 langile enplegatzen dituzte.  Zerbitzuen sektoreak aniztasun handia du, baina aldi berean zerbitzu espezializatuak dira, batez ere osasunarekin eta higiezinekin lotutako aktibitateetan.

Merkataritzan lan egiten dutenak %17,9 dira, eta Iparraldean enplegu gehien duen bigarren sektorea da. Guztira 19.514 langile ari dira merkataritzan, 4.708 enpresatan banatuak. Batez ere, merkataritza orokorra gailentzen da. Sektoreak merkatal dentsitate nabarmena du: 1,25 mtro koadro biztanleko (Akitaniako batez bestekoa 1,30 metro koadrotan dago eta Frantziakoa 1,10 metro koadrotan). Baiona-Biarritz-Angelu ardatzak 350.000 biztanle ditu eta Iparraldeko merkatal erakargune nagusiena da.

Industriak enpleguaren %13,5 biltzen du, 14.725 lanpostu 1.825 enpresetan, eta enpresa horietatik 37tan 50 langile baino gehiago ari dira (6.425 langile guztira). Industriaren barruan aeronautika sektorea aipatzekoa da, Dassault Aviation korporazioari atxikitako 2.000 enplegu eta 40 enpresa baitaude. Horrez gain, metalgintza ere garrantzitsua da Ipar Euskal Herrian, batez ere siderurgia eta altzarigintzarekin lotuta, 3.000 langile ari baitira zeregin horretan. Elikagaien industriak ere pisu handia du Iparraldeko barnealdean, haragia, esnea eta gozogintzaren arloan, 3.000 lanpostu inguru sortuak ditu sektore honek, ehun enpresa baino gehiagotan banaturik.

Turismoa uztaila eta abuztuko oporraldian biltzen da batez ere, 2.082 lantokitan 9.000 lagun ari dira lanean arlo horretan. Iparraldeko eskaintza turistikoak garrantzi handia du. 86.740 oheko gaitasuna dute bertako ostatuek, baina 2006tik %1,5 murriztu da kopurua. Dena den, turismoa mantendu egin da ,eta batez beste egunean 33.000 bisitari izaten ditu lurraldeak. Hain zuzen, 580 enpresa inguru GOazen klusterrean bildu dira.

Arrantzak ere badu eraginik, izan ere, 11,7 milioi euro sortzen ditu, 4.626 tona arrain salduz urtero. Baina kopuru hori gutxituz doa, nahiz eta itsasontzien kopurua mantendu egin den 2006an flota murriztu zenetik. Arrantzaleen kopurua 2.260tik 1.905era jaitsi da.

Azkenik, artisautzaren sektoreak hala nolako dinamismoa erakutsi du, enpresen kopurua %2 igo baita urtero. Horrela, 2006an 5.653 langile ari ziren eta 5.896 2008an. Artisautzako hazkundea eraikuntzari lotutako aktibitateengatik uler liteke, baina sektorearen etorkizuna aurrikusteko garrantzitsua izan litekeen datu bat kontuan eduki behar da: 2008an Iparraldeko artisauen %17,6k 55 urte baino gehiago zituen.

Azkenak
Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


2024-05-19 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


2024-05-19
Genozida eta bere lagunak

Palestinarrei erakutsitako mespretxuak, okupatzaileari dirutza eta armak emateak, eta sionisten interesak babesteko NBEan beto eskubidea etengabe erabiltzeak sumina piztu du AEBetako langile klasearen artean, gazteenen artean nagusiki. 140 bat unibertsitatetan mugarik gabeko... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Eguneraketa berriak daude