Disko irekia eta aberatsa, arriskutsua eta arrakastatsua

  • Munlet::Cañon

    Gaztelupeko hotsak

    iraupena ::43´17´´

    prezioa ::10€


2010ko ekainaren 22an
Mendaro mapan dago eta ez edonola! Orain arte bikote formatuan ezagutu dugun Munlet taldeak sari garrantzitsua eskuratu zuen Bilbo Hiria lehiaketan eta disko honetan daukagu ondutako emaitza. Inak eta Anitak arriskua eta eraberritzea maite dute eta behin-behinean talde bilakatu dute Munlet, Eureka Hot 4 eta beste taldeetako lagunen kolaborazioarekin. Honakoan elektronikak protagonismoa galdu du: new wave eta punkaren freskotasuna gehitu dute, elektronikaz jantzitako pop-rocka ere landu dute, surf-rocka eta garagea, funka eta baita jazz tanta batzuk ere. Rock talde estandarren ohiko gailuez gain, sintetizadore eta thereminek ukitu berezia eman diote emaitzari, eta Anitak erregistro ugari lortu ditu ahotsarekin, diskoak daukan aniztasun handia defenditu eta borobilduz. Erronka gainditu dute!

www.myspace.com/screaminguy
Gure musika gustuak oso irekiak dira eta ez dugu hori baztertuko onarpenaren truke

Bikote kontzeptua apurtu duzue taldea eratzeko? Behin betiko da?


Ez. Bikote moduan bost urtetan aritu ostean, formatu handiagoa probatzeko asmoa genuen, bateria eta hori guztia. Ahalegin ikaragarria izan da, baina merezi izan du eta oso harro gaude lortutako emaitzarekin. Hala ere, beste taldekideek proiektu propioak dituzte; eta orain Munleteko betiko bi taldekideok gurean jarraituko dugu, proiektu honekin pilak ederto kargatu ostean.

Disko honetan iraganeko gordintasuna arindu eta melodiak gehiago landu dituzue…


Beno, zuzenean taldea izanda indar handiagoa daukagu, baina era berean gaur egungo emaitza rockeroagoa eta konbentzionalagoa da bai. Eta egia da tartean pop piezak daudela, baina baita bestelakoak ere.

Oraingoan elektronika zuen osagai nagusia izan ordez, erreminta soila da.


Bai, hori izan da proiektuaren helburu nagusienetako bat. Disko honetako kantuok biok egin ditugu teklatu eta erritmo kaxarekin beti bezala, eta gero taldeak “jantzi” ditu. Gu ez gaude ezertara itxita eta hori Munleten ezaugarri garrantzitsua da. Aspaldian rocka eskema eta estilo finkoetan mugatzen da, eta hori akatsa da, rocka hain errepikakorra eta motela bilakatu izanaren errudun.


Disko hau zuentzat egin al duzue? Ez al da estiloetan irekiegia izango jende askorentzat?


Bai, lehenik eta behin guretzat egin dugu, baina baita betikoaz nekatuta dauden entzuleentzat ere. Disko bariatua da, baina aldi berean entretenigarria, bere baitan sorpresa asko dituena eta soinu berriak helmuga dituena. Gu beti ahalegindu gara hortik ihes egiten. Agian asko eskatu diegu entzuleei, baina Munlet droga da 100%, adulteratu gabea, eta gure musika gustuak Stooges-etik Peaches-era doaz, Can-etik igarota... eta gehiago. Ez dugu hori guztia baztertuko, onartuagoak izatearen truke.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude