Inkesten haritik

Kike Diez de Ultzurrun Sagalá
Kike Diez de Ultzurrun SagaláJosu Santesteban
Azken bolada honetako inkestek izua eragin dute UPN barruan. Alderdi Popularrarekin hautsi zutenean, gehienek uste zuten sekulako aldea aterako ziotela Raxoiren alderdiari, baina krisi ekonomikoaren abiada berean jan omen dio aldea PPk UPNri, ia-ia berdin agertzeraino. Barcina, ordea, itxuraz behintzat, lasai dago, eta badaki PPko Cerveraren eskutik ez bada, PSNko Roberto Jimenezek lagunduta eseriko dela Diputazioaren jauregian. Egunotan, beldurra eta harridura aurpegian, galdera berbera egiten ari zaizkio alderdikide asko Sanzi; zergatik lagundu diogu Zapaterori? Noiz arte izanen gara Zapateroren salbabidea, eta noiz arte, geure buruaren lotsagarri? Erantzunean “Espainia” hitza ateratzen da corellarraren ezpainetatik; ez dutela Zapateroren alde bozkatu, Espainiaren alde baizik, Espainiak erreka jotzen badu, Nafarroak ere joko duelakoan.

(To! Akabo nafar eskuindarren mitorik gogokoena: mundua hondoratuta ere, Nafarroak hondamendi guztien gainetik aitzinera eginen lukeen huraxe, alegia).

Baina argi dago UPNk Madrilen nola, hala jokatzen duela PSNk Nafarroan, Sanzi berari sostengua ematerakoan. Baina bestelako arrazoiak ere badaude UPNren jokamoldearen atzean: batetik, Zapaterok aginduta, Nafarroako Kutxari eman zaion laguntza paregabea Penintsulan barna hedatzeko; eta bestetik, pentsa zitekeenaz bestela, inkestetan NaBaik ez duela atzera egin, sendotzeko joera duela baizik, eta horrexek du bereziki nerbiosten nafar gobernuburua. Beraz, Sanzek dio sozialistekin ongi moldatu beharra dagoela, koalizioarekin tratua egiteko tentazioa izan ez dezaten. Baina tentazioa izanda ere, berriz ere ziurrenera Estatu-arrazoia agertuko litzateke, duela hiru urteko udan bezalaxe.

Izan ere, Francoren heriotzaren ondotik, Nafarroan indarrean dagoen erregimena Estatu-arrazoiaren ondorioa da, ahaztu gabe, jakina, ETAk ere bere harri koxkorra jarri zuela. Erregimenaren oreka hausteko aukera Nafarroa Bairen eskutik etorri zen. Baina ezin jakin berriro halako aukerarik izanen ote den: ñabardurak ñabardura, koalizioko alderdi guztiek erraten dute baietz, NaBai bozetan egonen dela, baina hain zuzen ere, ñabardurei jarri behar zaie arreta. Bitartean, Ezker Abertzalea bere proposamena mamitzen ari da eta garbi adierazi du nor nahi duen bidelagun (besteak beste, Aralar eta EAko oinarrizko militantzia) eta nor ez (Batzarre eta EAJ). Tratutan ari da, gainera, Eusko Alkartasunarekin, tratua egina ez badu, Nafarroan ere bestelako ekimen bat eratzeko. Kontua da inor NaBaizalea bada, EAko nafar militanteak direla, oso gustura baitaude koalizioan, eta Nafarroa ezagutzen duen edonork badaki EAko nafar boto-emaile gehienak nekez joanen direla Batasunako jendearekin eskutik helduta. Hori ikusita, Urizar eta nafar alderdiburuak –Garaikoetxea lehendakari ohia barne– gogotik ahalegintzen ari dira alderdikideak konbentzitzen eta Ardatz Soberanistaren aldeko giroa prestatzen; denak ez dituzte konbentzituko, ordea, eta hori kezka-iturri da alderdiburuentzako.

Orain, beraz, ikusteko dago eskuin espainolistaz (UPN, PP) eta ezker espainolistaz (PSN, IU) gain, nor eta zer egitura (bat edo hainbat) aurkeztuko den heldu den urteko bozetan Nafarroako abertzaleen eta euskaltzaleen esparruan. Hau da, ikusteko dago NaBaiko alderdiak, horrenbeste ika-mikaren artean, gauza izanen ote diren 2007ko aukera hura eragin zuen proposamena berresteko. Denborak erranen.

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude