Basoa energi iturri

Gasolioaren ordez egur ezpalak

  • Ultzamako basoak egurrez gainezka zeuden. Ultzamarrek urtean 130.000 litro gasolio erosten zuten eraikin publikoetan ura eta giroa berotzeko. Hemendik aurrera egur ezpalak eta pelleta botako dituzte surtara. Arindua hartuko dute basoek eta Udaleko aurrekontuek.
Onintza Irureta Azkune @oirureta
2010ko ekainaren 06a
Patxi Tornaría
Patxi Tornaría Ultzamako zinegotzia eta ingeniaria, ur beroaren neurgailuak eta ezpalaren biltegia erakusten.Dani Blanco
Maiatza hasieran A15ean gora abiatu ginen kazetaria eta argazkilaria. Zeru urdin-urdina iragarri zuen irratiak. Kotxeko termometroa hiru gradu zentigradura jaitsi zen. Udaberriko arroparekin harrapatu gintuen hotzak. Nafarroako Ultzama bailaran dagoen Larraintzarrera heldu ginen, Ultzama udalerriko auzoburura. Udaletxean Patxi Tornaría zinegotziarekin elkartu ginen. Batzar gela ikaragarria da, baina gure ustearen kontra goxo-goxo geunden. “Oraindik ez dugu lortu tenperatura erregulatzea, agian beroegi da. Ikastetxean adibidez, geletan eta korridoreetan tenperatura bera dago” esan digu Tornaría zinegotzi eta ingeniariak. Urtebete baino ez daramate pellet eta ezpal galdarak erabiltzen eta oraindik hainbat doiketa egiteke dute.

Ultzamako Udalak zortzi eraikin aukeratu zituen proiektua abian jartzeko, denak Larraintzar auzoburuan daude: ikastetxea, osasun zentroa, hiritarren zentroa, zerbitzu sozialak, udaletxea, igerilekua, kiroldegia eta pilotalekua. Duela urtebetetik hona udaletxean goxo-goxo egoteak ez du esan nahi lehen hotzak zeudenik, jakina, baina zergatik gasolioa alboratu eta biomasari heldu? Bada, basoarekin (Ultzamako azaleraren %62a) zer egin ez zekitelako, “egurrak ez du batere balio eta enkantean ia erregalatu egin behar duzu. Zuhaitzak aterako dituenari bidezidor eta guzti egin behar diozu lursaila eros dezan. Mendiak baliabide ekonomiko izan beharrean zama bihurtu dira. Orain basoak ez ditu inork zaintzen”. Azken kolpea Frantziako haizetea izan da. Milaka zuhaitz eraitsi dituzte eta haiek saltzen ari dira azkarren. Ultzamako basoek sabela beteta dute eta ez daukate non hustu. 2004rako udalerriko baso dena ikertua zuten, badakite zein egoeratan dagoen eta badakite jasangarritasunaren ikuspegitik zein behar dituen basoak. Gasolioa eta propanoa alde batera utzi, eta ezpala eta pelleta erabiltzeko erabakia beraz, batik bat bi arrazoi horiek kontuan izanda hartu zuten.

Astean 7-8 tonako ezpal kamioia

Urtean 600 tona biomasa (erregai) beharko dute zortzi eraikinetako berogailuentzat eta ur beroarentzat. Ultzamako Udalak inguruko enpresa bat azpikontratatu du Ultzamako basoetatik egurra ateratzeko. Zuhaitz osoak hartzen dituzte, txikitu eta ezpaltxoak egin. Hostoak eta adarrak, esate baterako, mendian uzten dituzte basoarentzako ona delako. Egur ezpalak biltegian gordeta ditu enpresak eta herri eraikinek eskatu ahala Larraintzarren dagoen biomasa gelara eramaten dute kamioika ezpal. Gutxi gorabehera astean kamioi bat hustutzen dute biomasako biltegian, alegia, 7-8 tona ezpal. Biomasa gelan, ezpala erretzeko 700kWko bero potentzia duen galdara dago. 2.500 litro ureko biltegi handia ikusi dugu galdararen alboan. Ura bero-bero dago eta hodi sarean sartzeko prest. Beste 2.500 litro ur hodietan dabiltza. Gela honetatik ura 70 gradu inguruan ateratzen da, zortzi eraikinetara heltzeko hodi sarean barrena. Tutu bat ateratzen den bezala beste bat sartzen da, ur beroa bueltan dator, orain 50 bat gradutan. Eraikinetarako hodiak lur azpitik doaz eta behin obra egiten hasita, zuntz optikoa ere sartu zuten.

Ezpal galdarari buruzko azalpenak ematen ari gara, eta pelleta ez dugu aipatu. Pellet ingelesezko hitza da eta pikor txikia esan nahi du. Zerrautsa pikor bihurtzen dute galdararako erregai izan dadin (ikus goiko argazkian). Patxi Tornaríari galdetu diogu ea zergatik erabaki duten ezpal galdara bat eta pellet galdara bi erabiltzea. Beste modu batera esanda, zein diferentzia dago, erregai bezala ezpala ala pelleta erabili? Hiru gauza hartu dituzte kontuan erabakia hartzeko. Batetik, espazioa. Ezpalak pelletak baino toki dezente gehiago behar du. Bestetik, zenbat diru gastatu nahi den edo ahal den. Hirugarrenik, lehengaia eskuratzeko aukerak. Ezpala eskurago dute Ultzaman, bertako basoetatik dator eta pelleta baino merkeagoa da transformazio prozesua motzagoa eta sinpleagoa delako. Pelletera  iristeko prozesua konplexuagoa da, eta beraz erregai hori garestiagoa da. Pelleta Iraizotzeko aroztegi bati erosten diote. Aroztegiak bertan sortutako hondakinak erabiltzen ditu pelleta egiteko. Bero potentziari dagokionez berriz, pelleta da irabazle. Litro bat gasoliok ematen duen beroa lortzeko bi kilo pellet behar dira, eta aldiz, hiru kilo ezpal.

Hasieran esan dugu, Ultzamako Udalaren helburuetako bat basoak ustiatzea zela, bere neurrian, baina basoak baliatzea. Galdararako Ultzamako zuhaitzak nahi zituzten, ezpal bihurtuak, nahiz eta instalazioa pelletarena baino zailagoa izan. Kontua da orain 700kWko ezpal galdara eta 50kWko bi pellet galdara dituztela. Bero beharraren arabera aukeratzen dituzte galdarak. Ingeniariak adibidea jarri digu: “Udaberrian pare bat astez uda giroa izan genuen eta eraikinek ez zuten berogailuen beharrik, guztira 40kW baino ez zuten eskatzen. Ezpal galdara gelditu eta bi pellet galdara txikiak jarri genituen abian, ezpal galdarak potentzia maximoan askoz ere errendimendu hobea baitu”.

Galdara sistema berriak aurrekoaren bero potentziaren erdia behar du. Eta hori nola izan litekeen? Bada, egun osoa daukate energia sortzeko eta herriko eraikinek ordutegi desberdinetan eskatzen dute energia.

Igerilekuan epel-epel

2009ko maiatza-ekainean biomasa erregai duen berokuntza sistema abian zen. Lehen probak igerilekuarekin egin zituzten. Umeentzako putzu txikia eta putzu handia daude Larraintzarren eta iaz arte ura 17-18 gradutan egoten zen. “Eguzkiak jotzen duenean bero, baina ezkutatu orduko hotz egiten du” dio Tornaríak, eta arrakasta handiegirik ez omen zuen igerilekuak. Iaz putzuetako ura 21-22 gradutan doitu zuten eta ultzamarrek eta inguruko herrietakoek aldea nabaritu dute. Abonuak hirukoiztu egin dira eta ikastaroetan 20-25 haur beharrean 75ek eman dute izena.

Galdara berrien emaitza gorputzean nabaritu zuten herritarrek iazko udan, baina ez pentsa proiektua abian jarri zenean oso baikor zirenik. Patxi Tornaríaren ustez, berokuntza sistema berria abian jartzearen alde Patxi Pérez alkatea egoskortu zen. “Norbaitena baldin bada meritua alkatearena da. Neurri batean arriskua hartzea izan zen, nahiz eta teknikoki eta logistikoki bideragarria izan”. Zinegotziaren belarrietara honelakoak heldu ziren proiektuaren berri eman zenean: atzera egitea da hori; ez du funtzionatuko, egunero gainean egon beharko da; kudeaketa konplikatua da...

Erraz-erraza ere ez da izan, Tornaríak berak aitortu digu iazko udazkenetik urte bukaera artekoa ikasketa eta sufrimendua izan zela. Urri erdialdetik aurrera galdarek gogotik egin behar izan zuten lan eta arazoak ere orduan pilatu ziren: ezpala handiegia dela, hemen butxadura dagoela, han ez duela ondo berotzen... begirik kendu gabe doiketak egiten. Orain lasaiago dabiltza, urte hasieratik zorrotz kontrolatzen dute egunero kontsumitzen duten bero potentzia eta erretzen duten lehengai kopurua. Jarritako helburuetatik gero eta gertuago daude. Esate baterako, kalkulatzen da litro bat gasoliok ematen duen beroa lortzeko hiru kilo ezpal erre behar direla. Bada, duela gutxira arte lau kilo ezpaletan zebiltzan.

Ganadu txiza eta etxeko hondakinak

Zortzi eraikin publiko berotzen dituzte pellet eta ezpal galdarek, baina etxebizitzak ez daude zirkuitu horretan. Ingeniariak ez digu horretarako intentziorik dutenik adierazi, baina esan digu duela lau-bost urtez geroztik inguruko hainbat etxetan pellet galdarak jarri dituztela. Nafarroako Gobernuak galdarok diruz laguntzen ditu. Ultzamako Udalak etxebizitzek eragindako egur hondakinak jasotzeko modua dauka antolatuta. Hau da, Ultzama moduko landaguneetako bizilagunek, baliatu edo berrerabili ezin dituzten egur hondakinak izaten dituzte, nora bota ez dakitela. Horientzako edukiontzia dago biomasako eraikinaren ondoan eta material hori ere ezpal bihurtzen dute. Egur hondakinen edukiontziaren alboan pelleta eta ezpala erre ondoren geratutako hautsa dago pilatuta beste edukiontzi batean. Hori ere baliatzeko asmoa dute, izan ere, bertako ganaduaren txiza jaso eta biogas bihurtuko duen proiektua abian dute. Ganadu pixa horri edukiontziko hautsa nahasteko asmoa dute.

Ultzamar batzuk kezkatuta zeuden, basoei begira. Betiko negozioak pot eginda bestelako irtenbideak behar ziren. Urtebete baino ez da proiektua abian jarri denetik, baina badirudi etekinarekin gustura direla herritarrak: basoek balio ekonomikoa berreskuratu dute, modu jasangarrian zaintzen dituzte eta energi iturri berriztagarri bihurtu dira. Helburu horiek betetzen segitzen badute, agian, beste herri batzuei gogoa piztuko zaie, Tornaríak berak esan digunez, eraikin publikoak biltzen dituen horrelako sarerik ez baita Euskal Herrian.
Ultzama udalerriaren apustua
-    Biztanleak: 1.663 (2008). Azalera: 96,7 km2, %62 basoa, %24 laborantza, gainerakoa urbanoa.

-    2009ko maiatza-ekainetik galdarak martxan daude.

-    Proiektuko eraikinak: Udaletxea, Gizarte Zerbitzuak, Hiritarren Zentroa, Osasun Zentroa, pilotalekua, kiroldegia, ikastetxea eta igerilekua.

-    Helburua: Urtean 60.000 euro aurreztu erregaian eta 410 tona CO2 gutxiago bota.

-    Biomasa zertarako? Eraikinetan berogailua eta ur beroa izateko.

-    Lehen: Urtean 130.000 litro gasolio eta 103.920 euro. Propanoa (2008): 2.200 kg. eta 3.220 euro.

-    Amortizazioa: Lau urte eta erdian.

-    Basoaren gaitasun produktiboa: 6.000 tona urtean. Urtean kontsumituko den biomasa: 600 tona.

-    5.000 litro ur: 2.500 litro hodietan dabiltza eta beste 2.500 biltegian daude.

-    Graduak: Ura 70 gradu zentigradu inguruan abiatzen da eta 50 inguruan itzultzen da.

-    Ezpal galdarak 700kWko potentzia du. Pellet galdarak berriz, bi dira, bakoitza 50kWkoa.

-    7-8 tonako ezpal kamioia kontsumitzen dute astero.
Pellet galdara Beizaman
Gipuzkoako Beizama herriak 190 biztanle ditu. 2009ko iraletik zortzi etxebizitza eraiki berri pellet galdara erabiltzen ari dira ur beroa eta berogailua izateko. Beizamako Udalak enpresa bati esleitu zion pellet galdararen instalazioa eta baita ondorengo mantenua ere. Hainbat urtetan, enpresa hori arduratuko da berotze sistemaren mantenuaz eta bizilagunei kobratzeaz. Behin inbertsioari buelta emandakoan lehiaketara aterako da berriz. Pellet galdara zortzi etxebizitzetara lotua dago hodi sarearen bidez. Etxebizitzak ez ezik Udaletxea, Natur Eskola eta Udalaren aterpetxea ere hodi sareak batzen ditu. Oraindik ez dira hasi azken horietan pellet galdara erabiltzen, baina asmoa urtea bukatu baino lehen hastea da.

Pelleta Bizkaitik ekartzen dute, eta beraz, erosi egiten dute. Oraindik proiektu zehatzik ez badute ere, Beizamako Udalean badakite aukera egongo litzatekeela pelletaren ordez egur ezpala erabiltzekoa. Beizamako herri basoetan biomasa nahikoa dago galdara elikatzeko. Bertako lurretako egur hondakinak baliatuko balituzte hainbat onura lortuko lukete: batetik, ezpala gas propanoa eta pelleta bera baino merkeago atera daiteke, eta bestetik, bertan ekoitzitako lehengaia baliatuko litzateke eta bertan kontsumitu. Horregatik, orain duten 220kWko galdara bi erregaientzako prestatua dago, bai pelletarentzat eta baita ezpalarentzat ere.

Etxebizitzako bizilagunak gustura dira, lehen hilabetetako doiketa arazoez gain, etxea eta ura primeran berotzen dituztelako. 2010. urtea bukatzerako lehen aipatutako hiru eraikin publikoak sistema berriarekin abian jartzea falta zaie. Eta beharbada, laster animatuko dira Beizamako basoetatik egur ezpala atera eta galdara elikatzera.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude