Aplikatzeari deitzen diote justizia. Espainiako Senatuan, galegoa katalana eta euskara erabiltzea baimendua izango dela eta, gure artean berrogei urtetik gora bizitzen den hirukote bat entzun dut kalakan. Hiruak ados zetozenez, geroz eta hots ozenagoz ari ziren. Zozokeri bat, guztiek gaztelera badutenez zertarako konplikatu elkar ulertzen, orain artekoak funtzionatu ez balie bezala. Gainera guztion sosetik ordaindu beharko dugu itzulpenek sortu gastua, deusetarako balioko ez diguna. Hobe lukete moroei-eta gaztelera ikas dezaten behartzea, epe bat finkatu eta ikasten ez duena kanporatzea. Hartzen dituen nazioen hizkuntza ez dakitenek, berarekiko errespetua erakusten ez dutenek, epe batetik gora ez lukete eskubiderik izan behar onartuak izateko. Etorri ziren bidetik eta patera berean kanporatu beharko lituzkete. Bake ederra. Eta politikoek hobe lukete hori bideratzeko legeren bat adostu txorradak alde batera utzita, hemengo erradikalekin egin duten bezala. Gutxienekoa da nola bukatu zen asuntoa adieraztea. Baina, orain gutxi lagun min baten semeak esandakoa etorri zitzaidan gogora: mutu oro isilik badago ere, isilik dagoen oro ez da mutu.