"Borondatearen esku uzten bada, hizkuntzari biziraupena ukatzen zaio"

  • 2007ko hauteskundeen ondotik, Generalitateko Hizkuntza Politikako idazkari izendatu zuten Bernat Joan (Esquerra Republicana). Legealdia bukatzear orain, azken urteetako lanaren balantzea eta katalanaren gaur egungo diagnostikoa egiteko eskatu diogu.
Joan i Mari Bernat
Joan i Mari BernatNuria Juan
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Parlamenturako hauteskunde urtea duzue aurtengoa Katalunian. Zein da Idazkaritzak azken legealdian egin duen lanaz duzun iritzia?


Balantzea egin baino, Gobernuaren lana aurkeztuko dizut. Alde batetik, hizkuntzari aplikaturiko teknologien legealdia izan da: kontsulta linguistikoen zerbitzu bateratua, Optimot, sortu dugu, dozena erdi luze itzultzaile automatiko ditugu dagoeneko sarean eta katalana ikasteko ingurune birtuala jarri dugu martxan, 40.000 izen emanda dituen Parla.cat. Eta beste alde batetik, harrera linguistikoak markatutako legealdia izan da, etorri berriek katalana ikasteko bideak izan ditzaten egin dugu lan (2000. eta 2010. urteen artean milioitik gora lagun etorri dira Kataluniara). Ondorioz, Consorci per la normalització lingüística asko hazi da, hasierako 60.000 ikasletik, gaur eguneko 126.000ra. Bikote linguistikoek ere bultzada handia izan dute, 4.000 inguru ziren hasieran eta 10.500 baino gehiago iaz. Programa hasi genuenetik 2003an, 50.000tik gora izan dira bikoteak.

Eta legegintzari dagokionez?


Hizkuntza Politikako Idazkaritzak egindako bi lege onartuko dira legealdi honetan, Parlamentuan daude dagoeneko, eta, ez du ematen, baina konplikatuak izan dira oso: Zeinu Hizkuntza Katalanaren legea eta Okzitanieraren legea. Ez ahantzi okzitaniera Vall d'Araneko hizkuntza propioa dela, eta Estatutu berriarekin lortu dugu okzitaniera ere Kataluniako hizkuntza ofizial izendatzea. Eta Idazkaritzarenak propio diren bi lege horiez gain, legealdi honetan oso garrantzitsuak diren beste bi legetan parte hartu dugu: Hezkuntza legean, Alderdi Popularrak Konstituzio Auzitegira eraman duena, eta Zinemaren legean, garrantzitsua hau ere, eta oraindik onartzeko dagoena. Alor linguistikoan parte hartu dugu bi kasuetan.

Aurrerago helduko diegu azken bi lege polemiko horiei, baina, zure agintaldia hasi zenean esan zenuen lehen helburua hauxe zela: kataluniarrak hizkuntza aukera berdintasunean egotea. Nahikoa aurreratu al da zeregin horretan?
Norabide horretan joan gara. Hizkuntza politika lehen mailako gizarte politika dela ulertzen dut eta gobernu aurrerakoi batek lortu behar duena da hiritarrak aukera berdintasunean egotea gizartean parte hartzeko. Eta egia bada ere gaur egun Katalunian katalana jakin gabe bizi daitekeela, ez da egia katalana ez dakienak baldintza berdintasunean parte har dezakeela gizartean. Beraz, guk egin behar duguna da katalana ezagutzen ez dutenei bidea erraztea hizkuntza ikas dezaten.

Azken urteotan katalan hiztunen kopuruak gora egin du, baina oraindik orain badaude katalana komunikazio hizkuntza neutroa izatea galarazten duten errotiko arazoak. Adibidez, erabilera.


Nondik gatozen ere ikusi behar da. Katalana hizkuntza konnotatua da, Estaturik gabeko hizkuntza guztiak diren moduan. Legalki eta politikoki beste hizkuntza bat gainetik izan duen eta duen hizkuntza oro bezala, derrigor. Horri aurre egiteko bide bakarra hizkuntzaren aurreratze sozial eta politikoa da eta horrexegatik gertatzen da katalanarekin egoera paradoxiko hau: katalana normaltasunez erabiltzea konnotatuago dago Balear Uharteetan Katalunian baino, konnotatuago dago Valentzian Balear Uharteetan baino eta Franja de Ponenten Valentzian baino. Zergatik? Hizkuntzaren ahultasuna diferentea delako leku bakoitzean eta ahulago den lekuetan konnotatuago dagoelako. Katalana hizkuntza neutroa izan dadin egin dezakegun onena da, beraz, gizarte erabileran aurreratzea, eremu guztietara zabaltzea.

Eta aurreratze horretan erronka handienetako bat azken urteotan kanpotik etorri diren eta etortzen ari diren pertsonak dira. Zer egiten ari zarete horiek katalanera gehi daitezen?


Oinarrizkoa da hori guretzat. Harrera linguistikoa gure helburuetako bat da eta horrexegatik lantzen dugu Immigrazio Idazkaritzarekin, eskualdeetako Kontseiluekin, udalekin, tokian tokiko erakundeekin. Harrera linguistikoan izena emandako 87.000 lagun ditugu oraintxe bertan. Lehentasunen artean dugu eta baliabide asko eskaintzen dizkiogu. Oinarrizkoa da pertsona bat hona iristen denean hizkuntza ikasteko baliabideak izatea.

Quim Monzó idazleak sarri aipatzen du katalana gaztelaniaren baitan urtuko ote den, patois moduko bat bihurtzeraino. Gero eta gehiago hitz egiten dela katalan kaskarra, ia gaztelaniaz, baina hitz katalanekin. Baduzue kezka hori?


Bai, baina ez hainbesterako. Azalduko dizut: hizkuntzaren arautegia zaintzen duten erakundeak ditugu, Institut d'Estudis Catalans, adibidez. Eta guk ere badugu partzuergoa, Termcat, termino berriak ahalik eta egokien jaso eta estandarizatzeaz arduratzen dena. Egia da existitzen dela kalitate baxuko katalana erabiltzen den eremua, baina uste dut hobe dela hori eta ez katalana eremu horretatik kanpo geratzea. Hasiera fase bat egon behar da hizkuntzaren ikasketa prozesuan, eta kontu handia izan behar dugu nori eskatu behar zaion kalitate maila jakin bat. Administrazioak izan beharko luke, dudarik gabe, edo komunikazio munduak, kazetariek, publikoari zerbitzua eskaintzen dion edonork.

Lehenxeago aipatu dituzun legeei dagokienez, garrantzitsua den bat utzi duzue legealdi amaierarako, Zinemaren legea. Zer iritzi duzu sortu duen kalapita guztiaren gainean?


Neurriz kanpokoa iruditu zait, erabat, eta neurri batean erakusten ditu katalanak gure gizartean dituen ahuldadeak. Lanak izango nituzke antzeko kalapita bat imajinatzen Hungarian, edo antzeko legea duen Quebecen. Dena den, ekaitza baretuko dela iruditzen zait, erakusleek zinema katalanez izanda dirurik galduko ez dutela ikusten dutenean. Azken batean, kezka hori baitute teorikoki, dirurik galduko ote duten. Eztabaida honek 80ko hamarkadakoak ekarri dizkit gogora: TV3 telebista katearen hasieretan eztabaida zen ea Dallas telesailean katalanez egin behar zuten. Edo, orokorrago, hezkuntzak eta komunikabideek katalanez izan behar zuten, gaur egundik ikusita eztabaida erabat zentzurik gabeak. Halakoxe zerbait gertatuko dela uste dut Zinemaren legearen ingurukoekin.

Arazoa izan daiteke maiz aldaketak ez direla behar beste azaltzen; kasu honetan, zinema enpresarien mezua askoz ere garbiago iritsi da.


Ñabardura gutxiago duen diskurtsoa baita. Guk gobernu ekintza ustela egingo genuke horiek baino ñabardura handiagoak dituen mezua zabalduko ez bagenu. Enpresarien mezuak, aldiz, erabat lauak izan dira, greba, kaosa, apokalipsia…

Baina mezu hori iritsi zaio hiritarrari, katalana inposatzera datoz hauek, komertzioak katalanez errotulatzearen kasuan bezala.


Oso zaila da hori indargabetzea. Pentsatzen dut praktikarekin baino ezin zaiola horri aurre egin, normal jokatuz eta aurrera eginez, eta horrelako mezuen tranpan ez eroriz. Esan beharra dago komunikabide batzuk, gutxi baina eragin handikoak, Zinemaren legea boikotatzen saiatu direla, Gobernu kideen arteko balizko desadostasunekin petrolioa ateratzeko. Kazetaritzaren funtzioa gainditzen du horrek.

Batzuek esango dute, zergatik ez egin boluntario katalanaren erabilera?


Bada, bi egunen buruan bazterrean geratuko litzatekeelako eta orduan bai bilakatuko litzatekeela, Quim Monzók dioen bezala, patois. Hizkuntza borondatearen esku uztea, besteak Estatu osoaren laguntza duen bitartean, hizkuntza horren bizirautea ukatzea da.

Jazarria dago gaztelania Katalunian?


Ez, inolaz ere. Egin proba, atera kalera. Besterik ez dizut esango, paseatu ezazu pixka bat. Bakar-bakarrik konbentzituko zara.

Euskal Herrian, interesgarria egiten zaigun gauzetako bat da hizkuntza eredu bakarra egotea hezkuntzan.


Hizkuntza eredua aukeratu aurretik, beste kontu garrantzitsu bat argitu behar izan genuen hemen. Bere garaian arriskutsua iritzi zitzaion hezkuntza lerro bikoitz edo hirukoitzak ezartzeari, horrek nolabait mundu-ikuskera ezberdinak sor zitzakeelako. Beraz, gizarte kohesioaren alde, ulertu zen elkarrekin bizi behar bagenuen elkarrekin hezi behar ginela eta hezkuntza sistema orokorra behar zela, balio partekatu batzuetan, eta Kataluniako populazio eskolatu guztiarentzat komunak behar duten aspektuetan, oinarritutakoa.

    Gero erabaki zen hezkuntzako komunikazio hizkuntza katalana izatea, arrazoi sinple bategatik: bestela ez dira lortzen legeak jarritako helburuak, hau da, hiritar guztiak gutxienez elebidunak izatea. Mundu guztiak katalana eta gaztelania berdintasunean menperatzea ezinezkoa da sistema elebidunean, are gutxiago gaztelania nagusi den hezkuntza sisteman. Europako Hizkuntza Gutxituen Kartaren jarraipena egin zenean, balorazio oso positiboa izan genuen, esan ziguten mundu guztiak bi hizkuntzak menperatzeko bidean zihoala gure eredua.

Helburua betetzen duen eredua da, beraz, hizkuntza bakarreko hezkuntza sistema?


Bada, hori ere ez. Gehiago gerturatzen da, baina hezkuntza sistema katalanez izanda ere, gabezia gehien dituen hizkuntza katalana da, pertsonek hizkuntzarekin kontaktua duten eremu bat baino ez baita hezkuntza, eta erabilera dentsitateagatik jendeak gehiago menperatzen du gaztelania katalana baino. Baina pentsatu hezkuntza sistema desberdina balitz, hizkuntza lerro bat baino gehiagokoa, diferentzia are handiagoa litzatekeela. Argi ikus dezakegu hori Valentzian: katalanez ikasten duten ikasleek bi hizkuntzak menperatzen dituzte, eta valentziera ikasgai gisa dutenek aldiz, katalana eta gaztelaniaren ezagutza maila desorekatua dute, erabat.

Ezagun dugu guk ere...


Euskal Autonomia Erkidegoa leku ona da ereduen araberako emaitzak ikertzeko. Ezagutza gehien D ereduko ikasleek lortzen dute, gauza jakina da, eredu elebidun eta gaztelaniakoan zailagoa da. Hori ez da abertzaletasun epidermikoa, konstatazioa baizik.

Tarteka izaten da zuenean murgiltze linguistiko horren aurkako zaratarik.


Bai, gaztelania hiztunen balizko eskubideen defentsa egiten dute batzuek, baina ez dute kontuan, eta akats larria da, lehen eskubidea ezagutzarena dela, norberak gizartean garatzeko beharrezko tresna guztiak edukitzearena. Hau da, pertsona batek ez badu ahalbidetzen bere seme-alabek katalana ezagutzea gainontzeko pertsonen maila berean, gabezia bat sortzen ari da seme-alaben hezkuntzan. Nire ustez eskaera erabat arduragabea da, diferentziak markatzen baititu. Pentsa dezagun momentu batez, osorik gaztelaniaz litzatekeen irakaskuntzan atentzio bereizia eskatuko banu nire alabentzat katalanez. Eta, gutxi, baina bada hori egiten duen jendea. 

Akaso Katalunian ez duzue beste hainbat lekutan izan dezaketen gerra linguistikorik, adostasuna handiagoa da gai horretan. Estatu mailako alderdietako jendeak ere katalanez hitz egiten du hemen. Sentsibilizatuago daude hizkuntzarekin edo egoera soziopolitikoak behartzen ditu horretara?


Estatuko alderdiak moldakorrak direla esango nuke. Estatukoa ez den hizkuntza batek hiztun gehiago dituen lekuan jarrera malguagoa dute eta hiztun gutxiago dituen lekuetan gogorragoa. Beraz, ez da sukurtsal katalanen meritua, ez bada testuinguruak behartutako jarrera. Alderdi Sozialistaren baitan, oro har, egiten ari garen hizkuntza politikaren aldekoak dira nagusiki. Alderdi Popularraren baitan bada erabat kontrakoa den sektorerik, eta ondo bistan daude, baina egia da normalki katalanez funtzionatzen duten sektoreak ere badaudela.

Aurrera daramazuen hizkuntza politika baldintzatua dago, noski, egungo marko politikoagatik, eta adostua gobernu kideekin; ez da Esquerrak egin nahiko lukeena.


Kataluniako Gobernuaren hizkuntza politika egiten ari gara, bai. Gehiengo absolutua bagenu Parlamentuan hizkuntza politikako lege berria egingo genuke, askoz urrunago joango ginateke orain ukitu ere egin ez ditugun hainbat arlotan. Baina, idazkari bezala, kontziente naiz PSC, Esquerra eta Iniciativaren artean adostutako hizkuntza politika egin behar dudala, eta ez alderdiarena. Gainera, ahal izan dugun guztietan Convergència i Unió alderdiarekin adostu izan ditugu gauzak. Hori eskertu nahi diot oposizioko talde nagusiari, erraza izan da haiekin adostasunetara iristea. Eta horrek bide batez indartsuago egin du gure hizkuntza politika.

Zer moduzkoak dira harremanak katalanez hitz egiten duten gainontzeko lurraldeetako administrazioekin?


Bada azpimarratzeko gauza bat: gobernu aldaketarekin Balear Uharteak berriz sartu dira Ramon Llull institutuan. Gaur egun, Llull institutuaren bitartez egiten dugu kultura eta hizkuntza katalanaren kanpo proiekzioa, batera, Andorra, Katalunia eta Balear Uharteetako gobernuen artean. Institutu berean daude Valentziako hainbat herri, Xàtiva, Morella, Sueca eta Gandia tartean, Perpinyako Udala, Ekialdeko Pirinioetako Kontseilu Nagusia eta Sardinia irlako Alguer hiriko Udala. Kanpo proiekziorako sare bat osatu dugu, baina baita barne harremanetarako ere. Kataluniako eta Balear Uharteetako gobernuen arteko harremanak errazak dira eta instituzioen arteko erlazioa hain estua ez denean, Valentzia kasurako, instituzioek egiten ez dutena, gizarte zibilaren bitartez egiten da eta ahal dugun neurrian laguntza ematen dugu.

Azkenak
Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Israelek 434.000 palestinar hil ditu 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, ik

Iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du aldizkariak. Kalkuluen arabera, 2023ko urriaren 7tik egunean 732 palestinar hil ditu batez beste, Israelgo armadaren erasoen... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Janaria sartzeko “10 orduko etenak” iragarri ditu Israelek, Gazan 100.000 haur desnutrizio arriskuan daudelako

"Pausa taktiko" gisa definitu ditu Israelek. Igandean hasi da eta 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara.


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


Eguneraketa berriak daude