Leire Narbaizak Kalamuatik Txargainera blogean esanak: "Adierazpen horiek irakurri nituenean [Patxi López lehendakariak bere euskara eskolez egindakoak] nire ikasleekin akordatu nintzen, eta euskaltegietako ikasle guztiekin. Euskara ikasi duten denekin. Zenbait langabezian, beste batzuk prekarioan. Baita euskara ikastera derrigortuta daudenak ere. Zintzo-zintzo egunero joaten direnak, baita euren urtebetetzeetan ere. Esfortzu ikaragarria egiten dutenak ikastearren, huts ez egitearren, lanetik zuzenean etorrita, familia alde batera lagata. Zer pentsatzen ote dute? Euren musturretan barre egiten die euren lehendakariak. ‘El de todos’."
Gotzon Barandiaranek Berrian esanak: "Egun jabea den Noticias taldeko buruek, Loiolako Herri Irratiko egoitza itxi, eta euskarazko programazioa are gehiago murriztuko dute. (...) Erabakia ekonomikoa izan bada, zergatik kendu dituzte euskarazko saioak? (...) Baina, Noticias taldekoak ez dira Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen dutenen alderdi berekoak? (...) Eta horiek ez dira, ba, euskararen normalizaziora bideratutako aurrekontuetatik murriztutako dirutik Real Sociedad taldeari 1,2 milioi euro emango diotenak?. "
Kepa Altonagak Garan esanak: "Momentu honetan ikuspegi bi daude. Bataren arabera, erabiltzaileek hizkera bat dute, eta hizkera horretatik abiatuta egin behar da egiteko dena. Beste ikuspegiak euskarak gauza ederrak egiteko dohainak badauzkala defenditzen du, eta edertasunari ematen dio lehentasuna. Nire iritzian, edertasuna baino lehenago zehaztasuna bilatu behar da prosa zientifikoan. Euskarazko testu batzuen akats nagusia zera da: euskarazkoa dela ematen duen arren, benetan ‘gliglikoz’ idatzita daudela. Horrelako testuak irakurri, eta ulertu duzula uste duzu, baina ez zaude seguru".