Esne merkea edo kalitatezkoa?

Azkeneko hamarkadan esne ustiategien %80 desagertu da Hego Euskal Herrian. 800 ustiategi baino gutxiago geratzen da orain. Erritmo hori mantentzen bada, esnezale sektorea denbora gutxian desagertu egingo da. Sektore hori galduz gero, gure baserriek eskaintzen diguten kalitatezko esnea ere galduko da. Eta beste sektoreetan egokitzen errazak ez diren milaka lanpostu galduko dira baita ere. Jasaten ari diren birmoldaketa ikaragarria da: %64 murriztu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta %48 Nafarroan. Hori ondoriozta daiteke esnearen merkaturatzeaz joan den astean Bilbon izandako eztabaida batetik. EHNE sindikatuaren eta esne industria ordezkatzen duten enpresen artean –Zamorako Gaza, Euskal Herriko Kaiku, eta honekin kolaboratzen duen Kordobako Covap– egin zen eztabaida hori. Larritasuna areagotuko da 2015 urtean, Europar Batasunak merkatua liberalizatzen duenean. Espainiako Estatuan prezioak %15 jaitsiko dira. Nahikoa da esatea esnezalearentzat produkzio kostua litroko 35 euro zentimotan dagoela, baina banaketa enpresa handiek 28 eta 30 zentimo artean ordaintzen dietela.

Zergatik egoera larri hori? Agerikoa da bi produkzio eredu daudela. Alde batetik intentsiboa, industriala, produkzio merkea lehenesten duena, enpresa handiek eta administrazioek lagundua. Eta bestetik kalitatezkoa, gure abere esplotazioetatik datorrena, EHNE sindikatuak eta baserritarren zati batek defendatua. Erdian kontsumitzaileak daude. Horiek, baserritarrek ezin eskaini dizkieten erraztasun guztiak eta prezio merkeak aurkitzen dituzte merkatal guneetan. Administrazio publikoek, ez badute esnezale sektorea desagertzerik nahi, kalitatezko esnearen kontsumoa bultzatu beharko lukete eta laguntza gehiago bideratu. Ez industria handietara.

Eguneraketa berriak daude