Ana UrkizaDani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Joan den mendearen zauri handienetarikoa pentsamenduaren atarian sortutakoa izan zen, XX. mendean, alegia. José Luisek esan bezala, zientziaren eta teknologiaren aurrerabideek mundu justuago eta orekatuagoa irudikatuko zigula uste izan genuen. Baina ez da hala izan. Zuloak, lehenagokoak baino sakonagoak direla iruditzen zaizkigu. Hollywood-en bezala, amets bat saldu zitzaigun: gure etorkizunaren parte izango ginela. Gutariko bakoitzak zerikusia izango zuela munduaren norabidea marrazterakoan. Demokraziaren gaineko kontzientzia ideia halaxe ulertu genuen. Pentsamenduaren mundua ez da, ordea, abiadura berean garatu. Halaxe egin zaigu, guztioi ere, eskuragarriago baina ez, aitzitik, menperagarriago. Eta hortik, Pessoaren “izateak nekatu egiten nau, sentitzeak min ematen du eta pentsatzeak hondatu” hitzen atzean dagoen sentimendu hitsa.
Utopietan sinistu genuenok, José Luis, ez daukagu ahalmenik mundua aldatzeko, ez eta Bruce Leek bezala, bizitza osoa gure buruak mundua salbatuko duen balizko borrokaldi horretarako prestatzen badugu ere. Borroka hori ez baita emango gu borrokatzeko prestatu terminoetan.
Borrokan eta lan egiteko prestatu gaituzte. Guk hala sinetsi dugu. Lanak, bihar edo etzi –edo beranduago bada ere–, bere fruituak ematen dituela eta fruituak emango dituenean, orduantxe nozituko edo jasoko dugula guk egindako lanarengatiko errekonozimendua: kultur atari, ikusmira politiko, planteamendu erakargarri edo erabaki iraultzaile baten jaiotza, gutxienez. Gure aurretikoen pentsamendu kritikoari oinarri zutabeak jarriko dizkiona... Baina ez da hala. Eta hala ez dela ikusten dugunean, bidea ez dagoela, uste bezala, gure eskuetan, ilun galduta ibiltzearen ideiak abailtzen gaitu, eta borrokarako prest dagoenaren edo etenik gabeko lanean indargabetu denaren sufrimendua datorkigu.
Egokitze arazoa baino ez da, ordea. Dena eginda, esanda eta asmatuta dagoela dirudien honetan, norbanakoak sekula baino ahalmen gutxiago duela senti daitekeenean, badago, Ixiarrek aipatzen zuen bezala, borondatezko baikortasunean kateatzeko arrazoirik. Paperean esandako eta arbela beltzetan klarion zuriz azaldutako formulak egiazkoak direla frogatzeko unea da honakoa. XX. mendeko pentsamenduak kalean funtzionatzen duen edo ez frogatzeko tenorea da, eta hor behar du borrokatu gaur egungo anarko X-ak. Taldeak osatzeko gaitasuna izan behar du, behingoz. Talde indarrak sortzeko eta sortze-lan horretan egiten ari denaren kontzientzia hartu eta zabaltzeko. Jada ez du balio ideia jenial bat aurkezteak. Ideia edo pentsamendu jeniala arbelean zirriborratzeak. Kalean behar ditu adarrak apurtu. Eta gero eta norbanakoagoa bizi dugun gizarte honetan, hor dago zailtasuna. Hortik behar du berrikuntzak. Hori, XXI. mendearen garaipen ikur.
XX. mendeko pentsalariaren talaia kontenplaziozkoa izan da. Eta kontenplaziozko mira horretatik banakako lan eskergara egin du jauzi. Hori izan da bere borroka leku. Mende berrirako erronka, talaiak eta bakarkako lanak egiteari utzi eta landu nahi diren ideien gaineko kontzientzia taldean eta kalean lantzearena da. Pentsamendua sortuko duen talde kontzientzia garatzea, “esperientzia baikor kolektiboak” bizitzera gonbidatuko duena, alegia.