Anarkoalaitasunaz

1. Aurpegi batetik bestera, esku batetik, hitz eta irudi batetik bestera. 90.000 metroko pelikula erabili zuen Pier Paolo Pasolinik La Rabbia film hunkigarria eraiki eta idazteko. Itzulingururik gabe ematen dio hasiera filmari: “Zergatik dago gure bizitza, beldurra, itoaldia eta gerren mende?”, esaten digu Pasolinik bere ahotsean. “Galdera honi erantzuteko idatzi dut filma, nire arrazoi politikoak eta nire sentimendu poetikoa jarraituz eta ez dut hari kronologikorik ez logikorik jarraituko”.

Artista batzuek begitazioak dituzte, garaikideak izateaz gain bizi duten denborara aurreratzen dira. José Luisek joan den astean idazten zuenaren harira, Pasolinik ez zuen bakarrik XX. mendea disekzionatu, bizitzea egokitu zaigun honakoaz ere bete-betean asmatu zuen. Bere filmetan mito klasikoak berrikusi eta birpentsatzeaz gain, gure egunerokotasuna metatzen duten albisteen irudien ifrentzua ekarri zigun. Salò o le 120 giornate di Sodoma luzean, esaterako, faxismoaren boterearen metafora bilakatzen du sadomasokismoa. Adibideak soberan direla esango nuke. Epilogo moduko bat soilik: “Hitza eta gorputza dira errealitatearen azken gotorlekuak”, utzi zigun idatzia itsasargi baten moduan.

2. Anarkotristuraz eta anarkoalaitasunaz hitz egiteko anakronia moduko bat proposatuko dut: Spinozaren afektu alaiak eta tristeak. Gure indarra eta potentzialitatea areagotu egiten dituzte afektu alaiek. Afektu alaiak ez dira barre algara arina sortarazten digutenak edo barre enlatatuak. Eta tristeak ez dira malkoak. Afektu alaia izan daiteke halaber, aspaldiko lagun bat, udaberriko malenkoniaz blai leihotik begira, Pessoaren esaldi bat gogoan duela.

Afektuak ez dira pertsonalak edo norbanakoak, eta ez dute emozioekin eta sentimenduekin zerikusirik soilik. Spinozarentzat gorputzak duen ahalmena dira afektuak –gorputzak besteengan eragiteko eta erasatua izateko ahalmena hain zuzen ere–. Gorputza ez da aurretik finkatua dagoen zerbait, baizik eta ahalmen horixe. Horrela, afektuak besteekin konektatzeko aukera eta ahalmena dira. Spinoza, jakina, ez zen anakronikoa, ezta bere pentsamendua ere. Baina afektuei buruz idatzi zuenean ez zekien handik mende batzuetara anarkoalaitasunak bere egin zitzakeela hitzok.

3. Iruditzen zait balio gutxi dutela gorputzetik urrun esaten edota idazten diren hitzek. Nolabait esateko, karranka sortarazten didate belarrian. Nondik ari zara hitz egiten, galdetzen diot askotan nire buruari, galdera beste norbaiti zuzenduz. Zaila da gorputzetik abiatuta gezurrik esatea. Hitzek bai, puztuak izateko arriskua dute, esperantza, egitasmo, utopia, eta alaitasun apokrifoez.

Hau ez da hitzen edo lengoaiarekiko –dagoeneko espektakulo bilakatu bada ere– eszeptizismoa. Haatik, gorputza eta lengoaia korapilatzearen aldeko xuxurla. Idazkera bera, bizitza osoa, gorputzaren kontuak dira. Elkartze horretan, gorputzaren haragian eta haragiaren dentsitatean, agertzen da bestea. Horra zerbaiten hasiera. Edo beste modu batean esateko, anarkoalaitasun bilaka daitekeen anarkotristurarena.

4. Pessoak, haragiaren eta hitzaren elkarlanean, “izateak nekatu egiten du, sentitzeak min ematen du eta pentsatzeak hondatu”, idatzi zuen argiro. Nahiago, baina, Pasolinik maite zuen beste pentsalari ezagun haren hitzei heltzea: etsipenez beteta datorkigun etorkizunari begira, arrazoiaren ezkortasuna bizi nahi nuke, hori bai, borondatearen baikortasunari lotuta.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude