Txina kolonialista: potentzia bilakatu auzokoen lepotik

  • Pekingo gobernuak lau haizetara aldarrikatzen ditu inguruko herrialdeekin hitzarturik dauzkan mugarik gabeko merkataritza itunen onurak. Walden Bello-k, aldiz, argudiatzen du Txinak estrategia kolonialista tipikoa burutzen duela, metropoliaren mesederako.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asia osoko altermundialisten artean Walden Bello izan daiteke intelektual errespetatuenetakoa. Filipinarra, Manilan 1945an sortua, soziologiako irakaslea da hango unibertsitatean, munduko beste hiri askotan ere irakatsia da eta Focus on the Global South webgune erreferentziazkoa gidatzen du. 14 liburu dauzka argitaratuta, tartean Dragons in Distress (Dragoi atsekabetuak) 1992ko klasikoa, ordurako famatzen zen Asiako mirari ekonomikoa biluzten zuena.

XX. mende amaieratik mundu osoa astindu duen globalizazioak Asia urrunean dauzkan eraginen ezagutzaile onenetarikoa da Walden Bello. Idatzi dituenetan azkenean Txina Asiako beste herrialdeen artean jokatzen duen papera aztertu du: China’s neo-colonialism (Txinaren neokolonialismoa) darama izenburu New Internationalist gune aurrerazalean publikatu duen artikuluak, eta gaztelaniaz Sin Permiso-koek China ata a sus vecinos bataiatu dute.

Mendebalde aberatsean asko aipatu dira Txinarekiko harremanen ezaugarriak eta kontraesanak, txinatarrek industrian hartu diguten nagusitasuna, gure zor publikoetan daukaten eragina, eta abar luzea. Walden Belloren artikulu hau ez da ari gutaz, Txinak Asiako bere eskualdean ezarri duen dinamikaz baizik. Eta honetan Belloren iritzia zalantzarik gabekoa da: Txina potentzia neokolonialista legez ari da jokatzen Asian.

Joan den urtarrilaren lehenean sartu zen indarrean Txinak eta Asiako Hego-Ekialdeko Nazioen Elkarteak –ASEAN ingelesezko sigletan– osatutako mugarik gabeko merkataritza gunea, CAFTA ere deitua: China-ASEAN Free Trade Area. Txina, Brunei, Indonesia, Malasia, Filipinak, Tailandia eta Singapur dira oraingo partaideak, 1.700 milioi jende, 5,9 bilioi dolarreko barne produktu gordina, 1,3 bilioi dolarreko salerosketak. 2015ean Vietnam, Laos, Kanbodia eta Myanmar sartuko dira elkarren arteko negozioetan zergak desegin dituen klub zabal horretan.

Belloren ustean, itun berriaren ondorioak laster hasi dira mamitzen. “Propaganda fabrikek, Pekingoek batik bat, aldarrikatu izan dute mugarik gabeko merkataritza denentzako izango zela mesedegarri, Txinarentzako bezala ASEANekoentzako (...) Baina badirudi ASEANeko agintariak hasi direla jabetzen kalteez: mugarik gabeko truke eremu honetan abantaila gehienak Txinarentzako direla”.

Egia dirudi Asiako Hego-Ekialdeak 2003tik aurrera –1997-1998ko finantza krisiak sortutako geldotzea gainditu ostean– ezagutu duen beroaldi ekonomikoan Txinak egin dituela lokomotore lanak. Nazio Batuen Erakundeak egiaztatu du gehiago zela Txinak auzokoetatik inportatzen zuena haiei esportatzen ziena baino. Baina orain, mundu mailako krisiaren erdian, auzotar guztiok kezkaturik galdetzen dute ea senide nagusiak lagunduko dien ekaitza zeharkatzen. Eta ez da gauza segurua.

Zapatak bezala berakatzak

Mendebaldeko beharginak kezkaturik baldin badaude enpleguak Asiara deslokalizatzen dizkietelako, Walden Bellok dio Txinak gauza bera egiten diela auzo herrietako langileei.

Gainera, eskulana merkeago edukitzeaz gain Txinak bere dirua baliogabetu egin zuen 1994an eta geroztik ASEANeko beste herrialdeetan kanpotikoko inbertsioak urrituz joan omen dira urtero. Europa, Japonia edo AEBetako inbertsiogileek Txina erakargarriagotzat zeukaten beren diruentzako ASEANekoak baino.

Harrigarria suertatzen da Bellok Txinatiko kontrabando masiboaz dioena. Hemen pentsatu dezakegunaren kontra, Vietnameko oskigileak hondoratu egin dituzte txinatarrek kontrabandoarekin: Vietnamen saltzen diren zapaten %70-80 kontrabandokoa omen da.

Txinatiko kontrabandoak asko kaltetu omen du Filipinetako industria ere, ez oskigintza bakarrik: altzairua, papera, porlana, plastikoak, zeramika... “Filipinetako usina asko mundu mailan lehiakorrak zirenak ixtera behartu dituzte edo produkzioa eta lanpostuak murriztera, kontrabandoagatik”. Beldur dira CAFTA itunak inportazio txinatar ilegalok legeztatuko ote dituen, egoera larriagotuz.

Nekazaritzan gauzak are okerrago omen daude. Filipinen kasuan, Txinarekiko 370 milioi dolarreko defizita dauka. Walden Bellok kontatu du Benguet eskualdea bisitatu berri duela, fruitu eta barazkietan fama duen lurraldean, eta hango laborariak etsita aurkitu ditu, Txinatik datorkien uholdeak suntsituko dituelako. Manilak eta Pekinek 2002an sinatu zuten mugarik gabeko salerosketetarako ituna, baina ondorioak orain hasi dira nabarmentzen.

Filipinetako nekazariek jakin dute zer gertatu zaien Tailandiakoei. CAFTAren babesean Txinak eta Tailandiak mugako zergak kendu zizkieten uzta goiztiarreko 200 fruitu eta barazkiri. Teorian bien mesederako zen, herrialde bakoitzeko laborantzaren espezializazioei dagokienez. Baina Tailandiak erauzi zizkien arren zergak Txinako baratxuri eta tipulei, Txinako funtzionarioek oztopoa oztopoaren gainean jartzen zieten Tailandiatiko inportazioei. Herrialde honetako baserri askok porrot egin zuen itun berriarekin, eta Belloren iritzian –ondo ezagutzen du Tailandia, bertan dauka egoitza Focus on the Global Southek– haserre horrek ere izan zuen zerikusirik 2006an Thaksin Shinawatra lehen ministroa kargutik kendu zuen kolpe militarrarekin.

Txinak merkatuen irekidura aldarrikatzen du, baina gero bere komenientzian kudeatzen du. Irekidura esportatzeko; ez hainbeste inportatzeko. Aldiz, ASEANeko herrialdeetan orain hasi dira ohartzen ez direla hain lehiakorrak txinatarren ondoan.

Eskulana modu intentsiboan behar duten produktuetan Txina da txapeldun, ez dago eskulan merkeagorik eskain dezakeenik. Teknologia handikoetan ere –high tech– aurreko muturrean dabiltza. Nekazaritzan ere hiperlehiakorrak dira txinatarrak, Tailandia eta Vietnami geratuko litzaieke arroza, Vietnam eta Indonesiari kafea, Filipinei kokoa.

Lehengaiak geratzen zaizkie auzoko bizilagunei. Eta honetan, dio Walden Bellok, “Txinak darabil antzinako lan bereizketa koloniala. balio erantsi gutxi daramaten lehengaiak eta baserriko produktuak jasotzen ditu, eta Asiako Hego Mendebaldeko ekonomiei saltzen dizkie balio erantsi handiko ekoizpenak”.

Eginkizunen eta etekinen banaketa horretan, nabarmena da Txina aterako dela irabazle eta industria bezala nekazaritza ahulduko zaizkien ASEANeko herrialdeak galtzaile. Kolonialismo tipikoa.

Argazki oina: Txinako Jinjian hiriko Wonderful Shoes oinetako lantegia erakusten du argazkiak. Ezaguna da Europan, AEBetan eta oro har Mendebalde aberatsean kontsumitzen diren produktu askoren ekoizpena Txinako lantegietara deslokalizatu dela hamarkadotan, baina antza denez txinatarrekin ez dute lortzen lehiatzea bere inguruko herrialde txiroagoek ere. Bestalde, Txinatik kontrabandoan inportatutako produktuen prezioei aurre egin ezinak kiebrara eraman ditu Tailandia edo Filipinetako enpresa asko. Produktu manufakturatuen kontrabandoa eta mugarik gabeko merkataritza erabiltzean Txina errepikatzen ari da Ingalaterrako erresumak XIX. mendean erabilitako kolonialismoa.

Lotura interesgarriak:

- Walden Bello China’s Neo-colonialism New Internationalist gunean.
- Gaztelaniazko bertsioa Sin Permiso gunean.
- Focus on the Global South gunea
- Walden Bello ingelesezko Wikipedian
- Xinhua agentzian Txina eta ASEANen arteko harremanen apologia
- ASEAN erakundearen gunea

Azkenak
Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Gipuzkoako Aldundiko zaintzaileek ez dute euskara jakin beharrik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera

Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.


2025-09-04 | Joseba Alvarez
Dena blokeatu!

Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.

Izan... [+]


2025-09-04 | Karlos Zurutuza
Hizkuntzen museo txiki bat dago Parisen

Sena ibaitik metro eskasera egon arren, ez dago Mundolingua museoa aipatzen duen turismo gidarik. Kasualitateak baino ez gaitu eraman horra. Nolanahi, horrela aurkitzen dira, maiz, hiri baten sekretu gordeenak.


Magda Oranich i Solagran
“Ezin ahaztu dut Txiki azkenekoz besarkatu nuen momentu hura”

50 urte dira Francoren diktadura garaiko azken bost fusilamenduetatik. Jon Paredes, Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta Sánchez Bravo, Humberto Baena eta Ramón García Sanz FRAPekoak. Txikiren abokatuetakoa izan zen Magda Oranich, mende erdia eta gero... [+]


María Chivite lehendakaria:
“Poliziaren abusuak eskala handikoak izan ziren eta garai batean baino gehiagotan gertatu ziren”

UPNk salatu du Nafarroan eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeria aztertzen duen batzordeak ia edonor hartzen duela biktima gisa. María Chivite lehendakariak erantzun dio Poliziak egindako abusuen salaketak asko izan direla eta denboran hainbat garaitan... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Erresuma Batuan 700 lagun atxilotu dituzte jadanik, Palestine Action taldeari babesa adierazteagatik

Uztailean Keir Starmerren gobernuak erakunde "terrorista" gisa izendatu zuenetik, Palestine Action taldearen aldeko mezuak erakusteagatik ehunka lagun atxilotu dituzte. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Londresen eta beste mila pertsonatik gora atxilotzeko... [+]


Mirentxu Loyarte hil da, euskal zinemagile aitzindaria

Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Hizkuntza politika “ausart eta berrituaz” eztabaidatuko dute TMeLaborategiaren udako eskoletan

Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]


2025-09-04 | Aitor Aspuru Saez
Sara Fantova
“Ez dugu film feminista edo bolleroa egin nahi izan, baina gure esperientzia hori da eta islatu dugu”

Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.


Barkoxeko pastoralaz

Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.


Elizondoko Benito Menni egoitzako langileek 60 greba egun bete dituzte

Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.


Eguneraketa berriak daude