Industrian erronka jotzeko prest

  • Globalizazioak, harekin dakarren mugikortasunaren eta eleaniztasunaren ondorioz, sektore ekonomiko garrantzitsuenen parera goratu du hizkuntzen tratamendua. Oraindik atomizatuta eta zenbaitetan gutxietsita ageri den alor hori egituratu eta munduan lehiakor bihurtuko duen plana abian du Langune elkarteak.
Hizkuntzen erabilerarako teknologiei bagagozkio, urrats handiak eman dira azken urteotan. Datozenetan, are ikusgarriagoak izango dira lorpenak. Nagusienen neurrira zabaltzen ari zaigun paisaje berri honetan, boteretsu horien artetik inork izango al du bazterreko hizkuntzekiko _adibidez, euskararekiko_ interesik? Hala ez balitz, bazterreko hiztun horiek _adibidez, euskaldunok_, izango al dute euren txikitasunean baliabiderik eta ahalmen finantzariorik tresneria horri euren kontura heltzeko?
Estoniarrek, gure kasu bertsuan jarrita, argi dituzte bi galderaon erantzunak: ez eta ez. Arlote xamar ez gelditzeko modu bakarra, zezenari adarretatik heltzea dela erabaki zuten haiek. Hau da, industria horretan buru-belarri sartu, ikasi, hornitu, elkartu, konpetitu eta, besteen pare, dirua irabaztea dela gakoa. Horretara helduta, sektore horretan erdietsitako jakintzak eta irabaziek urratuko diote estonierari, bestela egingo ez lukeen bidea.

Horra hor hizkuntzen industria egituratzeko arrazoietako bat; jardun desberdinekoak izanagatik ere, hizkuntzaren alorrean diharduten enpresak (euskarari lotuak izan edo ez) batera etortzeko funts sendo bat.

Ez da, ordea, bakarra. Elhuyar Fundazioak, esate batera, aspaldidanik du bere jarduera industrian kokatzeko diskurtsoa. Enpresetako euskara-planak aurrera ateratzean, hizkuntza nahiz hezkuntza softwarea garatzean, hiztegi espezializatuak argitaratzean edota zientzia eta teknologiaren dibulgazioan ari direnean, inoiz baino gehiago, industria sektorean ari direla egiten dute aldarri. Alegia, ez direla kulturgintzan ari.

Gipuzkoa Berritzen-Innobasqueren eskutik

Andoni Sagarna Elkar-eko I+G departamentuko buru eta Languneko bozeramaileak azaldu digunez, lehen haziak orain urteak bota ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia planean gai hau garatzeko lerro batzuk sartzea lortu zenean. Garapenik ezagutuko ez zuen arlo bakarra izan zen, ordea.

Orain dela urte eta erdi, eta Elhuyarren ekimenez bereziki, Gipuzkoako Diputazioan jo zuten atea. Planteamendu zehatza zeukaten eskuetan. Aspaldian zerabilten diskurtsoak oinarririk ba ote zuen argitzeko laguntza eskatu nahi zuten, eta administrazioaren inplikazioa, hizkuntzaren tratamenduari lotutako masa kritikoa, fakturazioa, lanpostu kopurua zenbatesteko. Prospektiba egitearen garrantziaz ere mintzatu ziren. Neurri egokiak hartuta, sektoreak 10-15 urte barru lor lezakeenaz.

Hartu zituen politikariak, Berrikuntzako zuzendari Iñaki Ibarrak, sektoreko enpresetako kideak biltzea, lan taldea osatzea eta maila honetako erronka jotzeko heldutasunik ba ote dagoen neurtzea proposatu zien. Azpiegitura (Gipuzkoa Berritzen-Innobasque) eta aholkularitza (LKS eta Prospektiker-en zerbitzua), haren kontu. Hazia lur hobean erori, beraz.

Geroztik burututako dozena bat bilerak eta sektorearen azterketak erakutsi duen panorama itxaropentsuaren emaitza da Langune elkarte sortu berria (ikus Argia 2217 zenbakia). Haren xedea, gaurko merkatu txiki eta atomizatua, gestio xinple eta anbizio apalekoa, neurri batean diru-laguntzen menpekoa den hori, eta beronen baitan jarduten duten enpresa, elkarte nahiz erakundeak ardatz berera erakartzea. Hiru urtetik gora luzatuko den prozesu malkartsuaren ostean, eta oraindik urrun dagoen bultzada administratiboa lortuta, hizkuntzen alorrak cluster estatusa lor dezan. Proiektuak, esan gabe doa, Gipuzkoako mugetatik harago, gutxienez EAE hartu nahiko luke bere baitan.

Zer da clusterra?

Lurraldetasunari lotutako clusterraren kontzeptua Hardward Unibertsitateko Michael Porter profesoreak garatu zuen, eta Jon Azua Eusko Jaurlaritzako kontseilari izan zen garaian Euskal Herriratu zen. Geroztikakoak ditugu energia, papera, ezagutza, automozioa, Bilboko portuko jarduna edota aeronautika egituratzen dituzten clusterrak. Lehenagotik, erreminta makina edo elektronika alorrak batzen dituztenak besterik ez ziren ezagutzen.

Porterren definizioari jarraiki, elkarri lotuta edo interkonektatuta dauden enpresa eta elkarteek osatzen dute clusterra. Geografikoki gertu daude eta industria sektore bertsuan aritzen dira lanean. Batzen dituena, ezaugarri komun eta osagarri multzoa izan ohi da.
Clusterretan sortzen den aberastasuna _Porterri jarraiki, beti ere_ lurraldeko batez bestekoaren gainetik dago eta bere produkzioaren ehuneko handi bat esportatu egiten da. Neurri eta mota guztietako enpresak aurkitzen dira cluster bakoitzaren baitan: osagai, makinaria edota zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak, hornitzaile espezializatu eta fabrikatzaileak, finantza erakundeak, gobernu instituzioak, heziketa edota ikerketa zentroak…

Abantaila nagusien artean aipagarri, kanpoko merkatu zabalean lehiatzeko irekitzen duen ateka. Adibide zehatzagoak jarrita, demagun itzulpengintzan, elkartzeak Madril eta Bartzelonako enpresa handiek hemengo enpresei egiten dieten konpetentzia saihesten lagunduko luke. Eman diezaiogun buelta: elkartzeak Madrilera eta Bartzelonara joan eta handienei konpetentzia egitea ahalbidetuko lieke hemengo enpresei.

Baina cluster delakoak ez ditu denak bere alde. Besteak beste, bertikalegi izatea leporatu ahal genioke egitura mota honi, sektoreari berari begira aritzea. Eta hizkuntzaren industria, ezer baldin bada, zeharkakoa da, industria sektore guztiak, baita tradizionalenak ere, ezinbestean ukitzen dituena. Batik bat globalizazio garaiotan, bertako enpresak nazioartera jauzi egin dutenean, gailentzen ari diren merkatuetan inbertitzen, kokatzen edo bezeroak bilatzen hasi direnean. Eta zer esanik ez, ingelesak nagusitasuna galdu ez badu ere, tokian tokiko hizkuntzei gero eta aitortza handiagoa egiten zaiela kontuan hartzen bada.

Andoni Sagarnak dioen bezala, “martxa hartzea da kontua; Administrazioak sektore estrategikotzat jo dezan, apirilerako aurkeztu behar den plana bideratzea eta pre-cluster estatusa lortzea. Horren aplikazioak eta datozen hiru urteetan urratsez urrats egiten diren deskubrimenduek erakutsiko digute azkenean cluster bihurtuko garen ala beste mota bateko egitura hartuko dugun. Aholkulariek eta gainerako clusterretakoek aipatu izan diguten bezala, batzuetan hobe da gauzak hain garbi ez edukitzea”.
Josu Waliño: "Guk argi dugu ez garela kulturgintzan ari"
“Betiko adibidea, Panda Software Jaurlaritzara joaten bada, Industriara bidaltzen dute eta ez Kulturara, haiek saltzen dutena softwarea delako. Gu joaten bagara, Kulturara bidaltzen gaituzte zuzenean, geurea softwarea izanda ere, euskaraz delako. Ez da jarrera logikoa. Guk argi dugu ez garela kulturgintzan ari, industrian ari garela. Azken urteotan, dena den, behin eta berriz errepikatu dugun mezu horrek oihartzuna izan duela dirudi. Gauzak horrela, zer egiten du euskara itzultzaile batek ingelesaren edo alemanaren irakaskuntzan diharduen batekin, bikoizketa estudioetan lan egiten duen beste batekin edota zentro teknologiko bateko I+G departamentuko informatikari puntakoenarekin? Honi guztiari sektore forma ematea da denetan zailena, denok saretuko gaituen sentsazio hori lortzea, antzeko merkatuan eta know-how berarekin ari garela ulertzea”.

* Josu Waliño (Elhuyar Fundazioa, Langune elkarteko presidentea)
Ritxi Lizartza: "Enpresek bakarka garatu ezin dituzten proiektuei heldu nahi diegu"
“Sortu berria den elkarte honen zuzendaritza osatu genuenean, azpi-sektore guztiak bildu nahi izan genituen bere baitan: irakaskuntza, unibertsitatea, euskara planak, arlo teknologikoa, itzulpengintza… Laster batean hizkuntzen sektorean eta teknologian aditua den norbait kontratatuko du elkarteak. Hark, Gipuzkoa Berritzenek eman digun babesaren ordezko gisa nolabait, koordinatu egin beharko gaitu, erakunde publikoen laguntzak bideratu, zuzendaritza taldeari lana arindu. Apirilerako plan estrategikoa aurkeztu beharko dugu Eusko Jaurlaritzan. Horren onarpena ezinbesteko pausoa da administrazioak aintzat har gaitzan. Ondoren, eta pre-cluster estatusa lortuta, zuzendaritza berritzeko hauteskundeak egingo dira. Clusterraren bidez, artikulatu egin nahi dugu sektorea, eta enpresek bakarka garatu ezin dituzten proiektuei heltzeko modua bilatu, Kanadan egin den bidea egin eta Europan erreferente bihurtu”.

* Ritxi Lizartza (Mara-mara, hizkuntza zerbitzuak, Langune elkarteko diruzaina)
Andoni Sagarna: "Ezin gara hegan hasi geurea sektore estrategikotzat hartzen ez bada"
“Baldintza objektiborik ez da izan orain arte, baina aurrerantzean hazkunde handia ikusten da Europan. 2015ean, gutxienez bikoiztu egingo dira hizkuntzaren industrian mugituko diren zifrak. Guk zopa asko jan beharko dugu hor goilara sartzen hasteko, baina lanak ondo eginda, posible dela irizten diogu. Abagune azterketak egin behar ditugu, egoera behar bezala mapeatu, inkesta modukoen bidez gurea ongi ezagutu. Baina beste alde batetik, ezin gara hegan hasi gurea sektorea estrategikotzat hartzen ez bada. Erakundeen eta administrazioen onarpena, babesa eta bultzada behar ditugu. Sinergiak aprobetxatzen ikastea da une honetan erronka nagusia. Emaitzak ikusten hasi aurretik, denok elkarrekin ibiltzen ikasi beharra daukagu".

* Andoni Sagarna (Plazagunea, Elkar-eko I+G, Langune elkarteko bozeramailea)
Bego Montorio: "Ezinbestekoa da interes komertzial zuzenik ez duten elkarteen ekarpena"
“Elkarte bezala ez dugu esperientziarik honelako prozesuetan, eta kosta egin zaigu gure burua kokatzea gehienbat enpresen mundutik datorren ekimen honetan, baina orain arteko lana oso interes-garria eta aberasgarria gertatu zaigu. Batetik gure merkatua ezagutzeko, eta bestetik, itzultzaileon ahotsa itzulpen-enpresez gaindi entzunarazteko. Baita gure jardunarekin lotura zuzena duten zenbait eragilerekiko harremana errazten duelako ere. Langune abiatu besterik ez da egin oraindik, baina pentsatzekoa da hainbat eztabaida, proposamen eta erabaki hartuko direla  eta ezinbestekoa iruditzen zaigu gurea bezalako elkarte baten ekarpena, interes komertzial zuzenik ez baitu”.

* Bego Montorio (EIZIE, ItzulBaita)
Josu Landa: "Ikusgarritasuna lortu behar dugu, Euskal Herrian eta munduan"
“Euskal Herriak, bere egoera soziolinguistiko bereziagatik, oso zertzelada interesgarriak eskaintzen ditu. Ikerketaz eta berrikuntzaz gain, hizkuntzen industriak sortzen duen lanpostu kopurua ere normala litzatekeenetik oso goitik dugu. Hainbat arlotan Euskal Herria mundu mailako erreferentzia bihurtzea ekar dezake horrek, Quebec-en edo Katalunian gertatzen den bezala. Ez da kasualitatea neurolinguistikan sortu berri den zentro teknologikoa Donostian kokatu izana. Benetan sinesten dut guk ere badugula, gure neurrian, horretarako aski energia eta kemen, badugula zer eskainia eta zer garatua. Aurrerapauso horretarako behar den motorea izan daiteke Langune. Ikusgarritasuna lortu behar dugu, bai Euskal Herrian eta bai munduan”.

* Josu Landa, Ametzagaiña I+G
Jaier Lacunza: "Lankidetzak egoera berrietara egokitzen laguntzen digu"
“Lacunzan aspalditik dugu sektore bereko enpresekin, baita lehiakide zuzenekin, lan egiteko esperientzia. Urte hauetan guztietan, irabazteko eta ikasteko asko dugula erakutsi digu jardun honek. Lankidetzak gestioa, zerbitzua, merkatuaren nahiz bezeroen ezagutza eta profesionaltasuna hobetzeko bidea eskaintzen digu denoi. Etengabe aldatzen ari diren beharretara egokitzen laguntzen digu. Enpresetan, baldin eta estrategiak eta helburuak lortu nahi badira, ezinbestekoa da hizkuntzen gestio eraginkorra. Internazionalizatzen ez badira ahitu egingo dira, eta hizkuntzak behar bezala gestionatzen ez badituzte, asko kostako zaie internazionalizatzea. Horrek, bistan da, gure merkatuaren hazkuntza dakar”.

* Javier Lacunza (Lacunza hizkuntza akademia)

ASTEKARIA
2010ko otsailaren 21a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude