Urte eta erdiko hausnarketa abiatu da

  • Esana zuen euskara elkarteen Topaguneak hausnarketa sakona abiatuko zuela. Hala, urtarrilaren 23an urte eta erdiko gogoeta prozesuari hasieran eman zieten euskara elkarteek Durangon (Bizkaia).
Euskara elkarteak
Goizean lau hitzaldi izan ziren eta ondoren gogoeta tailerrak egin ziren euskara elkarteetako kideak taldeka banatuta.Topagunea (CC-by-nc-sa)
Ehun bat lagun, euskara elkarteetako langile eta boluntarioak, elkartu ziren Durangon euskara elkarteen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz gogoeta sakona egiteko. Egun osoko jarduna abiapuntu hartuta, Topagunearen asmoa da eskualdeka gogoeta bultzatzea eta ondoren berriz bat egitea.

Urliak esan zuen badirudiela berriro hasten garela hamar urtez behin, sandiak bota zuen agian euskara elkarteen sorrera garaiko egoera berean gaudela. Etsipena? Nekea? Korridorean beste hau entzun zen: “Begira, halako etorri da, eta halako ere bai, eta... Seinale ona da hori, gaiari gogoz heltzeko ilusioa dagoen seinale”.

Goizean lau hizlari aritu ziren euskara elkarteen iraganari errepasoa emanez eta batez ere aurrera begira nondik jo pistak emanez. Ondoren, euskara elkarteetako kideek taldeka astindua eman zieten orain arteko ibilbideari eta datorrenari.
Ondoko lerroetan hizlariek egindako gogoetak jaso ditugu.

Xamar: “Euskara salbatuta dago”

Juan Carlos Etxegoien, Xamar irakasleak ondoko gogoeta egin zuen: “Hizkuntza arazoa gizarte arazoa da, ezin dugu esan: ‘Guk –euskara taldeok– konponduko dugu hizkuntza gatazka’. Gainditzen gaituen problematika da, gizarte osoari dagokio. Gaur egungo sistemaren joera gizarte arazoak arazo pertsonal bilakatzea da eta mintzairarenean berdin gertatzen ari da. Ezin duzu euskaraz egin? Bada zure arazoa da, beti ere hor duzu euskara taldea lagunduko dizuna zerbitzuen bidez: mintzalaguna, komunikabideak, kultur ekintzak… Hau guztia ongi dago, baina klubaren itxura hartzen ari da, sistemak bultzaturik: makramezaleak, pilates… eta euskararenak.

Bestalde, gugandik at dagoen zerbait salbatu nahian gabiltzala dirudi: Amazonia, baleak, Sahara… eta euskara. Baina euskara salbatuta dago, hiztegian eta gramatikan bilduta dago, aldiz, euskaraz bizi nahi duen komunitatea –Herria, nazioa alegia– da kinka larrian dagoena.

Motibazioari dagokionez, gogoan dut soldadutzan agirian jarri zidatena: ‘El valor se le supone’. Euskara elkarteei motibazioa se les supone”.

Juan Luis Arexolaleiba: “Lidergoa hartu edo bestela akuilu lana egin”

“Badago halako ezinegon bat, gainbehera sentsazioa, goia jo izanaren pertzepzioa. Nekea somatzen da –esan zuen urte luzez Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkartean aritutako Arexolaleibak–. Euskara elkarteek beren funtzioa bete dute, beharrezkoak ziren eta dira. Orain autokritika egiteko ordua da euskalgintzan. Lehengotik esperientzia hartu eta inertzia uzteko garaia da.

Euskara elkarteetan, akuilu lanean, behar besteko kemenik ez dut ikusten. Norbaitek egin behar du akuilu lana gizartean, euskalgintzan. Orain inork ez du taxuz egiten, inork ez darama herriko lidergoa. Ez dakit nork egin behar duen, edo Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak, edo herri ekimenak, edo euskara elkarteek... baina norbaitek egin behar du. Euskara elkarteak lider izango ez badira ziurtatu behar dute norbait ari dela horretan.

Gauza praktikoetan bagara erreferenteak askotan: telebistak, irratiak..., baina teoriari heldu behar zaio. Euskara elkarteen norabidea nork ezarri behar du? Txoferrak gidatu behar du autoa eta ez autoak gu. Elkarteak ezin du izan bitartekari eta helburu, gizartean aritzeko gaude.

Elkarteetako boluntarioei buruz, nire lagun batek esaten duen moduan, ‘hamarretakorik gabe auzolanak etorkizunik ez!’ edo beste era batera esanda, gozatzeko aukera baldin badago, sufritzeko prest”.
“Euskaraz bizitzea ez dago harrotasunaren erdigunean”
EEak (euskara elkarte eta euskaldunon elkarteek) 25 urtez lanean. non gaude orain?


“Ez gara gure baitakoak: EEok besteen jardunaren orbitan gabiltza, gu autozentratu gabe. Esate baterako, euskaldunari harrotasuna abertzale izateak ematen dio oraindik eta ez euskaraz bizitzeak. Euskaraz bizitzea ez dago harrotasunaren erdigunean. Erdigunean batzokiak daude (kolore politiko guztietakoak) ez hiztunak. [Atarrabiako (Nafarroa) gazte batek hitzaldien ondorengo gogoeta taldetako batean hala esan zuen: ‘Izorratzen nau instituzioetara jo eta euskaraz egin ezinak, baina berdin izorratzen nau ezkerreko eta abertzale direnen batzarrera joan eta gaztelaniaz egin beharrak’].

Autoestima lurretik daukagu: Ez dugu gure ahalmenetan sinesten, eta ondorioz, ez dugu berariazko begiradarik gureganatu.
Bigarren mailako herritarrak: Hiztun euskaldunok ukazioa bizi dugu, ez gara inon ageri, ez dugu ahots propiorik eta saiatu garenean isilaraziak izan gara. Herriak, hiritartasunak, lurraldeak... daukate lehentasuna. XXI. mendeko euskaldunok XX. mende hasierako emakumeen egoera bertsua bizi dugu.

Hutsari kolpeka: EEetan (euskalgintzan bezala) herria eta euskara moduko abstrakzioak izan dira erdigune, ez hiztuna. Ez gara gai izan hiztunari bere hizkuntza esperientziaren liseriketa egiteko baliabideak eskaintzeko.

Datozen 25 urteetan

* Hiztuna EEen jardueraren erdigunera ekarri behar da. Ingelesezko empowerment kontzeptuaren haritik, hiztuna begirada berriz jantzi behar da, osatzeko, askatzeko, autodeterminatu, ahaldundu edo jabetzeko eta lan hau EEek beregan hartu behar dute. Jarduera armatuaren desarmea kudeatzea tokatzen omen den garai honetan, hiztun euskaldunari armatzea tokatzen zaio, baina ez teknologia militarrarekin, inteligentzia emozionala, Internet eta gisako beste teknologiekin baizik.

* Hiztuna subjektu politiko-kultural gisa aitortu behar da, hizkuntza komunitatea bera ere mugimendu politiko-kultural gisa berrantolatu, jabetutako hiztunekin artikulazio lanak berrabiatuz. EEak herriko, auzoko, lantokiko euskaldunen elkargune eta ahots artikulatua izan behar du.

* Topagunea: euskaldunon nazio mailako ahotsa artikulatzen hasi behar du komunikazio lan apal baina eraginkorraren bidez.

EEen jardunerako eredu izan daitezke mugimendu feminista eta lesbiana, gay, bisexual eta transen LGBT mugimendua. Esate baterako, mugimendu feministari esker ikasi dugu jabetzea=empowerment kontzeptua eta erabat baliagarria zaigu hizkuntzaren eremuan”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude