Zeharbidetan diskoa (Pamiela, 2005). Irigaray-O’Breskey.
Hendaian zuzenean (02/13), J. A. Irigaray-Bixente Martinez.
Artelanak, arte izanen bada, espazioan eta denboran gaindi iraun behar du, baita gure barnea inarrosi ere. Jose Angel Irigarayren Zeharbidetan diskoa, kasu, halakoxea delakoan nago. Nago diot, diskoak nire baitakoa luzaz iraun-irauli duelako.
Zeharbidetan lanean ez duzu musika soilik kausituko. Munduko zeharbidetan jasotako eleek ildo sakonak urra ditzakete zure gogoan. Ez alferrik, Irigaray poetaren beraren eleak baitira bideetan zehar eramaten zaituztenak.
Musika ez da modaz pasatzen, berau daramaten eleak betierekoak direnean. Musikaren azkeneko irrintzia izan gabe, eleak daramatzan mintzoak espazioa gainditzen duenean denbora gainditzen du. Eleok betiereko diraute. Eleok, bere-bereak izaki, betiereko dira Irigarayren ahotsean.
Ilusioz bizi da oraindik ere poeta. Ametsaren eta errealitatearen arteko gatazkan. Itxaropenak eta harmoniak sosegatzen dute aldian-aldian. Alta bada, bere burua “izan gintezkeenaz” itauntzen segitzen du. Poesiari esker bizi da, baina poesiarekin dudakor betiere.
Abian da poeta berriro ere mundura. Herria berarekin darama, bazterrera laga ezin dituen munduko plaza guztietan kausitu nahi du herria. Harmoniaren xerka ibili dabil zeharbide desorekatuetan. Joan badoa, bila dabilen bidaiaria, itzultzeko abian da alabaina.
Joan eta jin. Partitu eta itzuli. Maitasuna eta askatasuna. Iragana eta oraina. Biharkoari esker bizi da Irigaray, biharkoari begira altxatzen da haren ahotsa: aldian goibel aldian kontent, jostetan batzuetan kontrobertsietan itoa bestetan. Nola edo hala badoa. Zeharbidetan. Bitasunean. Askatasun eta maitasun helezinaren xerka, menturaz eta desbenturaz. Zeruz edota itsasoz. Urdinean betiere.
Zu zeu ere irakurle, bildu zaitezke urdinean. Etorri Hendaiarat. Otsailak 13 dituela, herriko Mediatekan, arratsaldeko 17:30etan. Irigarayren mintzoak idazkitxo honen antzeko eleak iradoki dizkizuke ausaz. Iruñeko poetaren eleekin –Zeharbidetan diskoko Antoni O’Breskey musikariaren beharrean– eta Eibarko Bixente Martinez musikari trebearen aireetan kulunkatuko zara.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.