'Hitanoa, estandarrera ekarri gabeko azken osagarria da'

  • Hitanoa ikasteko metodologia sortu du Ritxi Lizartza (Donostia, 1965) itzultzaile eta zuzentzaile zailduak. Ahozko testu bizien kontrako borrokan sortzen zitzaizkion korapiloak askatzen hasi eta lokarriak lotuta ekarri du hikari buruzko liburua plazara.
Hitanoa ikasteko metodologia sortu du Ritxi Lizartza (Donostia, 1965) itzultzaile eta zuzentzaile zailduak. Ahozko testu bizien kontrako borrokan sortzen zitzaizkion korapiloak askatzen hasi eta lokarriak lotuta ekarri du hikari buruzko liburua plazara.
Joan den azaroko egun batean, hartu euskarazko egunkaria eta ezohiko iragarkia, liburu bat: “Hitanoa. Mintza hadi, lagun!”. Eta biharamunean –eta ondoko biharamunetan–, hantxe iragarkia liburuarena. Lanaren egile, Ritxi Lizartza, hainbat urtean Goenkale telesaileko euskara zuzentzailea. Eta, neure artean, “Hitanoa? Zertan dakar Ritxi Lizartzak hitanoa plazara?”.

Seguru asko, barruko harrak asetzeko asmotan egingo nuen. ETBn lanean ari nintzela, gertatu zitzaidan hitanoarekin dexente topo egitea. Batetik, estandarraren eredua defendituz, eta, bestetik, Euskaltzaindiak araututako adizkia, aurrerapauso nabarmena izanda ere, nahikoa ez zelako. Esan nahi dut Euskaltzaindiak adizkiaren morfologia arautu zuela, bai, baina haren eremu sozioafektiboa eta morfosintaktikoa ez zituela arautu. Guk, berriz, horiexen beharra geneukan.

“Eremu sozioafektiboa eta morfosintaktikoa”. Zertaz ari gara?
Eremu sozioafektiboa da, nolabait esateko, nork norekin zein egoeratan erabiltzen duen. Tradizioak agintzen du horretan, baina hura aldatzen ari da gaur egun eta inportantea da zehaztea. Gaur egungo gizartearen joeretara egokitzea, alegia… Eremu morfosintaktikoari dagokionez, hitanoa berezia da, esaldi nagusiari dagokio, ezin da edozein testuingurutan erabili. Tradizioak agintzen du horretan ere, ez da lege inposatu bat. Leku askotan tradizioak indarra du oraindik ere, baina beste hainbatetan ez. Eremu morfosintaktikoa arautu ezik, irizpide eza nagusituko da ikus-entzunezkoetan, antzerkian, irakaskuntzan eta bestetan. Ondorioz, gerta liteke irakasle batek bere tradizio eta hizkera partikularraren arabera irakastea hitanoa, edota argitaletxe batek nobela bat argitaratzea –estandarrean argitaratzea, jakina–, baina hitanoari dagozkion formak egilearen jatorriaren arabera agertzea liburuan. Gertatzen baita horrelakorik.

Horregatik zure lana.
Bai. Proposamen teorikoa egiteko asmoa nuen gai honi buruz, bildutako kasuistika antolatu, ordenatu eta adierazi nahi nuen. Eta arautu beharra ere aldarrikatu. Bada, hori idatzita nuenean –entsegu labur bat edota artikulu luze bat osatzeko lain material–, jendea ikastaro eske etortzea gertatu zitzaidan. Eman ere egin nituen ikastaroak eta haien bidez, askoz ere gehiago ikasi dut hitanoari buruz, eta, harrezkero, liburua ariketa praktikoz hornitu ere bai… Ikastaroen bidez osatu dudan alderdi praktikoak autoikaskuntza bidea errazten du, eta nire lehenengo lana osatzen, alderdi teorikoa ez ezik, praktikoa ere ageri duelako. Teoria izan behar zuen lehen artikulu luze hura gidaliburu da gaur egun, eta konbentzituta nago hirugarren atal bat ere beharko duela nire lanak, hau da, beste jauzi bat. “Hitanoa. Mintza hadi, lagun!” honetan eztabaidarako abiapuntua ezarri dut, ardura duten erakundeek hitanoaren erabilera gure gizartean arau dezaten…

Arautu beharraz ari zara.
Bai, baina ez esate aldera, hitanoa gure gizartean dagoelako baizik, esparru guztietan egon ere. Ikastolak Kilometroak festa antolatzen duela, hika jarriko dizu leloa. Amaia Zubiria batek, Berrian zutabea idazten duelarik, hika ari da. Xabier Gantzarain, berdin… Eman dezagun Bide Ertzeanek Jose Luis Otamendiren poema musikatzen duela: hika ariko da. Eta ezin ahaztuko dugu irakaskuntzan ere garrantzi handia duela. Hitanoa gizartean dago, jendea hura irensten ari da… Hitanoaren erabilera, zuzena ala okerra, gizartean dago, kalean. Gizartea arauemaileen aurretik doa, ohi denez, baina arautu beharra dago.

Zein irizpideren arabera arautu?
Batek baino gehiagok esango dit garbizalea naizela, iturrietara, tradiziora jotzen dudalako. Nik ez dut uste garbizale jokatu dudanik, uste dut oso erratuta gabiltzala ereduei dagokienean… Egia da, adibidez, Bedita Larrakoetxeak Shakespeare euskarara itzuli zuenean, artean gerra ostean, hitanoaren muga morfosintaktikoen gainetik jardun zuela, bizkaieraren tradizioaren arabera. Gaur egun beste era batera jokatu behar dugula uste dut. Nik, hasteko, kaleko hizkera jasotzen zuten Donostia aldeko antzerkilariak izan ditut erreferentzia inportante: Toribio Altzaga bat, Marzelino Soroa eta beste. Kaleko hizkera baliatu zuten antzezlanetan. Ez dira goi mailako lanak, baina aintzat hartzeko modukoak. Gaur egun Goenkale egingo lukete haiek… Garai hartako formatua antzerkia zen, eta euskara oso ongi jaso zuten, oso euskara ederra, batzuetan erdarakadaz betea, korapilorik gabekoa, baina txukuna. Haiek garai hartan erabiltzen zuten hitano eredua eta gaur egun erabiltzen dena, oso ezberdinak dira gauza askotan: orduan muga morfosintaktikoak errespetatzen zituzten, gaur ez bezala; gaur egun Donostian entzuten den di(n)ate forma diten/k zen orduan, hau da, estandarrak onartu duen forma… Bestalde, euskaraz.net-en eta armiarma.com-en sartu eta hitano adibide mordoa ageri dira. Bi iturri hauek ere funtsezkoak izan zaizkit, eta funtsezkoa iturriok interneten izatea eskura, nahi bestetan kontsultatzeko moduan. Interneteko bi iturriok izan ez balira, bizpahiru urte geroago aterako genukeen liburua. Material horiek klabe izan dira…

1994an arautu zuen alokutiboa Euskaltzaindiak, Beñat Oihartzabalek egindako proposamenaren arabera. Zer diozu adizki haren formaz?
Hara, hitanoa, estandarrera ekarri gabeko azken osagarria da. Goenkalen ari nintzela, lortu genuen ETBk Euskaltzaindiaren eredu hura onartzea, eta bateko eta besteko gidoilariek erabiltzen zuten hitanoa batura ekartzea. Horrelaxe lortu genuen Joxe Mari pertsonaiak aste osoan hitano koherente bat erabiltzea. Alegia, guk bere horretan onartu genuen Beñat Oihartzabalen lana, hasieran gizartean sortu ziren katramilak gorabehera. Oso ekarpen handia egin zuen, ona, eta logikoa. Durangoko Azokan liburuarekin nintzela, Etxarriko bat etorri zitzaidan, esanez zergatik ezin den zituat erabili ditiat-en ordez; beste bat, behenafarra, zergatik ez den dioagu estandarra, zioagu beharrean. Oihartzabalek erdibidea aukeratu zuen, bai asmatu ere.

Zu, hala ere, arau gehiago eskatzen ari zara Euskaltzaindiari, eremu sozioafektiboa eta morfosintaktikoa arau ditzan.
Bai, baina bai nork bere buruari nola egin behar dion, adizki ihartuak nola erabili behar diren, aldaketa fonetikoak egiteaz eta hiperhitanoaz ere, adibidez, jardun beharko luke. Idazleak, editoreak, irakasleak, gidoilariak, antzerkigileak... erreferentziak behar dituzte-eta, norberaren intuizioak ez ezik. Liburuan planteatzen den metodologia proposamen bat da bide horretan.

Hitanoa galbidean dagoela irakurri dizut han edo hemen.

Bai. Jo dezagun, Urola-Kostan (Gipuzkoa), adibidez, etxetik jasotako alokutibo eredu txukuna galbidean dago, bertako euskara egiten dutenek hitanoaren ezaugarriak ahaztu egiten dituzte, neskei toka egiten diete, gurasoek semeei toka egiten diete, baina alabei neutroan. Bestalde, hitanoa erabiltzen ez dakien jendea dabil, hika hizketan, zuzen egiten jakin gabe. Hitanoa etxean jaso dutenek, ondo, baina ikastolatik ateratako gazteek, edo bailara hartara joandakoek, edo familia erdaldunetako seme-alaba euskaldunek… ez dute etxeko hitanorik, kalean batari eta besteari entzundakoa baizik, formak nahasten dituzte! Horretaz ere ari naiz liburuko atal batean… Gazteen artean modan dago hika, eta nagusi dira forma arrotzak, inork ez du-eta zaintzen gazteek txukun hitz egitea. Hasteko, ez dute non ikasi, ez dute erreferentziarik ere… Beraz, tradizioaren araberakoa atzerantz egiten ari den bitartean, erreferentziarik gabe erabilitakoa nabarmen doa gorantz. Zegokelako erabiltzea, orain hika eta orain zuka egitea, hika eta neutroa nahastea, neskei toka egitea, koadrila osoari hika egitea...

Hau guztiau 30 ordutan ikasten dela irakurri dut ikastaro baten aurkezpen.
Baina ez nik horrela jarrita! Hitanoa esplikatzeko bai, hogeita hamar ordu behar dira. Beste hainbeste, mintzamena lantzeko. Ondoren, erabiltzen jarraitu behar da, bestela seguru da berehala ahaztuko dela.

Diseinua ohi ez bezala landu duzue material honetan…

Metodologia zehaztu ondoren, atalak zehaztea zegokidan: ariketa idatzizkoak, ahozkoak, entzutekoak, irakurketa mailakoak… Proposamen asko zeuden, eta beharrezkoa zen liburuaren diseinua ere deigarria izan zedin, informazioa ondo antolatuta egotea, hika egin nahi dutenek edo material honetaz baliatuz ikasi, nola erabili jakin dezaten. Oso lan zaila izan da maketatzea, Yoana Figuerasek sekulako lana egin behar izan du, egituratu gabe zegoen materiala egituratzeko. Ekarpen teorikoa da bat, eta praktikoa beste bat, jendeak nahi beste landu dezan hitanoa. Uste dut asmatu dugula.

Azala ez ezik, mamia ere ondo hornia du…

Liburuaren egiturak ez du sekreturik, hitanoa esplikatzen nondik hasi eta nora joan behar den esplikatzea izan da bidea... Liburuak bi atal ditu, lehenengoa, teorikoa, hainbat artikulu eta lanetan barreiaturik topa litekeena, seguruenera, baina ez modu sistematizatuan. Atal horretan, beste hainbat azpiatal, hitanoa nola osatzen den, hitanoko adizkiak zer diren, izenordaina, eremu sozioafektiboa, hitanoak dakartzan aldaketa fonetikoak… Bigarren atala erabilerak berak sortzen dituen arazoen gainekoa da. Hika egiteko ez da, nahitaez, beharrezkoa, baina hika ikasi nahi duen batek “Hukek” ikusi eta aditz horren aurrean nola erreakzionatu jakiteko lagungarri da. Erabilera mailan sortzen diren hainbat egoera eta arazo planteatzen ditut bertan: hiperhitanoa (haut/haunat, hintzean/hintzenan…), hiperzuzenketa (bi liburu ditiat, bi liburu eman dizkiat hiri, bi liburu eman ditiat [hiperzuzenketa] hiri…) eta beste. Hain zuzen, azken hiper hori da Euskaltzaindiak hitanoa arautuz geroko ondorio txar bakarra, jendeak ez duelako garbi Euskaltzaindiak arautu duenak zertan duen eragina

Harrera ona izan du liburuak…
Oso ona. Salmenta oso ondo doa. Jendearen erreakzioa, “Bazuan garaia horrelako eskuliburu bat izateko!”. Irakurleak material hau hartu eta harritu egin da, ez zuen usteko hika egiten ikasteko tamainako lantzarra atera behar zenik (kar kar kar!). Horrekin batera, jendea galdera puntualak egiten hasi zait, txakurrari zergatik ezin dion noka egin eta antzekoak. Oraindik ez dut lan osoari buruzko kritika jaso, hitz ederrak bai –Euzkitzek, esaterako, egunkarian–, baina kritikarik ez, eta horixe nahiko nuke nik, azken finean lan hau abiapuntu delako, hitanoaren eremua arau dadin. Lanaren helburua eztabaida piztea da, horixe helburu bakarra. Orain arte arautu ez dunez gero, beharrezkoa zen pausoa ematea, eztabaida sortzeko: tradizioari eutsi behar zaion, gaur egungo joera nahasia hobetsi behar den, zein esparrutan erabili behar den… Erabakizun dira horiek denak… Eta tradizioan oinarritutako proposamena egiten da liburuan.

Bakarra zara lanean eremu honetan?

Nire aurretik jardun dute beste batzuek ere. Xabier Zubizarreta, Arrasateko alkate ohia, bertako euskalkian eskolak ematen; Txillardegik makina bat lan egin du honetan; Orioko euskara teknikariak ere bertako hitanoa landu du; Imanol Azkuek, Zumaikoa… Xabier Alberdi Larizgoitiak berebiziko lana egin du erabilera aztertzen… Hor da Iñaki Gaminde ere, berak jarri zuen alokutiboa “modan” aditz etikoari ekin zionean… Meritua dute, bai horixe! Baina eskolak estandarrean ematen, bakarra naiz, tamalez. Orain arte 250 ikasle izan ditut hitano ikastaroetan; irakasle denak ere, euskaltegi, ikastola, institutu eta unibertsitatean, baina ez dut segidarik. Nik, berriz, jende gehiago nahi dut arlo honetan lanean, ez naizelako heltzen eskatzen dituzten ikastaro guztiak ematera. Beste galdera bat ere bada honen inguruan, jendeak egin didana, alegia: metodo hau euskalkirako ala baturako da? Nik diot estandarretik planteatu dudala. Orduan, esan izan didate bizkaieratik abiaturik egiten dudanean hartuko dutela liburua. Berez, lan hau ez da estandarrarentzako egina, liburuak jokaleku bat jarri nahi du, hitanoaren esparrua esplikatzeko asmotan, dela adizkiarena, izenordainarena, eremu sozioafektiboarena, morfosintaktikoarena… Hori kontuan izanda, lan honek berdin balio lezake estandarrerako zein euskalkirako. Estandarretik euskalkira, aldaketa morfologiko txikia besterik ez dago: bateko diti(n)at, dizki(n)at da han. Norberak egin beharrekoa da hemen erakusten duguna euskalkira egokitzea.

Azkena, zergatik ezin dut elkarrizketa hau hika argitaratu?

Hitanoaren esparrua eremu kolokiala delako, ahozkoa, lagunartekoa, gurasoek seme-alabekin erabiltzekoa… Egia da hitanoaren erabilera eremuak aldatzen ari direla, baina halako aldizkari jakin batean artikulua argitaratu behar eta idazkera formala aukeratu beharrean zaude, eta alokutiboa ez dagokio idazkera formalari, ahozkoari eta kolokialari baizik. Ez dago hitzaldi bat hika egiterik! Gisa honetako elkarrizketa batean, bestalde, bata da galderagilea, bestea erantzulea, eta hika jardunez gero, arriskua duzu hartzailea kanpoan uzteko.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude