Behingoz protagonista

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Secundarios vascos de primera. Carlos Roldán Larreta.
Euskadiko Filmategia Fundazioa. 2008-2009

Alfonbra gorria zapaltzen duten Oscardunak, pantaila handian minutu gehien betetzen dituzten aurpegi famatuak, ez dira askotan zeluloideko izarrik distiratsuenak. Nola ez gogoratu Iñake Irastorza, Kutsidazu bidea, Ixabel  filmeko amona suahiliaren paperean? Ane Gabarain Jaun ta jabeko Garbi maitagarri bezain despistatua? Pako Sagarzazu Aupa Etxebeste! laneko aitona xelebrea? Kontxu Odriozola Goenkaleko Maria Luisa ordezkaezina? Kandiko Uranga Kalabaza tripontziako –eta zinemako– ahotsik sakonena?

Aipatutako horiei eta beste 16 euskal aktoreri omenaldi txukuna eskaini die Roldán Larretak, kaleratu dituen hiru bildumetan –laugarrena buruan du jada–, bakoitzaren ibilbidea azalduz eta elkarrizketa bana gehituz. Izan ere, benetako protagonistak eurak dira maiz, kontakizunari indarra ematen diotenak, istorioko pertsonaia nagusiari itzal egiteraino. Esperientzia ugari jaso ditu liburuak aktoreon ahotik: Jose Ramon Soroizek –edo Super Arizko, EAEk izan duen lehendakari dibertigarrienak– dio Elena Irureta eta bera izatezko bikote direla pantailan, testurik gabe ere moldatuko liratekeela eszena errodatzen batera jarriz gero; Elena Iruretak berriz, kontatzen du ez duela Daniel Calparsoro zuzendariarekin berriz lan egingo; Mikel Garmendiari gustatu izango zitzaiokeen paper dramatikoagoetarako deitu izan baliote; Mariví Bilbaok A ciegasen antzezturiko ama “gorrotagarria” du gustukoen, zineman zital izateak duen erakargarritasunagatik; euskara batuan errodatzearen mugak hizpide ditu Klara Badiolak...

Askorako ematen du bigarren planoan daudenen eskarmentuak. “Ez da rolik mespretxatu behar, txikia izan arren. Baina nire paper handia oraindik iristeke dagoela pentsatzea ondo dago”, dio Ramon Agirrek. Azken finean, Kontxu Odriozolak azaldu moduan, “pantaila handian zure lehen plano bat ikustea baino magia handiagorik ez dago. Barren-barrenean, hori da gu guztion desira”. Bada, ahalegintzen jarrai dezatela, hainbatek eskertu egiten baitugu berez distira egiten duten aktoreen lana, hainbeste izarren artean.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.