Mundua konkistatu zuen Bohemiako dirua

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Mexiko, 1535. Karlos I.a Espainiakoak –edo Karlos V.a Alemaniakoak– agindu bat bidali zuen metropolitik kolonia berrira: egun Mexikok hartzen duen lurraldeko zilar meatzeetan Europan erabiltzen ziren thaler izeneko txanponak egiten hasi behar zuten. Thaler izena Joachimthaler –zilarretan aberatsa zen Bohemia iparraldeko ibarra– toponimoaren laburdura zen.

Mexikoko espainiarrek agindua bete eta dalerrak egiten hasi ziren, th soinua ezezaguna baitzen beraientzat. Txanponarentzat sinbolo bat ere asmatu zuten: kontinente zahar eta berriko kostaldeek osatzen zuten irudiari Herkulesen bi zutabeak erantsi zizkioten; hau da, bi marra bertikalez gurutzatutako S-a ipini zuten txanponetan. Pentsatu ere ez zuten egingo mende batzuk geroago irudi hori aberastasunaren ikur bilakatuko zenik.

Izan ere, iparraldeko kolonia ingelesetan ez zen moneta berria erabiltzen. Ez zuten zilar meatzerik eta iristen ziren txanpon guztiak birziklatzen zituzten. Trukerako tabako hostoak, larrua, gatza, maskorrak eta, ingelesen kontrako iraultza hastear zela, diru-papera erabiltzen zituzten.

1751n Benjamin Franklinek Amerikako kolonietan moneta sortzeko eskaera egin zuen Ingalaterrako Parlamentuan. Jasotako ezezko biribila medio, inprenta bat erosi eta kontinental izeneko diru-papera inprimatzen hasi zen.

Kontinentala Amerikako Iraultza finantzatzeko baliabide ezinbestekoa izan zen, baina independentzia lortu eta gero, tresna iraultzaile bikaina arazo ekonomiko bihurtu zen. Diru-papera neurrigabe inprimatzen zenez, kontinentalaren balioa egunetik egunera depreziatzen zen. Moneta berria behar zuten.

Baina berria sortu ordez, ordurako kontinente zaharrean baztertuta zegoen daler mexikarra propiotzat onartu zuten 1792ko apirilaren 4an. Berehala dollar esan zioten txanponari, fonetika ingelesak eraginda. Horrenbestez, Joachimthalerra dolar bihurtu zen, zilarra paper, eta Amerikako ingeles koloniak munduaz jabetu ziren, Herkulesen zutabeek zeharkatutako S-a banderatzat hartuta.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Barraskilo bat Amanita Muscaria baten gainean
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren udazkeneko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Izara formatu berritzailean, landareak lantzeko jakintza praktikoa, lurraren eta bizidunen osasunarekin lotutako gaiak eta poster eder bat deskubrituko dituzu urtaro bakoitzean. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!