Hizbullah

Estatuaren barneko estatua

  • Ekialde Hurbileko talde politiko-militar indartsuena da Hizbullah. Jainkoaren Alderdiak Libanoko Armadak baino bitarteko hobeak ditu eta Israelgo Armadari birritan gailentzeko gai izan da. Libanoar guztien erreferentea izan nahi duen taldea nagusi den eremuetan izan gara.
Alberto Pradilla @albertopradilla  |  Martxelo Diaz
2010ko urtarrilaren 24a
hizbullahren mitina
Pasa den abuztuaren 15ean, Hizbullah eta Israelen arteko enfrentamenduaren hirugarren urteurrenean, talde politiko-militarrak antolaturiko mitina.Aritz Intxusta
Libanoko militar batek Hassanen autoa geldiarazi du Litani ibaia, Hizbullah nagusi den lurraldeko muga naturala, zeharkatzen duen zubian. Hassanek, Libano hegoaldean Jainkoaren Alderdiak duen prentsa arduradunetako batek, bere agiria erakutsi du. “Gutxienez, pasaporteak emango dizkidazue kontrola nork zeharkatu duen jakiteko”, eskatu du soldaduak. Egia esan, atzerritarrak ezin dira hemendik pasa. Beirutetik hegoaldera dagoen Saida hiriko Komandantzia Militar libanoarraren baimena ezinbestekoa da Israelgo (hegoaldeko arerioa) mugarantz doazen errepideetatik ibili ahal izateko. Baina nortasun agiri horiak balio du Libanoko Estatua desegin eta Jainkoaren Alderdiaren Gobernuak agintzen duen eskualdera abiatzeko.

1990eko hamarkadatik Sayyed Hassan Nasrallah-k zuzentzen duen Hizbullah, Ekialde Hurbileko talde politiko-militar indartsuena bilakatu da. Ustez garaiezina zen Israelgo Armadari birritan gailentzeko gai izan da eta, nahiz eta demografikoki ugari izan, historikoki jazarpena eta marjinalitatea pairatu duen xiiten komunitateari itxaropena itzuli dio. Beirut hegoaldeko auzo txiroak, Baalbek ingurua (Bekaa bailaran) eta Israelekin muga egiten duten lurraldeak dira talde honek kontrolatzen dituen eremuak. Denboraren poderioz, sionisten aurkako erresistentziaren eredu bilakatu da, Tel Aviven erasoak etengabe pairatu dituen herrialde batean. Halere, Libanok hemezortzi komunitate erlijioso izateak, elkarren arteko aliantzak etengabe aldatzeak eta populazioaren gehiengoa estruktura sektarioen pean egoteak Hizbullah herrialde osoan zehar zabaltzea oztopatzen dute. Talde honek, ordea, harreman estuak mantentzen ditu, batez ere erlijiosoak, Iranekin, xiitak nagusi diren herrialdearekin.

Haj Hatem da Libano hegoaldeko Hizbullahren harreman politikoen arduradun; agerian dagoena ezkutatzen saiatzen da: “Ez dago gure alderdiak kontrolatzen duen eremurik”, dio Saida hirian duen bulegoan. Hiri horretan Jainkoaren Alderdiaren zantzurik ez da ikusten. Aldez aurretik prestaturiko diskurtsoari hitza jartzen dio Hatemek. Israeli ez diote su-etenik eskaintzen, baina Libanoko beste taldeen aurrean eskuzabal agertzen dira. “Herrialde osoa gobernuaren kontrolpean dago, guk ez dugu autoritate hori, nahiz eta Libanoko herri guztietan ordezkaritza izan, beste alderdi nazionalek bezala”. Baina Hizbullah, Libanoko Armada baino bitarteko hobeak dituen milizia izanik, herrialde osoa egun eskas batzuetan kontrolatzeko gai da. Hala frogatu zuen 2008an, gobernuak talde honen komunikazio sareak mugatu nahi izan zituenean eta Hizbullahk Beirut hartu zuenean. Atzera egin zuen ordu gutxira, gobernuak bere erabakia indargabetu zuenean. Herrialde osoaren kontrola ez hartzea erabaki zuen Hizbullahk. 1990etik hona –Taisko hitzarmenak hamarkada luzeko gerra zibilari amaiera eman ziotenetik– antolatu diren hauteskundeetan parte hartu izanak taldearen konpromisoa erakusten du errotik aldatu nahi duen sistema politiko batekin.

“Indarrean dagoena mantentzeko dena mugitzen duen herrialdea da Libano”, dio Issa el-Ayubi kazetariak. Libanoko politikaren ezaugarri nagusia den kaosaren erdian, Hizbullahk ez dio inori gezurrik esaten. Pasa den martxoaren 14an blokea osatu zuten AEBetan, Frantziaren eta Saudi Arabiaren sostenguarekin Saad Haririk zuzentzen duen Etorkizuneko Mugimenduko sunitak, Falange eta Indar Libanoarrak kristau maronita taldeak eta etengabe ezustekoak eragiten duen Walid Jumblatt drusoak. Bada, bloke honek joan den ekainaren 7ko hauteskundeetan garaipena lortu zuenean, Mendebaldeko komunikabideek ez zuten euren poza ezkutatu. Gogobetetzea nagusi zen giro horretan ia inork ez zuen aipatu Martxoaren 8ko Blokeak –Hizbullahk, Amalek, Michel Aoun jeneralaren Korronte Patriotiko Libre talde kristau maronitak eta ezkerreko taldeek osaturikoak– bere arerioak baino 200.000 bozka gehiago lortu zituela. Hauteskunde sistema sektarioa izan zen Mendebaldearen lagunak salbatu zituena.

Sinesmenetan oinarritzen den banaketa hori, 1975etik 1990era Libanon odolustutzea eragin zuen gerra zibilaren ondorioa da. Parlamentuko 128 eserlekuak erdibana dituzte kristau eta islamdarrek. Lehenen artean, maronitek 34 eserleku dituzte, greko-ortodoxoek hamalau, greko-latinoek zortzi, armeniar ortodoxoek bost, eta bana armeniar katolikoek, ebanjelistek eta kristauek. Islamdarren artean, xiitek 27 eserleku dituzte, sunitek beste 27, drusoek zortzi eta alauiek bi. Banaketa sektarioa estatuaren kargu garrantzitsuenetara ere hedatzen da. Presidenteak kristau maronita izan behar du, gobernuko lehen ministroak sunita eta parlamentuko presidenteak xiita. Libanoko sistema politikoaren ahulezia iaz geratu zen agerian berriz, ekainean izan ziren hauteskundeen ondoren. Sei hilabete eman zituzten gobernurik gabe, bi bloke nagusien artean akordioa lortzea ezinezkoa izan baitzen. Azkenean, ituna azaroan sinatu zen, Hizbullahk bi ministro dituen Batasun Nazionaleko Exekutiboa osatuz.

Libanoko hautes-sistemaren gainean Hizbullahk duen jarrera azaldu du Haj Hatemek: “Egungo sistemaren aurka gaude eta lege berria nahi dugu. Baina horretarako, herrialde honetako politika sektarioekin amaitu beharra dago. Hautes-barruti bakar baten alde egiten dugu eta ordezkaritza portzentuala izatea nahi dugu. 2013rako hautes-legea aldatzea espero dugu, demokratikoagoa izan dadin”.

Beiruteko Dahie auzoan

Hizbullahren garrantzia hauteskundeetatik harago doa. Xiiten artean aurrekari izan zen Amal taldearekin duen hitzarmenarekin lortzen du bozen kontrola, baina benetako indarra bertsio ofizialaren arabera “kontrolatzen ez dituen” lurraldeetan ikus daiteke. Beiruteko Dahie auzoan adibidez, non ez Armadak ez Poliziak ez duten lekurik. Hamarnaka gaztek, gehienak motorren gainean, kamerak debekatuta dauden auzoetako kale zaratatsuak zaintzen dituzte. Ez dute armarik; han daude, besterik ez. Kontuan izan behar da hau izan dela Israelgo bonben jomuga, Hizbullahren egoitzak ez ezik mugimendu islamistaren Al-Manar telebistaren platoak daudelako bertan. “Nor zara?” eta “zer egiten duzu hemen?” dira auzo hauetan atzerritar bati berehala egingo dioten galdera, guri kasu.

Hizbullahren segurtasun zerbitzua dela azaldu digu motorrean doan gazteak. Kanpotarra zelatatzea betebeharra da beraientzat, zibilez jantzita doazen Israelgo soldaduen infiltrazio saiakerak pairatu baitituzte hainbatetan. Israelek ez du inoiz arrakastarik lortu infiltrazio ahalegin horietan. Eraikinek, berriztaturiko pisuen bloke handiek, “estatuaren barneko estatua” eraginkorra dela frogatzen dute. Duela hiru urte auzoa ia erabat suntsitu zuten bonben arrastorik ez dago orain. “Eraikin guztietan Alderdiko gizonak zeuden, horiek zaintzen. Hondakinen azpian lurperatuta hil ziren asko eta asko”, nabarmendu du Husseinek, Hizbullahren jarraitzailea den adin ertaineko gizonak. Alderdiaren prentsa-bulegoaren oniritzia jaso dugula baieztatu diogu aurretik. Khomeiniren argazkien ilarak martirien irudiekin nahasten dira, hondakinetaraino birrinduak izan ziren auzoak berreraikitzeko beharrezkoa izan den dirutza nondik atera duten azalduz.

Baina hau ez da Hizbullah estatu bilakatzen den inguru bakarra. Herrialdearen hegoaldea zaintzen duten Nazio Batuen Finul eta Libanoko Armadaren kontrola igaro eta berehala, Kalashnikov fusila eta martirien irudia dituzten bandera horien ilarek erakusten dute norabidea. Hassan Nasrallah-k zuzentzen duen alderdiaren irudiekin batera Amalen bandera berde bakan batzuk ere ikus daitezke. Han aurkitzen da Khiam espetxea, 1982tik 2000ra okupatzaile israeldarrek egin zituzten sarraskiak erakusteko gaur egun parke tematiko bihurtua. Ali Khamal-ek, Hizbullahko kide ohiak, israeldarren okupazioaren azken sei urteak eman zituen espetxe horretan. Orain 42 urte ditu eta soldadu israeldarrak presoak nola torturatzen zituzten azaltzen du. Preso guztiak Libanon atxilotu zituzten erresistentziarekin bat egitearen akusaziopean. Kartzela toki estrategikoan dago: 1967tik Israelek okupatzen dituen Golaneko gailurrak eta Sheebako baserriak –oraindik Tel Aviven eskuetan dagoen lurralde libanoarra– begi-bistan dituen muino batean eraiki zuten espetxea. Lurralde hauen okupazioa da Hizbullahk armei eusteko duen arrazoi nagusietakoa.

Khamalek espetxeko ziega guztiak erakutsi dizkigu, Tsahalek (Israelgo Armadak) Libanoko hegoaldea zigortu zuen made in USA armekin batera. Orain ez da apenas ezer gelditzen, baina irekita zeudenean 300 preso biltzen zituzten hiru galeriek. Israelen bonbardaketek erabat suntsitu zituzten 2006ko ekainean, okupazioaren bi hamarkadetako arrastoak errotik ezabatzeko ahaleginean, Khamalek dioenez. “50.000 libanoar baino gehiago pasa zen militar israeldarrek zaintzen zituzten zulo beltz hauetatik”. Haietatik, ehunka torturatuak izan ziren. “Zortzi kide hil ziren”, nabarmendu du gida bizardunak. Zaindariek hiltzear zeuden presoak espetxearen ateetan uzten zituztela gogoratu du.

Abdel Amir martiriaren balentria

Martiriak gogoratzea oso hedatuta dago Hizbullahk kontrolatzen dituen eremuetan. Baita Israelen aurkako ekintza militarrak gogoan izatea ere. Abdel Amir Muhammaden historia Jainkoaren Alderdiko kideek kondaira bilakatu duten ekintza horietako bat da: “1995eko uztailaren 6an, borrokalari bakar batek sei kamioiz, hiru ibilgailu korazatuz eta bi autoz osaturiko konboia eraso zuen”, kontatu digu Emad Awada-k, Hizbullahko buruzagietako bat Nabatiyeh herrian. Tontorrean Beaufort gaztelua duen mendixkaren pean kokatzen da Nabatiyeh. “Lehergailu ugari eztandarazi zituen eta zauririk gabe atera zen. Une horretan, israeldar ibilgailuetako baten barnean teniente bat zegoela ikusi zuen eta sua zeharkatuz granada bat eraman zuen berarekin, autoaren barrura botatzeko”. Orain, Abdel Amir Muhammad erresistentzia islamikoaren “martiri bizidunetako” bat da.

Beaufort gaztelua palestinar erresistentziaren eszenatokia ere izan zen 1982an, Arafat buru zutelarik, Palestina Askatzeko Erakundeko (PAE) agintariek Libano utzi behar izan zuten arte. “Nerabe talde bat gehiago irauterik izan ez zuten arte egon zen gazteluan, eta israeldarren zazpi buruzagi militar hil zituzten”, dio Ewad Amadak, inguruan dauden gaztetxoek modu militarrean agurtzen duten bitartean. Israeldarren okupazioak iraun zuen bitartean 1.800 libanoar hil zituztela gogoratzen du Hizbullahko agintari honek. “Palestinarrak ere hil ziren”, gaineratu du. Hori esan eta gero, azkar alde egin du. Ostirala da eta Nabatiyehn Hizbullahren egoitza berri bat zabaldu behar dute, 2006an suntsitu zutenetako bat ordezkatuko duena.

2006an lortu zuen garaipenak Jainkoaren Alderdia “erresistentziakoa eta libanoarra” zela frogatu zuen, Haj Hatemek Hizbullah definitzen duen moduan. Alderdiko nagusiek badakite sostengu irmoa dutela eta “hegoaldeko arerioaren” aurrean probokatzaile azaltzen dira. Pasa den abuztuaren 8an hala egin zuten: ehunka militantek zaldi-martxa egin zuten Khiamdik Israelgo mugan dagoen Kfar Kila herriraino. Bertatik, 1948. urtetik eraiki dituzten kibbutz (nekazaritza-komuna israeldarra) batzuk ikus daitezke. Hesian, soldadu israeldarrak muturraren punta baino ez dute erakusten. Mugako postuetan, Libanoko Armadako kideak. Eta alde batera, Finuleko parte diren soldadu espainiarrak. Atzerriko militarrak aukera ezin hobea dira Libanoko eremu txiroenetako dendarientzat.

Abuztuko egun horretan, El-Mahdiren jaiotzaren urteurrena ospatu zuten, xiiten sinesmenaren ezkutuko imanarena. Hizbullahko kideek gogoratu nahi diote estatu sionistari oraindik hegoaldera begira daudela. “Gure borroka palestinarren eta Jerusalemen aldekoa da. Palestina da jatorrizko arrazoia”, dio Emaid Awadak. Israel, bion arerio komuna da. Astebete geroago alderdiaren idazkari nagusia izan zen, bideokonferentzia bidez, israeldarrei abisua luzatu ziena: “Tel Aviv bonbardatuko dugu beraiek Beirut erasotzen badute”. Abisua data esanguratsu batean bota zuen, abuztuaren 15ean, Hizbullah eta Israelen arteko azken enfrentamenduaren hirugarren urteurrenean. Indartsu diren beste froga bat. 20.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Dahien, Beiruteko hegoaldean dagoen auzoan. Hamar solairu baino gehiago dituzten inguruko eraikin guztietan, frankotiratzaileak. Pantaila erraldoian, Al-Manar telebistaren irudiak, Israelen aurka buruturiko ekintzekin, eta gonbidatuen artean, Libanoko parlamentuko alderdi askoren ordezkariak. Mitin erraldoi horretan, zehaztasunez neurtua zuten argazkilariek noiz hartu zitzaketen publikoaren irudiak.

“Gure irmotasuna izan da Israel gelditu duena. Beraiek dira erasotzaileak”, berrestu du Emaid Awadelek. Diskurtso berari eusten dio Haj Hatemek: “Israelek gerra berri bat hasi dezake, baina ez daki noiz amaitzerik izanen duen”. Halere, datozen urteotan beste enfrentamendurik ez dela izango uste du Nasrallahk. Nahiz eta miliziak borrokarako prest dauden, libanoar guztien erreferente bihurtzea da Hizbullahren politika.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-16 | Bertsozale.eus
Ostatu Batuak eta Otsoaren 7 umeak nagusi ligaxkako lehen bi saioetan

Urriaren 12an eta 13an Gameren eta Altzumartan jokatu dira Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken lehen bi saioak.


2018-10-16 | Bertsozale.eus
Malen Amenabarrek irabazi du Santurtziko kanporaketa

Urriaren 14an jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan; finalaurrekoetarko txartela lortu du Amenabarrek.


Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia

Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-15 | Errigora | ARGIA
Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren bidez, Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Errigoraren sorreratik bost urte igarota, atzera begiratu nahi izan du diru horrek zertarako balio izan duen ikusteko. Bideo honetan jasotzen da ibilbidea:


2018-10-15 | Iņigo Igartua
Bestelako Bilbo aldarrikatu dute Hamaika Botxo egunean

Bilboko herri mugimenduek indar erakustaldia egin du asteburuan udaletxe parean, udalaren hiri hegemonikoaren ereduari aurre egiteko. Argazki galeria osatu dugu honako albistean.


Defentsek bi epaile arbuiatu dituzte, Altsasuko liskarretik bi urtera

Jada 700 egun daramatzate preso Adur, Jokin eta Oihanek, eta preso dauden zazpiei omenaldia egin zaie asteburuan. Gazteen defentsaren abokatuek apelazio helegitea  aztertu behar duten hiru epaileetatik bi errekusatu dituzte, besteak beste, Guardia Zibilak kondekoratuak direlako.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude