Kopenhagekoaren porrota Afrikak ordainduko du

  • Klimaren aldaketa eragozteko Kopenhagen abenduan burutu zen gailurrak porrot egin zuen. Asko eztabaidatu da noren erruz gertatu zen. Aldiz, galtzaile nagusietakoak zein diren jakina da: Afrikako ordezkariak gogor heldu ziren Danimarkara baina handik burumakur etxeratu.
Kopenhageko International Club-ek Interneten daukan argazki honetan ageri dira Tuvaluk klimaren gailurrera bidalitako ordezkariak. Tuvalu lau uharte txikik osatzen dute eta denetara dauzkaten 26 kilometro karratuetan 12.500 herritar bizi dira. Tuvalu itsasoaren mailan dago, muinorik altuena itsasgoratik 4,6 metrotaraino baizik iristen ez delarik, eta klimaren beroketak sakrifikatuko duen lehenbiziko herrialdea izanen da. Kopenhageko abenduko biltzarrean munduko estatu handienek hitzartu zuten azken agiriarekiko oso kritiko mintzatu zen Tuvaluren bozeramailea Ian Fy: "Bazirudien (Judasi Jesus saltzeagatik bezala) zilarrezko 30 txanpon eskaintzen ari zitzaizkigula, gure jendea eta gure etorkizuna traizionatu genitzan".
Kyotori loturik oroituko du historiak Kopenhageko porrota. Abenduaren 7tik 18ra bitartean Nazio Batuen Erakundearen babesean munduko agintariek urrats berriak zehaztu behar zituzten Lurra klimaren berotzetik babesteko baina biltzarrak ez zuen erditu inork sinatu ez zuen sasi-agiri bat baino. Nola laburbildu daiteke Kopenhagen gertatua historiaren epaiaren zain egon gabe?

Alejandro Nadal ekonomialari mexikar ezkertiarrak iritzi hau publikatu du La Jornadan: “Gehienak bat datoz esateko [Kopenhagekoa] frakasoa izan zela. Baina hondamendi hori gobernuei zor zaie eta korporazioetan eta finantzetan dituzten konplizeei. Erakunde zibilek lortu zuten mozorroa eraztea gezur diplomatikoari eta biluzik utzi zituzten interesak, akordio serioa, loteslea eta epe egokietan mamitua lortzeko oztopo nagusi izan direnak. Ez da kasualitatea izan haiek zanpatu eta ez uztea biltzarraren aretoan sartzen; ez baitzitzaien aterik ireki ezta behar bezala akreditaturik zetozen erakundeei ere”.

Kopenhageko azken agirian bilduta geratu ziren bai munduko beroketa gehienez bi gradutan mugatzen ahalegindu beharra eta bai bide horretan txiroenei urratsak ematen laguntzeko 2012ra arte 10.000 milioi dolar ematea, 2020ra artean 100.000 milioi gehiagoz osatu beharko direnak.

Kopenhagekoaren ifrentzua hiru puntuotan zehaztu du Nadalek. Bat, Kyotoko protokoloak aipatzen zuen derrigortasuna desagertu egin da hemen. Bi, tenperaturaren igoera egonkortzeko zientzialariek beti aipatu badute CO2 gasa milioiko 350 partetan atxiki beharra, Kopenhagen hori ahaztu egin da: bi graduko beroketa onartzeak esan nahi du milioiko 450 CO2 parte ontzat ematen direla, ugarte asko eta Afrika oso kalteturik aterako direla onartuz.

Hirugarren akatsa da, ziurrenik, larriena. Ekitateari agur esan diote potentzia handiek. Azken agiria AEB, Txina, Brasil, India eta Hego Afrikak sukaldatu zuten, azkenean Europar Batasuna ere hartara biltzeko. Sikulusaltsatik kanpo geratu ziren klimaren beroketak gehien kaltetuko dituen herrialdeak, nekazaritza arriskuan daukatenak, uholdeek edo lehorteek mehatxatutakoak. Aldiz, aberatsek hitzartzen dituzte karbono isurien kopuruak eta haien artean negoziatuko dituzte aurrerantzean karbonoaren salerosketa eta ordaintze sistemak.

Argigarria da Kubatik nola kontatu duen Fidel Castrok abenduaren 18tik 19rako gauean Kopenhagen gertatua. Juventud Rebelde egunkariak plazaratu du, gero munduan beste gune askoz hedatzeko. Fidelek kontatu du nola biltzarreko lehendakaritza zeukan Danimarkak Barak Obamari entregatu zion areto nagusia, honi eta aurrez hautatutako 16 konbidaturi emanez hitz egiteko aukera. Gainerako 170 herrialdeek ez zeukaten entzutea besterik.

Orduan agertu zen aurreko egunetan batzarretik aparte herrialde sail batek egositako agiria. Hori ikusita, protestan hitza eskatzen lehena Evo Morales izan zen eta atzetik Hugo Chavez mintzatu zen ildo berean. Baina Castrok salatu duen konplota beranduxeago osatu zen, lehendakari eta gobernuburuek Kopenhagetik alde egin eta gero, estatu indartsuenek utzitako ordezkarien artean. Merezi du Fidel Castroren idatzia irakurtzea.

Meles Zenawiren antzerkia

Ildo beretsuan ikusi ditu gauzak Naomi Kleinek, The Nation astekarian idatzi duenez: “Kopenhage, ezetz esateko adorea”. Kuba, Venezuela eta Boliviaren ondoan 77 herrialdez osatutako taldeak azken ahaleginean lortu baitzuen hango ituna izenpetu barik geratzea.

Gainerakoan oso ezkor mintzatu da Klein. “Klimaren aldaketarako Nazio Batuen biltzarreko bederatzigarren egunean, Afrika sakrifikatu zuten”. Ez dirudi esajerazioa, Desmond Tutu apezpikuak berak arriskua honela marraztu duenerako: “Berehala neurri ikaragarrizko hondamendiari egin beharko diogu aurre... mundu osoan bi graduko beroketa onartzeak Afrika kondenatuko du kiskaltzera eta inolako garapenik ez edukitzera”.

Inork hartzekotan afrikarrek hartu dute ipurdikoa Danimarkan. Aurreko hilabeteetan behin eta berriro esan eta zin egin zuten kontinente hartako ordezkari askok Afrikar Batasunaren babesean jokabide garbi eta sendoarekin zihoazela Kopenhagera. Afrique-Asie hilabetekari historikoaren gunean oraindik irakur daiteke: Sommet de Copenhague : Le front africain du refus. Ez alferrik.

Bai Naomi Kleinek eta bai beste aditu batzuek, Afrikan zentratutako Pambazuka Newsen idatzi dutenek kasurako, errudun nagusitzat Kenyako presidentea daukate, Meles Zenawi.

Duela hilabete gutxi Zenawi gogor mintzo zen: prest zeudela Afrikaren beharrak kontutan hartuko ez zituen inongo akordiorik onartu ez eta negoziaketatik alde egiteko, herrialde txiroek 400.000 milioi behar zituztela egoerari aurre egin ahal izateko... Nolaz onartu du gauzak gero alderantzizko bidetik joatea?

AEBetako diplomaziaren buru den Hillary Clintonen beso luzea aipatzen dute batzuek, Kopenhagerako bidean Nicolas Sarkozy frantsesak egindako promesaren batzuk besteek. Baina zeren truke?

Kleinek aipatzen duen beste aditu batentzako, Mathew Stilwel-entzat, “une koloniala” da oraingoa. Une kolonial horietan munduko ondasunak banatu izan dituzte beti potentzia handiek, eta oraingoan libre geratzen zen azken ondasuna pribatizatu eta banatu dute: atmosfera. Alegia, eguratsa kutsatzeko ahalmena negoziatu dutela handikiek.

Atzeko ganbaran horretan ari ziren bitartean, komunikabide nagusiek munduko herritarrei bestelako filma erakutsi diete, hots, presazkoa zela akordio bat eskuratzea. Baina emaitza ikusirik, agian hobe zen astiroago joatea.

Alemayehu G. Marian irakasleak Pambazukan idatzi du: “Mila-miloika dolar karbonozko dirutan etxeratzeko ametsez iritsi ziren ‘Afrikako ordezkariak’ Kopenhagera. Handik etxeratu dira aldatzeko promesa zozo batzuekin. Kopenhageko antzerkia bukatu denean, ‘Afrikako negoziatzaileek’ lezio on bat ikasi dute: nahi adina egin zezaketen putz Kopenhageko etxea eraisteko, baina klimaren aldaketa den antzokian ez dira morroiak besterik”.

Abenduaren 18an munduko agintariak, handienak bezala kaxkarrenak, limousine distiratsuetan aireportura zihoazela, honela mintzatu zen Britainia Handiko Greenpeaceko zuzendari nagusi John Sauven: “Kopenhageko hirian krimena gertatu da gau honetan; errudunak aireportura doaz ihesi”.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude