"Hizkuntzaren estatusak eragin betea du ikaskuntzan"

  • Eleaniztasuna, hizkuntzen irakaskuntza bateratua, hizkuntz transferentzia... Hezkuntzan ahoz aho dabiltzan terminoak dira, sarri bakoitzak zer adierazi nahi duen ondo jakin gabe. Kontzeptuok astintzen lagundu digu Dolz-Mestre katedradunak.
"Jatorri ezberdineko haurren egoera soziolinguistikoa ez da nola-halako kontua".Zaldi Ero

Azaroko sinposioan, EHUn, (Eleaniztasunaren eta Hizkuntzen Irakaskuntza Bateratuari buruzkoa) berrogei bat lagunek hartu zuten parte. Hainbat herrialdetatik etorritakoak ziren: Frantzia, Suitza, Suedia, Aljeria, Argentina, Brasil, Kamerun eta Euskal Herriko ikertzaileak ziren tartean, denak ere irakaskuntza arloan lanean ari direnak. Sinposioaren antolatze lanetan parte hartu zuen Dolz-Mestrek (Morella, Herrialde Katalanak, 1957). Hizkuntzen Didaktikan eta Irakasleen Prestakuntzan katedraduna da Genevako Unibertsitatean baina EHUn, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean dugu ikasturte akademiko honetako lehen seihilekoan, HIJE (Hizkuntzen Jabekuntza eta Erabilerak, www.elebilab.com) ikertaldearekin batera lanean, Ikerbasqueren kontratu bati esker.

Eleaniztasunaz eta hizkuntzen irakaskuntza bateratuaz jardun zenuten bi egunez. Ona izango da terminoak zehaztea…

Hitz bitan esanda, eleaniztasunaz jarduteak esan nahi du hizkuntzen presentzia aztertuko dugula, hau da, hizkuntza bat baino gehiagorena. Hortaz, esan behar da, balitekeela elebakartasuna salbuespen izatea, betidanik. Genevan, adibidez, ikasleek ehun lehen hizkuntza baino gehiago dituzte eta irakasleak frantsesa, alemana edo ingelesa lantzen dituenean, badaki ikasleek heterogeneotasun handia dutela. Bada, ezer irakasteko garaian kontuan hartu behar da egoera hori, hainbat jatorritako haurren egoera soziolinguistikoa ez baita nola-halako kontua. Eleaniztasunaz, gurean, zera ulertzen dugu, hizkuntzen arteko interakzioa irakaskuntzan.

Eta “Hizkuntzen irakaskuntza bateratua”...

Ikastetxe batean hiru hizkuntza irakasten badira, gutxienez hiruren irakaskuntza koordinatu behar da, sinergia halako bat sortu behar da eskola curriculumean, irakasle eta ikasleen artean, hizkuntzen irakaskuntza artez antolatzeko. Hainbat hizkuntzen erabilera ikastetxean nola antolatu da aztergaia. Irakaskuntzari dagokionez, hori. Ikaskuntzari denaz bezainbatean, berriz, hainbat hizkuntzatan egiten den lanak ikasleen hizkuntza gaitasunei laguntzen ote dien, edota zertan laguntzen dien, jakin nahi dugu. Ikerketa esparru zabala da. Oraindik ez dakigu nola, baina ziurtzat jotzen dugu hizkuntzak ikasteak ikasleari hizkuntza eta adimen-gaitasun orokorrak garatzen laguntzen diola. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta aukera gehiago dugu hizkuntza hobeki baliatzeko, bataren eta bestearen arteko kontraste eta konparazioak eginez, batik bat. Hizkuntzen irakaskuntza bateratuak esan nahi du, era berean, hizkuntzok irakasgaietan nola integratu erabaki behar dugula. Alegia, ikastetxean lau hizkuntza irakasten badira, ikasgai bakoitza zein hizkuntzatan irakatsi pentsatu eta erabaki beharko dela. Jo dezagun, ingelesaren kasua ikastola askotan: ziklo batean, gizarte zientziak ingelesez irakasten dira; beste batzuetan, urtero irakasgai ezberdina irakasten da ingelesez… Irakaskuntza bateratuak ikastetxean diren hizkuntza mintegien arteko artikulazioa esan nahi du, sinergia sortzea haurrek hainbat hizkuntza ikas ditzaten, haurraren –edota helduaren– hizkuntzaren garapenean eragin dezaten, eta nola integratu hizkuntzak gai ezberdinetan.

Eta irakatsi beharreko hizkuntza horien artean bat minorizatua denean?

Hizkuntza minorizatuan lan egiten badugu, eztabaidatu beharko da hizkuntza hari denbora gehiago ematen diogun ala ez, zuzenak izateko eta hizkuntza hura modu integratuan ikas dadin. Hori da, adibidez, euskararen kasuan murgiltze eredura jotzeko arrazoietako bat.

Zazpi herrialdetako ikertzaileak bildu dituzue sinposioan. Arazoak berdinak dira denetan?
Bai eta ez. Ponentzietako bat amazighari buruzkoa zen. Magreben oso zabalduta dago hizkuntza, Sahararaino heltzen da. Baditu, adibidez, euskararekiko paralelotasunak: biak ere hizkuntza minorizatuak dira; estatu batean baino gehiagotan hitz egiten dira eta horrek espezifikotasunak dakartza hezkuntza sisteman… Amazigharen irakaskuntza onartuta dago Kabilian (Aljeria), baina ez herrialdeko leku guztietan, ezta Marokon ere. Bestalde, alde handia dute bi hizkuntzek: euskarak lege babes handia izan du, bultzada, estandarizazioa. Haiek ez dute egin hori. Oso gai polemikoa da amazigharen kasuan: batzuek barietateak defendatzen dituzte, besteek estandar bat garatu beharra azpimarratzen dute, eskolan irakasteko. Gainera, idazketa sistema erabakitzen ere ez dira ados jartzen, dela arabieraren alfabetoa, alfabeto latinoa, edo alfabeto antzinako bat aukeratu, eztabaidan dira…

Sinposioan zehar eurrez erabilitako hitza, interakzioa.

Hizkuntza bat ez da ikasten bularretik jasotzen dena bezala. Hizkuntza ikastekotan nahitaezkoa da harremana. Interakzioa garrantzizkoa da, eta interakzio motaren arabera sortzen diren harremanak ere bai. Esaterako, etxean amak euskaraz eta aitak gaztelaniaz hitz egiten badute, baina elkarri gaztelaniaz hitz egiten badiote, oso litekeena da umeak ere –euskaraz jakinagatik ere–, gaztelania aukeratzea, gurasoak ere gaztelaniaz mintzatzen zaizkiolako elkarri. Sinposioan bildu ziren ikertzaileek, denek abiapuntu bera dute: interakzio sozio-diskurtsiboaren paradigma. Hizkuntza bat ikastea ez da jaiotzatiko dohain baten azaleratzea. Hizkuntza interakzio sozialen bidez ikasten da: elkarrizketan, besteekiko solasean. Hizkuntza erabiltzen ez bada, solas askorik ez badago, zailago da ikastea. Hizkuntza minorizatuaren kasuan, inguruan ez badago interakziorik, orduan eta zailago.

Diskurtsoari garrantzia ematen diozue zuek.
Diskurtso bidez, testu bidez gauzatzen delako interakzio hori. Sinposioan bildu ziren ikertzaileek garrantzi handia ematen diote diskurtso motari eta testuen generoari. Ez da hitz egiten ikasten esaldi isolatu bidez, elkarrizketa bidez baizik, ipuinen eta gainerako testu mota bidez baizik. Horretan bat gatoz sinposioan bildu ginen guztiok. Denok biltzen gaituen beste alderdi bat: hizkuntzen arteko erlazioak irakaskuntza eta ikaskuntzan aztertzen ditugu. Inork ere ez du hizkuntza bakarra kontuan harturik lan egiten. Alegia, hizkuntza jakin bat aztertzen badute ere, ikasleak ondoan dituen gainerako hizkuntzak ere kontuan hartzen dira. Ikertzaile askok immigrazioaren hizkuntzak aztertu zituzten, arazo berria Euskadin, Espainian eta Europa osoan. Gero eta ikasle gehiago ditugu ikasgelan, beste herrialde batzuetatik datozenak, familia hizkuntzak dakartzatenak. Hori ere oso kontuan hartu beharrekoa da.

Transferentziaz jardun zenuten ondorioei eskainitako saioan. Hizkuntza batean ikasten dena –izan kontzeptu, izan jarrera–, beste batera transferitzen da?

Hizkuntzari dagokionean, transferentziak esanahi bat baino gehiago du. Agerikoena, hizkuntza batetik bestera igarotzea. Ea, inork irakurtzen ikasten duenean, dela euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez… nola transferitzen du ikasi duen hori hizkuntza batetik bestera? Zer transferi liteke euskararen ikaskuntzatik gaztelaniara? Inportantea da gaia, baina oso zaila. Autore guztiek ez dute-eta konpetentzia bera berdin definitzen. Badirudi haurrak, edo helduak, estrategia orokor batzuk transferitzen dituela, irakurtzen edo hitz egiten hasten denean haur batek hizkuntza batetik bestera transferentziak egiten dituela. Hala ere, nola jakin sistema batean ikasten duzuna –hizkuntzetarik batean–, bestera transferi daitekeen, edo ezin daitekeen, eta zein diren haren ondorioak? Oso kontu delikatua dugu hori.

Ez dago jakiterik, oraingoz?

Hala esango nuke. Zer ikasten duzu euskaraz ipuin bat kontatzen ikasten duzunean, gaztelaniaz kontatzeko balioko dizuna? Testuaren antolaera, baliteke. Hala ere badira genero batzuk hizkuntza halako bati loturik daudenak oso. Hizkuntzaren espezifikotasunari buruzko lan xehea eginkizun da oraindik. Nik, eman dezagun, gaitasun jakin batzuk ditut gaztelaniaz, frantsesez, katalanez… idazteko, baina, orain, euskaraz ikasten ari eta euskarak dituen espezifikotasunak ikasi behar ditut. Transferentzia ez da automatikoa, erabatekoa. Zein dira transferitzen diren abildadeak? Nola funtzionatzen dute? Ez dakigu oraindik, ikertzen ari gara.

Ikasgai den hizkuntzaren estatusaren garrantzia azpimarratu zen sinposioan. Behin eta berriz eta askotan esan zenuten hori.

Adibidez, egoera diglosiko honetan, euskararen eta gaztelaniaren erabilera sozialak berak dira, ala ez dira? Euskadin, badira 30, 40 urte, mugimendu handi bat abiarazi zela. Orduantxe sortu zen etxe hau ere, Euskal Herriko Unibertsitatea, Koldo Mitxelena tarteko zela. Patriarka… Erabilerari dagokionean, euskara B egoeran zegoen, familian erabiltzen zen, txakurrekin hitz egiteko baliatzen zen, ikaskuntzaren lehen aroan baino ez zen irakasten, neska-mutikoak hazi eta gaztelaniaz egiten zituzten goi mailako ikasketak, ez zen prentsan erabiltzen, ezta unibertsitatean ere. Horregatik diot, bada, hizkuntzaren estatusa B zela. Erabilera nobletik kanpo zegoen euskara, nahiz eta familia barruko erabilera ere noble izan, jakina. Sinposioan baieztatu dugunez, hizkuntzaren estatusak, ikaskuntzari dagokionean, eragin betea du. Batek hizkuntza ikas lezake familiarekin hitz egiteko, eta aldiz, medikuarekin hitz egiteko, gaztelaniaz jardun. Edo, bietara. Euskara, garai batean, ez zen medikuarekin hitz egiteko erabiltzen, ez zen epaitegietara sartzen, ez zen inoren testamentuan ageri, ezta prentsan ere… Hizkuntza bat esparru batzuetan bai baina beste batzuetan berdin erabiltzen ez baldin bada, estatusa ez da berdina.

Euskararen estatusa aldatu da…

Estatusa aldakorra da, hemen eta munduan. Europan hizkuntza ofizial direnek ez dute estatus bera beste kontinenteetan. Gaztelania, adibidez, borrokan ari da AEBetan, han hizkuntza ofizial izateko; gainera, hor dira Puerto Rico, hor da Latinoamerikako emigrante andana. Gaztelaniak AEBetan duen estatusa ez da ingelesak duena. Era berean, gaztelaniak 60ko hamarkadan Alemanian zuen estatusa ez da gaur egun duena: aitortza soziala ezberdina da.

Beste alde batetik, gertakari batzuek hizkuntzen erabilera eragiten dute, gizarteak haiek gutxi edo asko baloratzea. Hizkuntza jakin batekiko jarrerak, berriz, delako hizkuntzari ematen zaion inportantziaren araberakoak ohi dira. Eta, beste jakingarri bat, hizkuntza minorizatuen balioa aztergai da beti. Gaztelania ez da minoritarioa AEBetan, baina bai minorizatua… Euskarara itzuliz, haurra, eta heldua, euskara ikasi arren berehala jabetzen da euskaraz hitz egin gabe ere bizi litekeela. Hots, euskararen estatusa –duela 30 urtetik hona egin duen aurrerakada itzela gorabehera–, ez da oraindik gaztelaniak duena. Are gutxiago Gasteizen. Hala ere, euskara erabiltzen da. Gasteizen, ari naiz. Duela 30 urte ez bezala. Agur formulak eta antzekoak besterik ez bada ere! Errotuluak elebitan daude. Euskaraz entzuten da… Andre Mari Zuria plazan bertan pailazo bat ikusita nago –neska gaztea zen–, umeak haren zerak jarraitzen eta, ume haietako batzuk gurasoei itzultzen. Sustapen lan handia egin da, eta euskarak gora egin du. Estatusari dagokionez, gaztelaniak presentzia handiagoa du, historiak agintzen duelako.

Gasteizen jarraiki –nahiz eta kasua bera den beste leku askotan–, ez da galera handia hainbeste diru eta energia jarri euskara erakusten eta, aldiz, erabilera hutsaren hurrena izatea? Eskolan bertan, ari naiz.

Ez dut kritika izpirik egingo euskararen alde erabili den diruaren kontura. Zera galdetzen badidazu: “Ondo iruditzen zaizu diru asko gastatzea armak egiten?”. Orduan bai, erantzungo nizuke. Baina kulturan gastatzeaz? Kulturan gastatzen dena gastatzen dela ere, aberasgarri iruditzen zait, beti. Gosea munduan? Bai, lehenetsiko nuke, baina ez jarri oposizioan eskolan eta eskola eta gero egiten denaren artean. Hori gizartearen arazoa da. Gizarteak proiektu bat baldin badu, lege bat, dioena hiritar guztiek bi hizkuntzak ikasteko eskubide eta betebeharra dutela, bete dezagun legea, eta euskara astean ordu bat emanez ez da ikasten. Ez euskara, ez ingelesa, ez ezer. Gizarteak hizkuntza bat baino gehiago ikas dadin nahi badu, bitartekoak jarri behar ditu.

Hor dago koska, beharbada.

Irudi luke etsita zaudetela, hainbeste aurreratu eta gero ere! Nik ez dut ikuspegi negatibo hori, nire ikuspegia kritikoa da… Hizkuntzen erabilera orekatuagoa izan ledin nahiko nuke. Uste dut euskara ez dela nahitaezko, praktikan, eta hori negatiboa da euskara ikas dadin. “Zertarako ari gara ikasten?”. Ikasi eta gero, hiztunek gaztelaniara jotzen badute, zerbait ez dabil. Erabilerak finkatu beharra dago. Batzuek hizkuntza normalizazioa kritikatzen badute ere, gizarte proiektu bat dago martxan, gizarte horretako kideek bi hizkuntzak jakin ditzaten. Proiektu duina iruditzen zait, eta duina iruditzen zait hirugarren eta laugarren hizkuntza ikastea ere. Ez dago arazorik. Ados nago eskola eleaniztun izan dadin. Ea ikasle guztiek hizkuntza guztiak menderatzen dituzten, frantsesez, alemanez, ingelesez egiten duguna ez dadin izan aitzakia, euskara ikasteko eskubide eta betebeharra saihesteko.

Jakinaraziko diogu Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari…

Ezin da hizkuntza inposatu, ados. Hizkuntzak komunikazio tresna izan daitezen egin behar da lan, eraikitze kolektiboaren giltza, ez gizarteko kideen arteko gerra pizteko aitzakia.
Hizkuntza bik hirugarrena dakarte
“Duela ehun urte, edo duela berrogeita hamar urte, gure aitona-amonak euskaratik gaztelaniara igarotzen ziren herri txikitik hirira igaro eran. Askoren kasua da. Seme-alabei gaztelaniaz hitz egiten hasten ziren, adibidez. Interesgarria da ikustea zenbat jende igarotzen den hizkuntza batetik bestera, eta zergatik eta zertarako. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten dutenek –euskaldunek, kasurako–, hizkuntza gehiago ikasteko joera dute. Hau da, hizkuntza minorizatuak dauden lekuetan hizkuntza gehiago ikasten dira. Gertakari soziolinguistikoa da. Holandar batek hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten du beti. Zailago da Amerikako estatubatuar batek, Erresuma Batuko batek, frantziar batek, madrildar batek… hizkuntza bat baino gehiago menderatzea. Ohikoagoa da hizkuntza minorizatuetatik datozenen artean, bereari eutsi eta besterena ikasteko interes handiagoa dutelako. Ezin da beti horrela dela esan, baina joera soziologikoak dira”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude