Jainko bihurtu zen meteoritoa

Thor jainkoaren irudia
Thor jainkoaren irudiaWikipedia
Saaremaa uhartea (egungo estonia), duela 3.000 urte. 30 eta 80 tona arteko meteorito bat, Lurraren grabitateak erakarrita, atmosferan sartu zen eta Europa erdialde eta iparralde osoan ikusi zen suzko lorratza utzi zuen zeruan Berehala lehertu, zatitu eta zatietako batzuek Saaremaa jo zuten, hogei kilotoiko eztanda eraginez. Sei kilometroko erradioan basoak su hartu zuen eta kezko hodei erraldoiak eguzkia desagerrarazi zuen inguru haietan eta Ipar Itsasotik ikusi ahal izan zen hainbat egunetan. Krater nagusiak 22 metroko sakonera eta 110 metroko diametroa duen aintzira sortu zuen, Kaali aintzira.

Fenomenoa ehunka eta ehunka kilometroko erradioko eremuan bizi zirenek ikusi ahal izan zuten eta, azalpen arrazionalik ezean, jainkoei egotzi zieten gertakaria. Hala, sua, burdina eta Lurra gupidarik gabe jotzen zuten mailuak Europa iparraldeko erlijioak eta legendak kutsatu zituzten handik aurrera.

Finlandian, Louhi Pohjolako erregina maltzurrak eguzkia lapurtu zuen eta Ukko heroia eguzki berri bat sortzera bultzatu zuen. Baina eguzki berriak Lurra jo zuen, sute eta hondamendi izugarriak eraginez. Mende askotan Saaremaako kraterra eguzkiak Lurra jo zuen puntutzat hartu zuten bertakoek.

Thor jainkoaren legendan ere meteoritoaren arrastoak ikusi ditu zenbait adituk. Thor tximistaren jainkoa da, Mjöllnir burdinazko mailuaz Lurra gogor kolpatzen duena eta zerua suzko gurdian zeharkatzen duena, meteoritoak bezalaxe.

Mailua burdinazkoa izatea ere ez omen da kasualitatea, meteoritoaren arrastoetatik luzaroan burdina atera baitzuten, ezpatak, mailuak eta beste tresna batzuk egiteko. Tokiak esanahi erlijioso berezia zuelako eta burdinaren ustiapena babesteko harresi biribila eraiki zuten zuloaren inguruan.

Egun, harresiaren arrasto gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Finlandian jainko zaharrak gurtzeari utzi zioten aspaldi, eta Marvel etxeko super-heroi bihurtu da Thor; hori bai, komikietako pertsonaiak burdinazko mailua dauka oraindik eskuan.

ASTEKARIA
2009ko abenduaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude