Durangoko distopia (edo azoka guztiak dira diferente)

  • Ezagutuko dituzu honezkero, irakurle, aurtengo Durangoko Azokari buruz jakin behar direnak eta ez direnak. Horregatik, aurtengo azokaren kontakizuna egin ordez, 2039koa egin dizugu ondorengo orrietan. Zuk ondo informatuta egon nahi duzula ondo dakigulako, iraganaz bezala, orainaz; denbora presenteaz bezala, denbora futuroaz.
Durangoko Azoka
Durangoko AzokaDani Blanco
Aspaldiko jendetzarik handiena bildu da Durangoko Liburu eta Disko Kolekzionisten Azokaren 74. edizioan: antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, egunero Euskal Herri osotik etorritako 1.000 bisitaritik gora ibili dira azokako stand-etan, eta 3.000 liburutik gora saldu omen dira. Gerediaga elkartean oso pozik azaldu dira arrakastarengatik. “Zoratzen gaude, horrela jarraituz gero laster negoziatu beharko dugu Landako Guneko beste laurden bat ere erabiltzea, etortzen den jende guztia sartu ahal izateko” adierazi zuen elkarteko ordezkari batek. Espazio falta izan baita aurten Azoka bisitatu duten askok, jendetzaz gain, nabarmendu duten ezaugarria. Beñat Abdullah 45 urteko gernikar gazteak dio urtero etortzen dela, eta azkenaldiko masifikazioa ikusita, Landako gunean beste irtenbideren bat bilatu beharko litzatekeela, antolatzen diren bi merkatuek behar duten lekua edukitzeko: “Denok dakigu Etxe-abere Androide Euskaldunen Feria ere oso garrantzitsua dela, baina ez zait iruditzen Landako erdia erabilita estuegi egongo liratekeenik; Liburu eta Disko Kolekzionisten Azokari berriz, mesede handia egingo lioke”.

Edozein modutan, urte asko dira Azokaren antolatzaileek halako balorazio positiborik egiten ez zutela. Atzo liburuak erosten zebiltzanen artean, edade batetik aurrerakoek bakarrik izango dute gogoan euskal argitaletxe eta disko-etxeek urtero, Azokaren osteko egunetan egin ohi zituzten balorazio baikor, ia triunfalistak. Mende berriaren hasieratik behera joanak ziren disko salmentak, neurri handi batean Interneteko –egun erabiltzen dugun Brainet-en aurrekaria, burmuinetik kanpo zeuden modulu konputerizatuak konektatzen zituen– musika elkartrukeak eraginda. Paperezko liburuen salmentak ere, arrunt apalduak ziren 10eko hamarkadatik aurrera, liburu elektronikoaren agerpenarekin produktu analogikoei muzin egiten hasi baitziren irakurle gehienak. Bazirudien XX. mendean euskal produktuak zabaltzeaz arduratu ziren enpresak herio-lozorroan sartzen ari zirela, eta urte askoan ez da egon motiborik kontrakorik pentsatzeko. 40ko hamarkada hastera goazen honetan, beraz, zerk eragin ote du ia desagertua zen kultur industria analogikoaren berpizkundea?

Durangon inork ez du erantzun garbirik asmatzen; baina, argi dago, poztu egin dira aurtengoarekin. Mei-Xing Salaberria ERHM (Elkar Random House Mondadori) argitaletxeko arduradunak uste du fenomenoak baduela fetitxismo puntu bat: “Jendeak ez dio irakurtzeari inoiz utzi, baina XX. mendekoarekin alderatuta, gaur egungo irakurleak badu, nire ustez, testuarekiko halako pasio falta bat. Ez da, noski, arrazoi bakarra izango, baina testua ukitu ahal izateak liburuarekin bestelako harreman bat, primitiboagoa nahi baduzu, edukitzeko aukera ematen dio, eta hori oso tentagarria da gaur egun”. Salaberriaren iritziz, 2017an milioika pertsona hil zituen gripe pandemiaren ondoren munduko gobernuek hartu zituzten neurri zorrotzek –pertsonen arteko kontaktu fisiko oro debekatzea, besteak beste, Eremu Magnetikoak Arautzeko Nazioarteko Itunaren bidez– badute eraginik kultur produktu analogikoen kontsumo berri honetan, batez ere adin batetik aurrerako jendearengan: “Beste pertsonak ukitzea zer den esperimentatu duten gizakiek nekez ahaztuko dute sentsazio hori; beraz orain, behar hori ase nahi duten nostalgikoek, beste pertsona batek ukitu duen zerbait ukitu ahal izatea bilatzen dute. Eta hori ezinezkoa da liburu digitalekin. Ez dakit hau argitaratzeko modukoa den, baina, esango nuke gripeak garbitu zuen jende horri guztiari esker gaudela gu eta gure industria bizirik!”.

Baina mundu guztiak ez du poz berarekin hartu Azokaren aurtengo arrakasta. Landako gunearen ateetan, EHnS taldearen (Euskal Herriko neo-Situazionistak) e-panfletoak bota zituzten Azokak ateak zabaldu zituen egunean bertan, goizean goizik. Legez kanpoko talde horren manifestuak dioenez, liburu eta diskoen salerosketa “Euskal Herriaren zapalkuntza ikuskizunaren aurrean, zapaltzaileek ematen duten alternatiba espektakularra baino ez da (...) gizartearen dominazio hutsa da, mundu sentikorra objektu salgarriekin ordezkatuz gauzatzen dena”. Basquewater segurtasun enpresa pribatuko langileek berehala erretiratu zituzten paskin elektronikoak Azoka gunetik, eta inguruan zebiltzan gazte batzuk identifikatu zituzten.

Enkantea, aurtengo berrikuntza

Aurten lehenengo aldiz, kultur produktu preziatuenen enkantea egin dute Durangon. Hori izan da 74. edizioan jende gehien erakarri duen ekitaldia. Gerediaga elkarteko kideek azaldu dutenez, bi motatako ikusleak batzea lortu du enkanteak: batetik, liburu eta diskoen kolekzionistak, mundu osotik etorriak joan den mendean argitaratutako harribitxiren bat salgai jartzen ote duten ikustera; bestetik, Kike Amonarrizen jarraitzaile andana. Soziolinguista eta aurkezle ezagunak erretiroa hartu zuenetik ez du agerpen publikorik egin, baina aurtengo Azoka berezia zen berarentzat eta onartu egin du enkantea gidatzeko Gerediaga elkarteak luzatutako gonbita: izan ere, 30 urte bete dira Amonarrizek idatzitako 888 Txiste liburuak eta telebistan –egun erabiltzen dugun Brainvision-en aurrekaria, burmuinetik kanpo kokatutako pantailen bidez irudi mugikorrak erakusten zituen– aurkezten zuen Mihiluze saioaren mahai-jolasak Azokako salmenta-errekor guztiak hautsi zituztenetik.

Tolosarrak bere ohiko umorearekin gidatu zuen ekitaldia, eta asmatu zuen nor baino nor ari ziren eskaintzaileen animoak baretzen. Lan handienak 2009ko disko batek eman zizkion: Ruper Ordorikaren Haizea garizumakoaren kopia bat izan zen bildutakoen artean grinarik bizienak piztu zituen produktua. 6 milioi yuan ordaindu behar izan zituen Karl Gomez de Larrinoa ziburutarrak CDa etxera eramateko. Diskoa eskuetan, horrelako dirutza merezi ote zuen galdetu eta zera erantzun zuen: “Neurri batean, aitortu behar dut bitxikeria kontu bat dela; nabarmenkeria, nahi bada. Baina kontuan izan behar da disko honen tituluak eragindako nahaste baten bidez indartu zela Euskal Herrian duela hogeita hamar urte kantagintza neo-gregoriarra... Eta begira geroztik nolako arrakasta izan duen bai nazioartean, bai gure artean”.

Enkantean ondoen ordaindu ziren produktuen artean, azpimarratzekoa izan zen Argia aldizkariaren 2209. zenbakia ere. Misteriotsuki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ordezkaritzak jarri zuen kopururik handiena mahai-gainean zenbaki hori eskuratzeko. Oposizioko alderdiek horren karietara azalpenak eskatu zituztenean, honako azalpenak eman zituen gobernuko bozeramaileak: “Aldizkariaren zenbaki hori euskal kazetaritzaren oinarrizko dokumentuetako bat da, eta enkantean jarritakoa da kontserbatzen den ale bakarra. Aski egoera txarrean kontserbatu ere, 20ko hamarkadako pipi-izurriteen eraginak antzeman baitaitezke orri guztietan. Besteak beste, 28. orrian, aldizkariak ikuspuntu historikotik duen eduki mamitsuenean, paperak jasandako kalteak galarazi egiten du ezagutzea egun erabat profetikotzat jo daitekeen artikuluaren egilea. Edozelan, Kultura Sailak, euskal kultur ondarea kontserbatzeko ahalegin betean, beharrezko ikusi du kosta ahala kosta aldizkaria erakunde publikoen esku jartzea”.

Aurtengo espazio arazoak gainditzen badira, badu esperantzarako motiborik Durangoko Liburu eta Disko Kolekzionisten Azokak. 2039. honetan bildumazale izan gabe liburuak erostera jende asko etorri da; joera urtez urte errepikatuz gero, argitaletxeek agian liburu berriak paperean inprimatzeari ekingo diote berriro: imajinatzen hil eta usteldu zen kultur industriaren berpizkundea?

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude