Sowetoko ‘Robin Hood’ beltz argi-lapurrak

  • Mundutarren erdiak aspalditik nozitzen du energiaren krisia. Petrolioa edo argindarra eskuratzeko zailtasunak ez dauzkate urrutiko parajeetako biztanleek soilik, hiri modernoetako auzo askotan eguneroko ogia da energiarik eza. Soweton bezala, ahal den eran moldatu behar.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Elektrizitatea ‘pirateatzea’ mundu osoan da ohikoa, eta herrialde txiroetan aski orokortua. Ez da hain usu ikusten, ordea, korporazio handiari energia ostu eta jende behartsuari berreskuratzen dion pirata elkarte militantea.

Soweton dago bat, Hego Afrikako hiri famatuan, hango Mail&Guardian egunkariak ikusi ditu bere kideak lanean eta elkarrizketatu ere bai. Levy Nhlapo argiketari gaztearekin ibili da Karabo Keepile kazetaria Sowetoko Diepkloof auzoan, “konponketa lanetan”. Etxe txiki batera hurbildu dira, Nhlapok ireki du argindarraren kontagailua daukan kutxa plastikozkoa, etenda dauden harien arteko “zubia” egin, txinparta ale batzuk atera dira eta kito: etxekoek badaukate berriro elektrizitatea.

Nhlapo Soweto Electriticy Crisis Comittee (SECC) elkartean ari da bolondres. Militante talde honek eskua luzatzen die fakturak ordaindu ez izanagatik argindarra edo ura moztu dieten herritar txiroei. Korporazioek piratatzat dauzkatela? Beren ustez teknikari konprometituak dira.

Bitxia da SECCk bulego irekia izatea, egun argitan diharduten seinale. Gela txiki bat baino ez omen da, mahaia, bi aulki eta fotokopiagailua, baina Sowetoko erdigunean dago. Thabo Molefe bozeramaileak nahi adina informazio eskaini dio kazetariari. “Ez da egunik elektrizitatea eten dioten dozena bat herritar baino gutxiagok deitzen digunik. Bulego hau zabalik izateak erakusten du zenbateraino den beharrezkoa gure lana”.

Orain artean SECCko kide bakar bat ez dute auziperatu agintariek. Areago, tarteka elkarrizketan eta negoziatzen aritzen dira elkartea eta Sowetoko argindarra kontrolatzen duen Eskom enpresako buruzagiak. Bitxikeria bat gehiago eransteko, elkarteak mini-bulegoa dauka Eskomen aurrez aurre, apartheidaren kontrako borrokalari famatua izandako Chris Hani-ren izena daraman karrikan.

SECC bere bazkideek finantzatzen dute hein batean eta gainera baditu kanpoko laguntzak, Johannesburg-eko Rosa Luxemburg Foundation-en eta War on Want (Gabeziari Gerra) Gobernuz Kanpoko Erakunde ingelesarenak.

Eskom argindar konpainiaren bozeramaileek bestelako kontuak aipatzen dituzte. Hego Afrika osoan urtean 2.800 milioi rand (250 milioi euro) galtzen omen dute pagatu gabeko fakturengatik. Erdia baino gehiago, 1.800 milioi rand, Soweton geratzen dira zorretan. Hego Afrikan kontsumitutako argindarraren %10 legez kontra hartzen omen da. Eta arriskutsua omen da, edonor hil dezakeelako oker egindako konexio batek. Eskomek herritarren on beharrez berriro eteten ditu.

SECCkoek erantzuten dute haien txispas borondatezkoek ondo egiten dituztela tranpak, inor ez dela inoiz hil edo zauritu horrelakoetan. SECCk ez duela nahi hau besterik: ANC alderdiak 2000. urtean agindu zuena egia bihurtzea, argindarra denentzako dohainik izatea alegia.

ANCren promesak, ordea, bazuen azpian letra txikerragorik eta legeak etxe bakoitzari debalde bermatzen dizkio lehenbiziko 50 kilowattak, doi-doi telebista txikia, irratia eta plantxa berotzeko lain. Eta gainerako argindar guztiak igoera handia jasan du geroztik.

Ilunpeak pizten mamuak

Datozen hiru urteetarako Eskomek proposatu du tarifak %45 garestitzea. Honek are familia gehiago kondenatuko ditu ilunpera. Familiaz gain, ordea, udalak, ikastetxeak eta ekipamendu publiko asko aurkituko dira ezinean.

Egoera oso zailean daude auzo txiroetako ikastetxeak. Diru sarreren zati bat ikasleen familietatik datorkie, eta eskola askotan ikasleen erdia baino gehiago da pagatu ezin duena. SECCko Levy Nhlapok kazetariari aitortu dio berari egokitu zaiola argindarraren konexioa puenteatzera joatea pagatu ezinean zebiltzan komertzio txikietara, parrokietara, haurtzaindegietara, mediku baten kontsultara...

Hala ere, familien etxebizitzak kolpatu ditu batik bat energiaren garestitzeak. Ulertzeko adina ingeles dakienari on egingo lioke Mail&Guardianeko bi kronika txiki irakurtzeak. Batean erdi mailako emakume batek, Yolandi Groenewald-ek, kontatzen du nola ari diren familia asko energia kontsumoa kontrolatzen. “Kiloak galdu nahian” izenburupean, hitzekin jolas polita egiten du: ez da uda ondoren jendea argaldu nahian ari dela, baizik eta kilowattak nola aurreratuko saiatzen. Euskarazko prentsan intentzio oneko kazetariok idazten ditugunak bezalako gomendio askoren inguruan ari da Groenewald. Bainua kontrolatu, argindarraren ordez gasa erabili, ontzi-garbigailua buruz usatu, kontsumo urriko bonbillak ipini...

Kontrastea egiteko, Karabo Keepile kazetaria Mavis Sebola emakume gaztearen etxean egon da, argindarrik gabe nola bizi daitekeen ezagutzen. Tituluak dio: “Kantatzeak uxatzen du iluntasuna”. 37 urteko ama da Mavis, Mathapelo (15) eta Shoni (8) alabekin bizi dena.

Gela bakarreko etxola zinkazko eta zurezkoan bizi dira. Baimenik gabe eraikia denez, argindarrik ez. Deretxoa balute ere berdintsu, ezingo lukete-eta ordaindu. Entxuferik ez da. Sakeleko telefonoa karrikako denda batean kargatzen dute, pagatuta noski, beste askorekin batera ilaran luze itxaronda.

Kozinatzeko tresna parafinaz dabil. Hozkailurik ez da; haragia edo arraina erostekotan, egunean bertan jatekoa edo potoan. Kanpoan ilundu orduko, etxeko argi izpi bakarra kandelarena da. Ilundu bezain fite denak ohera. “Aspertzen bagara, batzuetan elizako kantuak abesten ditugu”.

Mathapelo neskatxa zaharrenak etxeko lanak nekez egin ditzake bertan: besteak baino goizago doa eskolara, hango lanparak aprobetxatzera. Mahairik ez da, ez ikasteko eta ez jateko. Mathapelo goizeko 05:30etan jaikitzen da, karrikako iturritik ura ekartzera. Ohe gainean ahizpa txikia garbituko du, zinkazko kankartan, ondoren uniformea jantzita pertxent eskolaratzeko.

Shoni ttikiak telebista maite du, batez ere Generations saila eta filmak. Auzokoena ikusten du ataritik. “Baina ez ditugu bizilagunak gogaitu nahi eta kanpotik erreparatzen diogu”. Elizara joatea da iluntasunari ihes egiteko beste modu bat. “Maite dut eliza –dio Mavisek– han bestelako gauzez pentsa baitezaket”. Familiarekin egin bideoak zirrara eragiten du Mail&Guardianen webgunean.

Erreportajean Levy Nhlapo elektrikari kortsarioak diotsu: “Jesus berriro itzuli arte segiko dugu. Ez gara besoak tolestaturik egongo hura noiz etorriko zain”.

Argazki oina: Johannesburgeko Indymediak dauka argazki hau sarean ipinita. Eskom argindarraren kontrako manifestazioan ari dira jendeak Sowetoko auzune batean, poliziak –foto honetan ez dager baina Indymediako irudi sailean bai– hurbil dituztela. Lehen planoko emakumeak tresna berezia erakusten digu: konpainiak Sowetoko pobre jendeari argindarra konektatzen dienean aurrez ordaindutako txartelez dabilen kontagailua ezartzen die. Sakeleko telefonoetako pre-pago sistema, elektrizitatearentzako egokituta. Energiaren krisiaren ondorioak aspalditik nozitzen dira munduko leku askotan, klimaren aldaketarenak adina edo gehiago. Energia garestitzeak itotzen ditu milioika familia, batez ere munduaren Hegoaldean baina baita herrialde aberatsetan ere.

Informazio gehiago:

- Mail&Guardianeko artikuluetako bat frantsesera itzulita Courrier International-en
- Karabo Keepile-ren artikulua eta gaiari buruzko gehiago Mail&Guardianen
- Argirik gabe bizitzea diaporama, Sowetoko familia baten bizimoduaz
- Soweto Electricity Criris Comittee (SECC) elkarteari buruz bi irakaslek prestatutako ikerketa
- SECCren logoa
- Sowetoko argindar krisiaz ikerketa
- Hego Afrikako elektrizitate krisia Facebooken

Azkenak
Estefi Etxebeste
“Mentalki ongi prestatzea dirudiena baino garrantzitsuagoa da harri-jasotzean”

Abuztuaren 9an errekor berria ezarri zuen Estefi Etxebestek (Ituren, Nafarroa, 2002) Sunbillako Ramon Latasa pilotalekuan. 100 kiloko harria 59 aldiz goratu zuen, eta 2014an Idoia Etxeberriak ezarritako 56 altxaldiak gailendu.


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


2025-08-27 | Patxi Azparren
Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta “kuantikoa”

Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]


Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Eskola-itzuleran 400-500 euro artean gastatuko dute Hego Euskal Herriko etxeek, inkesten arabera

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]


Muruzabal eta Zarrakaztelu suteengatik hondamendi eremu izendatu ditu Espainiako Gobernuak

Izendapenak ahalbidetuko du kalte ordainak ordaintzeko prozesuak hastea. Bi suteetan 500 hektarea baino gehiago erre dira.


Frantziako Estatuak “arriskuan” jarriko du EKE, dirulaguntzak 30.000 euro murriztuta

Iaz jasotakoarekin alderatuta, %15eko murrizketa jasango luke Euskal Kultur Erakundeak. Prentsa ohar batean, erakundeak adierazi du erabaki horrek "ondorio latzak" izango lituzkeela: esaterako, hainbat postu arriskuan egongo liratekeela eta kideei emandako dirulaguntza... [+]


Talde ekologistak:
“Auditoretza ekonomiko bat nahikoa izan da inbertitzaileak Muga meatze proiektuan atzera egiteko”

Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak diote txinatar inbertitzaileek atzera egiteak agerian utzi dituela Zangozako meatzearen "funtsik gabeko arrazoiak". Nafarroako Gobernuari eskatu diote "interes publikoari erantzuten ez dion proiektu defendaezina... [+]


Urruñako sukalde zentrala prest da herriko haur eta adinekoei tokiko elikadura prestatzeko

Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.


Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak

“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Eguneraketa berriak daude