Kongo Belgikarra, 1959ko azaroaren 1a. Belgikako ejertzito kolonialak Kongoko Mugimendu Nazionaleko buru Patrice Lumumba (1925-1961) atxilotu zuen, herritarrak indarkeriara bultzatu izana leporatuta.
Bezperan Stanleyvilleko –egungo Kisangani– aldirietan egindako mitinean, Lumumbak “belgikarren okupazioa bertan behera uzteko mobilizatzeko” deia egin zien afrikarrei. Europarrek ezarritako erregimena eta Kongoko bertako politikarien epelkeria gogor kritikatu ondoren, herrialdearen berehalako independentzia eskatu zuen. Hitzaldia bertaratutakoek behin eta berriro errepikatuko zuten leloaz amaitu zuen: “Kolonialistekin kolaboratzeari ez; desobedientzia zibilari bai”. Gainera, Stanleyvilleko alkateak ez zuen ekitaldirako baimenik eman. Belgikarrek aitzakia andana zuten politikari nazionalista atxilotzeko.
Hala ere, ekitaldiaren ondoren jarraitzaileek Lumumba atxilotzea saihestu zuten indarrez, eta soldadu belgikarrei aurre egiten saiatu ziren eskura zuten edozer baliatuta: makilak, lantzak, geziak, harriak... Jendarmeak tiroka hasi ziren orduan. 30 lagun inguru hil zituzten, eta ehunka zauritu. Belgikarren aldean, aldiz, hamalau zauritu arin baino ez ziren izan. Lumumba biharamunean atxilotu zuten. Kongo Belgikarreko krisia arindu ordez, neurriak tentsioa areagotu zuen.
Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten 1960ko urtarrilaren 21ean. Baina ordurako belgikarrak independentistekin hitz egiten hasiak ziren, koloniaren egoera larria zela eta. Handik bost egunera Lumumba askatzea eta harekin zuzenean negoziatzea erabaki zuten. Ezustean, Belgikak Kongoren independentzia onartu zuen. Baina keinuak ez zuen Lumumba bigundu; independentzia hitzaldian tinko kritikatu zituen belgikarren gehiegikeriak.
1960ko ekainaren 23an Lumumbaren alderdiak hauteskundeak irabazi zituen eta bera izan zen Kongo independenteko lehenengo lehen ministroa. Baina irailean Kasavubu presidenteak Lumumba eta gainerako ministro nazionalistak kargugabetu zituen eta, abenduan, Mobutuk estatu kolpea jo zuen, CIAren eta belgikarren babesaz (Gerra Hotz betean, SESBk Lumumba babestu zuen). 1961eko urtarrilaren 17an exekutatu zituzten Lumumba eta haren alderdiko hainbat buruzagi, besteak beste agente belgikarrak eta estatubatuarrak lekuko zirela.
2006ko hauteskundeetara arte, Patrice Émery Lumumba Kongoko Errepublika “Demokratikoan” libreki aukeratutako lehen ministro bakarra izan zen.