Andorrako paradisua purgatoriora bidali du Sarkozyk

  • Andorra ez da gaur lehen zena. Bigarren Mundu Gerratik hona neutraltasunaren babesean paradisu fiskal bilakatua, XXI. mende hasierako krisi globalaren eraginez Frantziak eta Espainiak jarduera ekonomikoa aldatzera behartu dute. Ikusteke dago aldaketak kosmetikotik zenbat izango duen.
Andorrako Santa Coloma eliza
Talavan izeneko batek ipini du argazki hau Panoramio zerbitzuan; Andorrako Santa Coloma eliza ageri da bertan. Artea maite duten turistek asko estimatzen dituzte Pirinioetako erromanikoan eraikitako elizok, nahiz eta horien barruan zeuden iruditeriak ia denak atzerrira bidalita egon, ostuta edo saldurik. Hala ere, Andorrak erakartzen dituen turista gehienak ez datoz etxola, baseliza eta mendiz osatutako paradisuaren bila. Gehienak, bidaiari arruntak, autoz itotako kaleetako denden usainak erakarri ditu, horietako prezio zergabakoek. Minoria diruduna, aldiz, bankuen diskrezio famatuaren berora hurbildu da. Bulegoen hiru laurdenak Espainiako bankuen filial mozorrotuak dira. Zeru horietan babesten dituzte sosak, zoriontsu, Espainiako aberatsek.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Peter Seeger kantari zahar (maiatzean bete ditu 90 urte) amerikarra liluraturik itzuli zen, antza, 1960an Andorran pasatu bakantzetatik. Kanta bat egin zion Malvina Reynolds-en hitzokin:

“Egon nahi dut Andorran, Andorran, Andorra
Egon nahi dut Andorran, leku zoragarria.
 Lau dolar eta xentimo ale batzuk dauzkate
Armatan xahutzeko.
Entzun duzue inoiz halakorik?
Gora Andorra!
Pirinio mendietan
Bada estatu burujabe bat,
bost mila arimaz osatua
eta zoragarria derizkiot,
ehun eta laurogei mila golde lur,
Kristoren pila maite dut.
bost dolar ere ez armatan,
horra zer ikusi dudan han”.


Seeger eta Reynolds kantari errebeldeei bezala beste kanpotar ugariri egin zaio betidanik erakargarri Pirinioetako haran koxkor independentea. Bertakoak, berriz, harro daude 1258tik gozatzen duten burujabetza bitxiaz. Haien ereserkia hasten da: “Gure aita Karlomanek askatu gintuen arabiarretatik (...) Karlomanen inperioaren alaba bakar eta azkena naiz / Kristau hamaika mendez, kristau jarraitu nahi dut”.

Luzaz baliatu da Andorra geopolitikak aspaldi egindako opari hartaz, alegia, ondoko bi estatu handiek batera babestua izateaz. Andorrako “printzeak” dira Frantziako presidentea –bera delako Foixeko kontearen oinordekoa– eta Seu d’Urgell-eko apezpikua. Buruzagitza bikoitz horrek lagatako tartean, negozioak ugaritu dira azken hamarkadetan Andorran, baina XXI. mendeko krisitzarrak hankaz gora ipini die sistema.

Kontuotaz Fred Halliday idazle eta irakasle irlandarrak idatzi du Andorra’s model: time to change (Andorrako ereduari aldatzeko garaia heldu) artikuluan. Hallidayk London School of Economics unibertsitatean nazioarteko harremanez irakatsi du, eta BBC, ABC, Al-Jazeera, Irish Radio eta beste hedabide askotan eskaini ditu Ekialde Hurbilari buruzko analisiak. Orain Bartzelonan ari da Institució Catalana de Recerca i Estudis Avançats erakundean.

Joan den apirilean hautatu zituzten andorratarrek agintari berriak, eta emaitzetan islatu zen hango egituren aldatu beharra, lehenbiziko aldiz alderdi sozialdemokrata nagusitu baitzen, Jaume Bartumeu buru. Aldaketa, ordea, politikatik askoz haratago doa: Andorrako ekonomia lur jota dabil, Hallidayren analisiaren arabera, zeuzkan hiru oinarriek egonkortasuna galdu diotelako.
Lehenik, azken neguotan elurra asko urritu denez, eskiari lotutako turismoak behera egin du. Bigarrenik, zergarik gabeko erosketetara zetozenen bidaiak gutxitu dira, funtsean Espainia krisi ekonomiko betean murgildu delako. Hirugarrenik, krisiak munduko estatuak diru beharrean utzi dituenean, paradisu fiskalak kontrolatu nahian hasi dira politikariak, eta Nicolas Sarkozyk oso zorrotz hartu du Andorra.
  
Duty-freea nola lotu

Andorrako ekonomiarentzako lehen alarma Standard&Poor’s etxeak piztu zuen 2008an, haren zor publikoaren kualifikazioa AA mailatik AA- mailara jaitsi zuenean. Askoz latzagoa gertatu zen aurtengo otsailean, hauteskunde kanpainaren atarikoan, Nicolas Sarkozyk andorratarrei egin mehatxua: edo sartzen zarete Suitzak eta Liechtensteinek bai zergetan eta bai bankuen gardentasunean hartu dituzten neurrien arrasto beretik, edo bestela zigor ekonomikoak datozkizue.
Paradisu fiskalen kontrako borrokan norbait dela erakutsi nahi izan du Sarkozyk hilabeteotan, hortik bere mehatxua: “Aldatu ala hil” esan omen zien Parisko ordezkariak Andorrako agintariei. Azkar hartu zuen jarrera bera Espainiak, horrek Gibraltarri presioa gogortzen lagunduko diolakoan.

Arin erantzun dute andorratarrek. Irailean bankuen sekretuaren arauak aldatu dituzte eta akordioak proposatzen hasi zaizkio Frantziari eta beste herrialde askori.

Urte luzez Andorra ugarte bat izan da banku eta zerga kontuetan. BEZik ez komertzioetan. Irabazien gaineko zergak %10ean 35.000 euro arte. Atzerritiko diruei gobernuak %4ko inposa ezartzen zien, hori zuen diru iturri nagusia.

Beste diru iturria, jakina, kontrabandoan datza. Klase guztietako merkantziak pasatzen dira gauero Andorratik Espainia aldera. Horien artean, tabakoa. Haran hura tabakoa hazteko oso egokia dela diote, baina hango soroek nekez sor lezakete esportatzen duten adina tabako orri.

Kontrabandoak, bankugintza arreak eta zerga arinek erakarritako  turismoaren epelean, 1960etik populazioa nabarmen handitu zen. Horregatik gaur egun Andorrako haranean bizi diren 85.000 herritarretatik %37 besterik ez dira andorratar nazionalitatea daukatenak, gainerakoak espainiarrak dira (%32), portugesak (%16) eta frantsesak (%6). Datuotan ez dira bereizten atzerritar katalanak, eta mereziko zukeen: Andorrak betidanik katalanera eduki du hizkuntza ofizialtzat.

Mende luzez harana isolaturik bizi izan zen. Argindarra ez omen zen iritsi 1930 arte. Munduko gerretan neutraltasunari atxiki zitzaion. Geroago heldu zen Andorraren hazkundea, eta hala ere 1993 arte ez zuen eduki benetako konstituzio  bat, herritarrei ordezkapen politikoa bermatzen diena. Gaur, oraindik ere, biztanleen herenak baino ezin du bozkatu.

Joan den apirilean herritarrok agintea Partit Socialdemòcratari eman zioten, parlamentuko 28 jarlekuetatik 14. Oposizioan geratu dira 11 jarleku eskuratuta orain arteko agintariak, Coalició Reformista indarrean bilduak. Andorra pel Canvik hiru lortu ditu. Legebiltzarretik kanpo geratu da, botoen %3 eskuratuta, Els Verds d’Andorra, historian lehenbizikoz herrialdea errepublika izendatzea eta Espainia eta Frantziako printzeen babesletza desegitea aldarrikatu dutenak.

Zelan edo halan, Andorrako hautagai guztiek nabarmendu dute, Fred Hallidayk dioenez, egokitu beharra daukatela banka egiteko eta zergak antolatzeko Europan indarrean dauden eskemetara . “Suitzak ez baldin badu ahalgorik Europaren eta AEBen presioei aurre egiteko, begi bistakoa da andorratarrik egoskorrenak ere ezingo diela.

Aldaketa oso sakonen beharrean dago Andorra. Bankugintza iluna batetik, zergabako merkataritza bestetik, neguko kirolaki... “eredu andorratarra” omen dago krisi betean. Garaiz aldatzea lortuko du?

Sasi-txistez amaitu du Hallidayk. Andorran oraindik ohitura omen dago inor bortizki hilda azaltzean ikertzaileak gorpuari buruan kolpetxoa eman eta galdetzeko: “Mort, qui t’hat mort?” (“Hilotz, nork hil hau?”). Andorrako negozioa hilik agertuko denean, erantzungo omen du: “Sarkozyk!”.

ASTEKARIA
2009ko urriaren 25
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Amnistia Internazionalak exijitu dio CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektua bertan behera uzteko

NBEren txosten batek azaldu du Beasaingo enpresak lagundu egiten duela Israelgo legez kanpoko kolonien hedapenean. Amnistia Internazionalek deialdia egin die gobernuei “urgentziaz” esku hartu dezaten txostenaren ondorioekiko.


2025-07-04 | ARGIA
TindEHEr egitasmoa: gazte-taldeen arteko ‘matxak’ euskaratik eta euskaraz

Oraingoz hamabi gazte-taldek eman dute izena. Taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, eta haien arteko harreman informalak euskaratik eta euskaraz garatuko dituzte. Helburua da kontzientzia linguistikoa berpiztea. Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak abian... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eskura izango ditu 2026tik aurrera

Nafarroako Barne Sailak araudia aldatu du Foruzaingoak taser pistolak erabiltzen hasteko hurrengo urtean. Pistola elektrikoen erabilera poliziek daramatzaten kamerek kontrolatuko dute.


Lurramak “Bihar ere laborari” lelopean ospatuko du 20. urteurrena

Laborantza herrikoia eta jasangarria bultzatzen duen azokak 20. urteurrena beteko du. Azaroaren 7tik 9ra antolatu duten erakusketa eta merkatuan parte hartzera dei egin du.


Hau altxorra, geure geurea!

-Kax, kax, kax.

-Aurrera!

Maratila kirrikariari buelta eman eta barrura.

Hor zaude zure Donostiako Ibaetako EHUko bulegoan, eserita, lanean, aurrean mahaia bete irakurgai. Hor daude zure poltsatxo beltza lurrean, zure erlojua, ohiko legez, eskumuturrean beherantz buelta... [+]


Amurrioko Correoseko langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte, zuzendaritzak ez baitu kontrataziorik egin gainkarga konpontzeko

Hiru eguneko greba egin zuten ekainean eta enpresak ez ditu bete adierazitako konpromisoak. Horien artean zegoen udako oporren hutsuneak betetzea, CCOO sindikatuak azaldu duenez.


Leire Martinez, Equala berdintasun aholkularitza
“Zaila egiten zaio gizarteari onartzea albokoa izan daitekeela erasotzailea”

Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.


Tomasita Quiala, munduko “bertsolari” txapelduna

Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]


B hepatitisaren kontrako txertoaren garrantzia azpimarratu du NOPLOIk

2023tik 2024ra erregistratutako kasuak aztertu ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Arreta berezia jartzen dute haurtzaroan, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta errazagoa delako hepatitisa kronifikatzea.


Eguneraketa berriak daude